Bilbok VI. Bilboargazki jasoko dau urrian
2012-09-24 14:28 KultureaEstaduko eta atzerriko argazkilarien zortzi erakustaldi, oso estilo eta gai anitzetakoak, bisitau ahal izango dira gure uriko hainbat lekutan, urriaren amaiera bitartean, Euskal Herriko Argazkilari Taldeen Alkarteak bultzatzen dauen eta BBK Fundazinoak laguntzen dauen Bilboargazki 2012ren barruan.
Estaduko eta atzerriko argazkilarien zortzi erakustaldi, oso estilo eta gai anitzetakoak, bisitau ahal izango dira gure uriko hainbat lekutan, urriaren amaiera bitartean, Euskal Herriko Argazkilari Taldeen Alkarteak bultzatzen dauen eta BBK Fundazinoak laguntzen dauen Bilboargazki 2012ren barruan. Ekimenak Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailaren laguntza izango dau.
Aurten seigarren edizinora helduko dan, eta gure uria, hilebete batez, argazkigintzearen uriburu bilakatu nahi dauen programearen barruan, izen handiko zenbait artistagaz harreman zuzena be sartzen da. Artista horreen artean dagoz, besteak beste, Javier P. Fernández Ferreras — Argazkigintza Konfederazino Espainiarrak emoten dauen 2012ko Sari Nazionala— edo Carlos Serrano. Harreman zuzen hori, hastapen zein hobekuntza mailako argazkigintzearen hainbat alderdiri buruzko berbaldien eta tailerren bitartez lortuko da. Ohiko erakusketa lekuei aurten UPV/EHU-ko Paraninfoko Chillida Aretoa gehituko jake. Bertan, Bilbon bizi dan Alfonso Batalla argazki madrildar ezagunaren erakusketea egongo da.
Bilboargazki 2012ren programazinoa gaur goizean aurkeztu da Bilbon. Aurkezpenean egon dira Justo Ezenarro, Bilboko Udaleko Kultur Programazino zuzendariordea; Juan Armentia, Euskal Herriko Argazkilari Taldeen Alkarteko presidentea eta BBK Fundazinoko Gorka Martínez.
Bilboargazki, beste ezer baino lehen, argazkigintzeak, arte lez, eskaintzen dituan aukera zabalez jaubetzeko modu bikaina da, programautako erakusketetan egongo diran erreferentzia estetikoen eta edukien ugaritasun handiari esker. Oraingo honetan, banakako eta taldekako lanen zortzi erakustaldi izango doguz, hainbat estilotakoak, natura eta paisajea, gaueko argazkigintzearen magia, personearen sena bilatzen dauena edo ikuslea urruneko errealidadera eroango dauena, Indiara, Txinara edo Kubara, besteak beste, Roke Gezuraga, Chen Jiefa eta Santos Moreno argazkilarien lentearen bitartez.
Erakusketak
- Alfonso Batalla Res Nullius. Gauza bi dira azpimarragarri orain 25 urte baino gehiagotik Bilbon bizi dan artista honen lanean: lehenengoa, gauzen zahartzearen eta narriadurearen etenbako behaketea; bigarrena, behaketa horren modu argia eta zehatza, eta espazio hutsen, bizibakoen, bertan behera itxitakoen, ugaritasuna. Artista ohikoa da Arco lako arte garaikideko azoketan. Res Nullius lana UPV/EHU-ko Paraninfoko Chillida aretoan (Abandoibarra, 3) egongo da ikusgai, irailaren 27tik urriaren 14ra. Erakusketea irailaren 27an bertan inaugurauko da, arratsaldeko 19:00etan, eta egilea bertan egongo da.
- Argazkilari gazteak: Roke Gezuraga El ojo de Sarak. Erakusketa honegaz, Euskal Herriko Argazkilari Taldeen Alkarteak, sortzen dagozan artista gazteen lana ezagutarazoteko apustuari eusten deutso. Erakusketeak Indiako herritarren eguneroko bizitzako zenbait eszena erakusten dituen 20 argazki jasoten ditu, bertako jentearen gizarte baldintzen, errituen eta harremanen ikuspegia eskainiz, pobrezia ugari dan arren, umiltasuna, irribarreak eta biziteko gogoa nagusitzen diran herrialdearen sena galdu barik. Erakusketea urriaren 1etik 31ra bisitau ahal izango da Café Iruñan (Albiako lorategiak z/g), eta urriaren 1ean inaugurauko da, gaueko 21:00etan, egilea bertan dagoala.
- Javier P. Fernández Ferreras Retrospectiva 2005-2012. Argentinan jaiotako argazkilari euskaldun garrantzitsu honek, CEF 2012 Sari Nazionalaren irabazleak, azken urteetako argazki lan zabalaren ibilbidea aurkeztuko deusku. Gehien atsegin dituan gaiak erreportajea eta erretratua dira, kirola eta bodegoiak baztertu barik. Autodidaktea da argazkigintzan, eta nazino zein nazinoarte mailako sari ugari jaso ditu. Erakusketea urriaren 1etik 31ra bisitau ahal izango da UPV/EHU-ko Erakusketa Aretoan (Espainiako Bankua, 2). Urriaren 1ean inaugurauko da, arratsaldeko 19:00etan, eta egilea bertan egongo da.
- Chen Jiefa Miao Village. Erakusketan batu diran artista txinatar horren irudiak orain urtebete jaso ziran Guiyang-en, Guizhou probintzian. Miao, Dong eta Buyi izenekoak lurralde horretan bizi diran gitxiengo etnikoak dira. Miao herriak herri bakar izaten jarraitzen dau, bere ezaugarri nazionalak eta antxinako ohiturak dirala eta. Serie horrek Song dinastiaren orrazkerak eta jantziak eta milaka urte dituan kultura horren funtsa ezagutzeko aukerea emongo deusku. Espacio de Los Mundosen (Simon Bolivar, 17) egongo da urriaren 2tik 31ra.
- Carlos Serrano Nocturna. Ciudad Realen jaiotako artisteak gaueko argazkigintza ikastaroak emoten ditu Estadu osoan. Bere lana paisajeen, itsasoaren… argazkietan oinarritzen da batez be, esposizio luzeak erabiliz. Horrek egunsentiak eta arrastiriak eta gaueko argazkiak islatzeko aukerea emoten deutso. Nocturna erakusketea Burtsako udaltegian (Pilota kalea, 10) bisitau ahal izango da urriaren 1etik 15era, eta urriaren 5ean inaugurauko da, arratsaldeko 20:00etan. Artistea bertan egongo da.
- Alvaro Laiz eta David Rengel Ninja, fiebre del oro en Mongolia. Bi argazkilari gazte horreek, ahaztuez arduratzen dan An Hua GKE-aren sortzaileak dira, eta erreportajearen bitartez bidebako egoerak salatzen ditue. Urriaren 1etik 31ra bisitau ahal izango da FNAC-eko erakusketa aretoan (Urkixo Zumarkalea, 4).
- Santos Moreno Alma de Cuba. Santos Moreno, gehien bat jentea erretratetan dauen bidaiari nekaezina da, argazkigintzearen alor asko lantzen baditu be. 2004tik Nazino eta Nazinoarte mailako argazki erakusketetan hartzen dau parte, eta ehun sari baino gehiago jaso ditu. Kuban oinarritutatako erakusketea Barrainkuako udaltegian (Barrainkua kalea, 5) bisitau ahal izango da, urriaren 16tik 31ra. Urriaren 26an inauguratuko da, arratsaldeko 19:00etan, eta egilea ekitaldian egongo da.
- Argizaiola saria 2012. Euskadiko sariketa beteranoenetako batean aurkeztutako lanen aukeraketea. Argazki irabazlea eta hiru akzesitak jasoko ditu, eta baita lehiaketara aurkeztutako beste zenbait argazki be. Batzar Nagusietako erakusketa aretoan (Hurtado de Amezaga kalea, 6) egongo da ikusgai, urriaren 1etik 31ra, eta urriaren 8an inaugurauko da, arratsaldeko 19:30etan. Irabazleak bertan egongo dira: Oskar Gascón, Juan A. Palacios eta Gerardo García.
Berbaldiak eta tailerrak
Zortzi erakusketa horreekaz batera, Bilboargazkiren programazinoa berbaldi ziklo bategaz eta argazkigintzeari buruzko hiru tailerrakaz osotzen da. Lehenengo berbaldia, Euskal Herriko Argazkilari Taldeen Alkarteak, BBK Fundazinoaren laguntzaz, argitaratzen dauen Fotógrafos vascos bildumako zazpigarren liburukiaren aurkezpenean oinarrituko da. Oraingo honetan, liburukia Alfonso Batalla argazkilariaren lanari eskainiko jako, eta, zehatzago esanez, Res Nullius egitasmoari. Ekitaldia irailaren 27an egingo da, arratsaldeko 19:00etan, UPV/EHU-ko Paraninfoko Chillida Aretoan.
Horrezaz gan, argazkigintza zaleek euren esperientziak trukatzeko aukerea izango dabe Javier Fernández Ferrerasek, Carlos Serranok eta Santos Morenok emongo dituen hiru berbaldietan. Amaitzeko, urriaren 8an, Batzar Nagusietako erakusketa aretoak solasaldia jasoko dau 2012ko Argizaiola Sariaren irabazleakaz.
Argazkigintza tailerrak be ohiko jarduera dira Bilboargazkiko programearen barruan. Maila aurreratueneko bi tailerrak, edizino honetan konbidautako bi argazkilariek eskainiko ditue. Carlos Serranok gaueko argazkigintzeari buruzko saio teorikoa eta praktikoa eskainiko dau urriaren 5ean eta 6an. Santos Morenori jagokonez, ukipen eta edizino digital aurreratu tekniketan oinarrituko da. Tailerra urriaren 27an eta 28an eskainiko da.
Beste alde batetik, aurten be umeei (8 eta 13 urte artekoei) zuzendutako argazkigintza hastapeneko ikastaroa izango da. Izen-emoteak 25 euroko kostua dauka, eta prezio horren barruan, 5 MB-ko argazki kameraren oparia eta urriaren 21ean Bilboko Alondigan, goizeko 10:30etik aurrera, eskainiko dan hiru orduko ikastaroa eta argazkiak egiteko urteera bat sartuko dira. Ondoren, ataratako argazkiak Euskal Herriko Argazkilari Taldeen Alkartearen webgunetik jaitsi ahal izango dira.
Tailer guztietan parte hartzeko izena emoteko epea zabalik dago, eta www.bilboargazki.com webgunearen bitartez egin ahal izango da.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!