'Euskararen Herri Hizkeren Atlasa'-ren IV. liburukia argitaratu dau Euskaltzaindiak

Bizkaie! 2012-09-27 15:33   Euskerea berbagai

Euskararen Herri Hizkeren Atlasa-ren IV. liburukia argitaratu dau Euskaltzaindiak. Aurkezpena bariku eguerdian egin dabe, Iruñeko Kondestablearen jauregian. Kontzeptu ugari bildu eta landu ditue, arlo biren ganean: etxe-abereak eta etxea bera.

Euskararen Herri Hizkeren Atlasa-ren IV. liburukia argitaratu dau Euskaltzaindiak. Aurkezpena bariku eguerdian egin dabe, Iruñeko Kondestablearen jauregian. Kontzeptu ugari bildu eta landu ditue, arlo biren ganean: etxe-abereak eta etxea bera.

Aurkezpenean Andres Urrutia euskaltzainburua, Xabier Egibar Euskadiko Kutxako Negozio Garapeneko zuzendaria, Maximino Gómez Euskarabidearen zuzendari kudeatzailea eta Adolfo Arejita EHHA-ren zuzendari akademikoa izan dira.

Liburukiaren lehenengo partea hainbat etxe-abereri eskainia dago (txarriak, hegaztiak, txakurrak, erleak) eta bigarren partea, batez be, etxearen esparruari jagoko. Adierazi daben lez, laugarren liburuki honek 260 galderaren erantzunak batzen ditu -inkesta osoaren 2.857 galderetarik, inkestaren 27tik 35era bitarteko gaietakoak, hain zuzen. Baserri-etxea eta etxe-abereak osotzen dabe funtsean galdetegia: txarria, hegaztiak, txakurra, erlea; baserria, etxea, teilatua eta zureria, etxearen zatiak, eta altzariak. Euskal gizartearen tradizinoko egoitzearen eta bizimoduaren inguruko alderdi batzuk, beraz.

Liburukiaren lehen partea, etxe-abereei eskainia dago: txarriak, hegaztiak, txakurrak, erleak. Txarriaren gaiak arlo zabala hartzen dau, tradizino gizartean goren mailako elikagaia izan baita txarria. Txarriaren izenak, zenbait fenomeno biologiko edo naturako, txarria dagoan lekua, txarri-hilte prozesua, txarri barruko parte ezagunenak, elikagaiak... jaso dira.

Etxeko hegaztiei jagokena da bigarrena. Oilo-oilarren, handi-txikien izenak, parte biologikoak, prozesu biologikoak, produkzinoak. Ganerako hegazti batzuk be aitatu dira: antzara, ahatea, usoa eta beste batzuk.

Etxe-abere txikien artean, munta gitxiagoko batzuen ondoan (untxia), txakurrek eta katuek, eta baita ere erleek toki handia hartzen dabe. Azkenik, abereetan ar-emeen izen generikoak batzen dira.

Liburukiaren bigarren partea, batez be, etxearen esparruari jagoko. Populatze-mota diferenteak: herria, eleiz inguruko etxe-multzoa, auzoa eta baserria bereizten dira batetik. Etxe edo eraikuntza tipoak be jaso dira, baita biztanleen jabetza-mailak, etxearen parte nagusiak: etxegintzako prozesuak, materialak, etxearen estalkiak, kalteak eta barritze-lanak edota egitura nagusiaren osogaiak be. Etxearen barru-banaketea eta etxe barruko altzariak be aztertu dira. Eta azkenik, etxearen erdiguneari, sukaldeari atxikitako suaren gaineko prozesuak.

Hizkuntzearen ahozko aldaera desbardinak mapetan agirian emoteko asmoz egiten dira hizkuntza atlasak. Holan, Euskararen Herri Hizkeren Atlasak (EHHA) ahozko euskerearen aldaerak mapetan jasotea dau helburu, bai eta kultur ondarea berreskuratzea eta zabaltzea be. Euskaltzaindiak 1983an onartu eban egitasmo hau.

Galdeketa puntuen sarea, galderak eta lan metodologia finkatu ondoren, 1987an hasi zan Akademia inkestak egiten. 145 herri aukeratu ziran galdeketarako: 36 bana Bizkaian eta Gipuzkoan, 27 Nafarroan, 18 Nafarroa Beherean, 15 Lapurdin, 12 Zuberoan eta 1 Araban. Eginiko inkestekaz 2.400 zinta grabau ziran. Euskaltzaindiak batuta dituan grabazinoak 4.000 ordutik gora dira.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu