Bihotza edegiteko deia egin deutsee mintzalagunek ganerako euskaldunei

Bizkaie! 2012-09-24 18:03   Euskerea berbagai

Gaur egun, 5.000 lagun dabilz mintzapraktika programetan parte hartzen, 65 herri eta eskualdetan. Astean ordubetez, aisialdian euskeraz berba egiteko laupabost laguneko taldeak osotzen ditue.

Gaur goizean 2012 urteko Mintzapraktika egitasmoak aukeztu ditue Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean. Bertan izan dira Topagunea Euskara Alkarteen Federazinoko zuzendaria, Jasone Mendizabal; Topaguneko Mintzapraktika egitasmoetako arduraduna, Arrate Illaro; eta Soraluzeko Pil-Pilean Euskara Elkarteko Arrate Gisasola.

Prentsaurrekoan aurtengo izen-emote kanpainako bideoa aurkeztu da. Mihiluze saioko Ilaski Serranok eta Kike Amonarrizek hartu dabe parte kanpainan, hainbat egitasmotako berbalagunakaz batera.

Jasone Mendizabal Topaguneko zuzendariak azaldu dauenez, aurten mintzapraktikan izena emoteko kanpainearen bidez maitasun autorpen bat egin nahi izan dau federazinoak. Maitasun adierazpen bat, azken hamarkadatan euskaldunon mundura hurreratu eta mundu honetako parte izateko hautua egin daben guztientzako, hautua egiten dagozanentzako. Eta maitasun adierazpen bat, era berean, euskaldunon komunidadeko kide izanik, komunidadea handitu eta lagun barrientzako bidelagun lana egin daben eta egiten dabenentzako. Hori baitira mintzapraktika egitasmoak, euskaldunok alkarregaz egoteko eta komuniketako sortutako alkarguneak. Maitasunetik sortutako espazioak; hizkuntzeagazko maitasunetik.

Eta gune horreetan esker ona da nagusi. Euskeraz biziteko ahalegina egitea erabagi dabenek euskaldunon komunidadean bidelagun diranakazko esker ona; eta euskeraz bizi garenok, geugaz batera biziteko hautua egin dabenakazko esker ona.

Topaguneko mintzapraktika egitasmoetako arduraduna dan Arrate Illarok, egitasmoei buruzko datuak emon ditu ondoren. Gaur egun, 5.000 lagun dabilz mintzapraktika programetan parte hartzen, 65 herri eta eskualdetan. Astean ordubetez, aisialdian euskeraz berba egiteko laupabost laguneko taldeak osotzen ditue.

Mintzalagun gehienak uriburuetan edo herri handietan kokatzen dira. Iruñerrian, esaterako, 420 mintzakide egon dira aurten, Gasteizen 620, eta Getxon 270. Herriaren arabera, berbalagun, solaslagun, mintzakide edo solaskide izenak be hartzen ditue mintzalagunek.

Lehen mintzalagun taldeak Bagera Euskara Alkarteak sortu zituan, 1993an, Donostian. Ordutik, mintzalagunak Euskal Herri osora zabaldu dira. Azken bost urteetan, Eusko Jaurlaritzeagaz egindako alkarlana tarteko, gorakada nabaria izan da, 2.000 lagunetik gaur eguneko 5.000 mintzalagunetara heldu arte. Datorren urtea, beraz, berezia izango da mintzalagunentzat, programek 20 urte beteko dituelako.

Izena emoterako orduan mintzalagunen motibazino nagusia euskeraz gehiago berba egitea da. Horrezaz gan, euskera maila hobetzea, euskeraz bizi nahi izatea edo euskerearen alde ekarpena egitea be arrazoi indartsuak dira.

Arrate Illarok adierazo dauenez, aurten e-mintzapraktika aldaereari bultzadea emon gura deutso Topaguneak, izan be, internetek etxetik Euskal Herriko zein munduko beste puntako euskaldunakaz euskeraz berba egin ahal izateko aukerea emoten dau.

Pil-pilean euskera alkarteko Arrate Gisasolak, kanpainan parte hartzen daben ganerako alkarteen ordezkari lez berba egin dau. Bere esanetan, igaz Soraluzen hasitako sustapen lanari esker, loraldi polita izan dau berbalagun egitasmoak. Gaur egun, 25 kide dagoz programan eta euren ekimenak herria koloreztatu dauela ziurtatu dau. Horreetako batzuk aurtengo kanpainearen euskarrietan aktore lez agiri dira.

Izena emoteko beharrezko informazinoa, herriko euskera alkartean edota www.mintzapraktika.org webgunean topau daiteke.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu