Zornotzako Barnetegiak 20 urte

Bizkaie! 2012-09-28 14:45   Euskerea berbagai

Zornotzako Barnetegiaren jarduna, batez be, euskera eskolak emotea izan da zabaldu zanetik, eta 20 urteotan handik pasau diran ikasleak 20.000tik gora dira.

20 urte bete dira Zornotzako Barnetegiak ateak zabaldu zituala, 1992an, hain zuzen be. Ordutik hona Aurten Bai Fundazinoaren esku egon da kudeaketea, etxea, izatez, Eusko Jaurlaritzearena bada be.

Urteurrena ospatzeko ekitalditxua izan zan bart, 20 urteotan bidelagun izandako lagun danakaz -lankide, ikasle, proiektu-kide, aholkulari, bezero zein hornitzaile danakaz. Ekitaldian lau hizlari izan ziran: Blanca Urgell, Kultura Sailburua; Joxe Joan Gonzalez Txabarri, HABEren lehenengo zuzendaria, beragaz hasi zalako 20 urteko ibilbide hau; Iñaki Uribe, HABEren oraingo zuzendaria; eta Mikel Etxebarria Aurten Bai Fundazinoaren Lehendakaria.

Zornotzako Barnetegiaren jarduna, batez be, euskera eskolak emotea izan da zabaldu zanetik, eta 20 urteotan handik pasau diran ikasleak 20.000tik gora dira. Euron artean arlo askotako jentea: politikariak zein etxekoandreak, musikariak zein suhiltzaileak, erizainak zein hizkuntzalariak, ikasleak zein irakasleak, lanbakoak zein enpresariak, bertokoak zein atzerrikoak… Eta guztiei zor deutsegu urte honeetan guztietan lanean jardun izana.

Eskaintza nagusia barnetegia dan aldetik, ikastaro trinkoak izan dira, egunean sei ordukoak: neguan hilebetekoak gitxi gorabehera (astegoienetan ez dago eskolarik) eta udan bi astekoak (astegoienak barne). Eguneroko eskola ordu arautuez gan kanpo-ekintzak dagoz euskerearen erabilerea indartuz eta hizkuntza ohituretan eraginez ikas prozesuan aurrera egiten jarraitzeko. Kanpo ekintzen artean, ikasleen interesgune eta zaletasunetara hurreratzeko esku-lanak, jantza ikastaroak, yoga, bertsogintzea, sukaldaritzea, bisita gidatuak, kirolak, mendi urteerak…

Hasierako urteetan hilean 140 ikasle inguru izaten ziran, orain kopurua apalagoa bada be: hilean 75 inguru neguan eta 90 inguru udan. Baina ikastaro trinkoak ez dira eskaintza bakarra, bestelako iraupen eta moldeko ikastaroak be badira, eta, gero eta gehiago dira antolatzen diran helburu berezietarako ikastaroak, berbarako, 4. mailako ikastaroa edo bestelako probak preparetako ikastaro bereziak. Gainera, eta egungo garaietara egokituz, ikastaroak on-line egiteko aukerea be badago.

Zornotzako Barnetegiaren jarduna ez da etxe honen hormen artera mugatzen, izan be, gizartearen beharrizanak aldatzen doazela eta, gero eta sarriago emoten ditue asmo berezietarako ikastaroak barnetegitik kanpora, ikasleen lanlekuan bertan: Galdakaoko Ospitalean erizaintza eta administrazino arloko langileei; Euskaltelen langileei zuzendutako euskera eskolak eta interbentzinoak; Bizkaiko Aldundian langileen artean euskerearen erabilerea sustatzeko interbentzinoak; ikastetxeetan, eskolaz kanpoko ekintzetan euskera eskolak eta irakasleentzako ikastaro bereziak; bakarkako eskolak…

Bestelako proiektu askotan be parte hartu da: euskerea etorkinentzat on-line; BOGA euskara Internet bidez ikasteko sistema multimedia, egun HABEK erabilten dauena; Larramendi euskaltegi eta irakasleei zuzendutako programa informatikoa, eskolak programetako tresnea; CiBERBIBLIO euskeraz formatu digitalean argitaratutako materialen aurkibidea.

Horrezaz gan, Euskara Munduan programearen lehenengo aztarnak Zornotzako Barnetegiaren jardunean errotuta dagoz. Holan, Zornotzako Barnetegitik zuzendu ziran Argentinan, Boisen eta Polonian antolatutako euskara eskolak.

Etxea, esan bezela, Eusko Jaurlaritzearena da eta mobikortasun mugatua dauen edonorentzat egokituta dago. Berton, gainera, barne gelditzen diran ikasleek behar dituen baliabide eta azpiegitura guztiak dagoz: 14 ikasgela, 2 liburutegi txiki, aretoa, egongelea, 2 irakasle-gela, beste 4 bulego txiki, 32 logela, jangelea, sukaldea, tabernea, garbitegia…

Aurrera egiteko aparteko garrantzia emoten deutsie teknologia berriei, eta arlo horretan egindako ahaleginaren erakusgarri dira ikasgeletako arbel digitalak, ikasleek eskura dituen ordenagailuak, eta, jakina, etxe osorako wifi sarea. Horregaz batera, ezinbestekotzat joten dabe irakasleen etenbako prestakuntzea.

Amorebieta-Etxanoko erdigunetik minutu gitxira dago eta autoz hurreratu ezkero, aparketako arazorik ez dago, 100 bat autorentzako lekua dagoalako; oinez 20 minutu ingurura dago. Erdigunean ez egotearen alde onak ditu, izan be, ingurua zoragarria da eta bertatik ibilalditxuak egiteko dituan aukerak zoragarriak dira.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu