Sorollak areto monografikoa dauka Bilboko Arte Eder Museoan
2012-09-24 12:46 KultureaHasierako aurkezpenerako, 7 pintura hautatu dira 25. aretorako, eta nabarmentzekoa da pieza horreetako 5 sano adierazgarriak dirala, Joaquín Sorollak (Valentzia, 1863—Madril, 1923) Euskadin egindako egonaldietan margotutakoen barruan.
Bilboko Arte Eder Museoak Joaquín Sorolla margolariari eskainitako areto monografiko bat zabaldu dau, pintorearen bildumetako 22 margolan gordailu modura utzi dituen partikularren lankidetza eskuzabalari esker. Gordailu modura jasotako obrei esker, Sorollaren lanen sorta hautatua modu iraunkorrean ikusi ahal izango da museoaren eraikin zaharreko lehen pisuko aretoetan, XX. mendearen lehenengo hamarkadetako obrei eskainitakoetan; berez, 3 urterako sinatu da hitzarmena, baina luzatu egin daiteke. Hasierako aurkezpenerako, 7 pintura hautatu dira 25. aretorako, eta nabarmentzekoa da pieza horreetako 5 sano adierazgarriak dirala, Joaquín Sorollak (Valentzia, 1863–Madril, 1923) Euskadin egindako egonaldietan margotutakoen barruan.
Multzo horregaz, osotu egingo da museoko bilduman lehendik egoan Sorollaren ondarea, 3 koadro adierazgarri batzen dituana –Erlikiari musu ematen (1893) (18. aretoa), Mañanós pintorearen erretratua (1903) (19. aretoa) eta Unamunoren erretratua (1912 ing.) (29. aretoa)–, eta XIX. eta XX. mendeen arteko espainiar margolaritzako artista handienetako baten obraren sorta hautatu oparoa eratu ahal izango da. Horrezaz gan, azpimarratzekoa da garai bereko beste euskal artista batzuek be badituela hainbat erakusgarri museoan, batez be, Ignacio Zuloagak (Eibar, Gipuzkoa, 1870–Madril, 1945): 8 lan aitagarri ditu museoak, baita hainbat marrazki be, eta Festako biktima (1910) mihise ezaguna, New Yorkeko Hispanic Societyk gordailu modura itxita. Sorolla eta Zuloaga garrantzi handiko personaiak izan ziran mende arteko garaian: harrera bikaina egin eutsien kritikak, eta nazinoartean ospe handia izan eben, Parisen, Berlinen, Londresen edo AEBetan egindako erakusketak lekuko.
Sorolla, Euskadin
1889an ezagutu eban Sorollak Euskadi, Erromako euskal artisten kolonia ugariagaz alkartu ondoren uri haretatik itzulerako bidaian etorrela. Parisen geldialdia egin, eta, gero, egun batzuk igaro zituan Donostian. Haren biografian goiz gertatu zan lehen topaketa hori, eta, ordutik, 1910era arte, egonaldi labur ugari egin zituan Euskadin, betibe, Pariserako bidean; egonaldi horreetan, oharrak hartu eta formatu txikiko obrak margotu zituan gehienbat. Kantauriko kostaldean, hegoaldeko hondartzetakoen oso bestelako argi hezea eta kolore berde eta grisak topau zituan egileak. Horrezaz gan, garai haretan, Isabel II.a erreginak udaldiak Zarautzen igarotea erabagi eban, iparraldeko hondartzetan finkatu eben udako egoitza errege familiak, aristokratek eta goi burgesek; eta, holan, Sorollak, udako aisiako giro dotore eta fin harek eskaintzen eutsozan gaiak ez eze, bezeria oparoa topau eban hemen, bere obrak ikusteko eta erosteko gogoz egoana. Ordutik, margolaria hainbat aldiz itzuli zan, familiagaz, ia beti.
1906ko udan, Biarritzen eta Donostian izan ziran, eta hondartzak eta kostaldeko irudiak margotzen jardun eban artisteak. 1910ean, Zarautzera bidaia egin, eta hondartzan irudikatu eban Sorollak bere familia; ganera, eguraldi aldakorrak horretara bultzatuta, taberna barruko irudiak be landu zituan, arrantzaleak edanean agiri dituen obrak, batez be. Hain zuzen be, aitatzekoak dira hemendik aurrera museoko 25. aretoan ikusgai izango diran gordailuko Mozkorra, Sardinak erretzen eta Sagardo-edalea.
1911n igaro eban lehen udaldia Donostian, San Luis eta Chicagotik itzulita, New Yorkeko Hispanic Society alkarteak antolatutako bigarren erakusketa ibiltari arrakastatsuaren ondoren. 1912an, garagarrileko lehen hamabostaldia Biarritzen egin eban, New Yorkeko Hispanic Society of America alkartearen sortzaile Archer M. Huntingtonen eta haren emaztearen erretratuak margotzen. Ganerakoan, Donostian emon eban udea, nahiz eta handik joan-etorriak egin zituan Erronkari aldera, hango personaien zirriborroak lantzera, Hispanic Society alkartearen Nafarroari buruzko panelerako. Urte bereko iraileko lehenengo hamabostaldian Bizkaian ibili zan margotzen, Lekeition, hain zuzen.
1913ko irailean, Donostiara bidaia egin eban barriro eta Alfontso XIII.a erregeagaz alkartu zan. 1914an be izan zan Donostian, familiagaz; orduan amaitu eban –Bola-jokoa, Gipuzkoa– koadroa, Hispanic Societyrentzat egindako Euskadiri buruzko lana. 1917ko udea be Donostian igaro eban, familiartean: Villa Sorollan, Donostiako Igeldo mendiaren magalean, itsasargiko bidean. Baita hurrengo udea be, oharrak batzen eta hondartzako eta uriko irudiak margotzen; gainera, kai muturraren ikuspegiak be landu zituan, Ulia mendia atzean dala. Hain zuzen be, hogei bat obra itxi zituan gai hori ardatz dabenak: itsasoaren eta kostaldeko paisajearen askotariko aldaerak.
1920 eta 1921eko udetan, familiak eroan eban margolaria Villa Sorollara, oso gaixo egoalako ordurako. Hareek izan ziran azken udak: 1923an hil zan, bere alaba Mariaren etxean, Cercedillan (Madril).
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!