Ruth Linaza: 'Sokatiran babes eta diru-laguntzino faltea dago'
2012-09-24 11:36 BarriketanEuskal Herriko eta Munduko sokatira txapelduna
Ruth Linaza lemoaztarra, Euskal Herriko eta Munduko sokatira txapelduna Gasteizko Badaiotz sokatira taldean dabil azkena aldion eta herri kiroletatik salto egin ostean, bederatzi urte daroaz sokatiran. Euskal sokatiralariak munduko onenen artean egon arren, babes eta laguntzino gitxikoa eta komunikabideetan be tarte gitxi hartzen dauen kirola da.
Kontuak kontu, aurten Eskoziako munduko txapelketan, Txinako selekzinoko ordezkariek emakume sokatiralari baten historia kontauko dauen Tug of war filman parte hartzeko konbita luzatu eutsien Badaiotzeko emakumeen taldeari eta irailaren amaieran Taipeira bidaia egingo dabe film horretan parte hartzeko. Gure sokatiralarientzat esperientzia berezia izango dan horrezaz eta sokatiraren ganeko kontuak jorratzeko Ruth Linaza konbidau dogu.
1.- Gasteizko Badaiotz sokatira taldeko neskak Taiwanera zoazie hilaren amaieran, emakume sokatiralari baten istorioa kontauko dauen filman parte hartzeko asmoz. Nondik nora sortu zan hau guztiau?
Eskozian, Perth urian jokatu zan munduko txapelketea aurtengo zezeilean eta argazki baztuk eskatzeko Txinako selekzinoko arduradun bategaz hartu-emonetan jarri nintzanean, txinatar emakume sokatiralari baten gorabeherei buruzko film baten grabazinoaren barri jaso neban. Sano interesgarria begitandu jatan eta jakinminez galdera batzuk egin neutsozan. Gustora emon eustazan azalpenak eta ez hori bakarrik, ze filmaketa lanetan ia parte hartu gura neban esan eustan. Zur eta lur geratu nintzan baina hortxe hasi zan hau guztia. Proposamena oso interesgarria izan arren, gu talde txikia ginala, aurrekontu gitxikoa eta Txinara bidaia egitea ezinezkoa zala esan neutson baina gastuak euren kontura izango zirala esan eustan. Abuztuaren erdialdean edo produktorako neska bat jarri zan nigaz hartu-emonetan eta azken orduko kontu guztiak zehaztu eustazan. Kontua da ze hilaren 27rako daukaguzala hegazkinerako txartelak.
2.- Ba al dakizue zein eszenatan edota zein egoeratan filmauko dituen zuon irudiak?
Zehatz ez dakit, esan deuskuena da 2010ko Italiako mundialean munduko txapelketea irabazi eban taiwandar tiralari baten ingurukoa izango dala filma. Zhang Ba Rui da zuzendaria eta filmaren izenburua, barriz, Tug of war. Produkzino etxea Ha Ke Media Co, Ltd. da. Asko gehiago ez dakigu, berbarako, grabaketa lekua: Taiwaneko Taichung-eko Feng Chia University izango dala.
Munduko txapelketetan munduko nazino desbardinetako kirolariak egoten gara eta zorionez Euskal Herriko neskak be polito gabiz, txinatarrak kategoria batean eta gu beste batean txapeldunak gara eta sari horren ondorioz jaso dogu konbita.
3.- Txinako sokatira selekzinoa munduko indartsuenetakoa da. Izan al dozu aukerarik txinatarren kontra lehiatzeko?
Bai. Taipeiren kontra lehiatu izan gara. Badaiotz taldeak ez dau nazino mailan, Euskal Herriaren izenean parte hartzen, talde moduan baino. Txinak, barriz, nazino mailan, selekzino moduan baino ez dau parte hartzen eta euren kontra ez gara lehiatu baina Txina ekialdean dagoan Taiwan ugarte independenteko uriburu dan Taipeiko taldeak gugaz parte hartzen dau, profesionalak dira, ikasleak dira baina sokatiratik bizi dira. Sokatiraren elitea han dago, Txinan, Taiwanen eta Japonian.
4.- Euskal Herrian maila handia dagoan arren, sokatiratik bizitea ezinezkoa da...
Bai. Atara kontuak, Bizkaian, berbarako ez dago nesken talderik, arazo handiak dagoz Laukizen be taldea osotzeko. Ni neu lemoarra izanda, Gazteizko Badaiotz taldean nabil eta joan-etorriak nire kontura izaten dira. Kanpora txapelketetara joaten garenean be gure boltsikotik pagau behar izaten doguz gastuak eta, beraz, irabazi beharrean, dirua galdu be egiten dogu. Diru-laguntzinoen bitartez zeozertxu izaten dogu eta ikuskizunetarako eta deitzen deuskuenean, hortik be zeozertxu ataraten dogu baina gauza gitxi.
5.- Bederatzi urte daroazuz sokatiran eta Euskal Herriko eta Munduko sokatira txapelduna be bazara. Zer emoten deutsu sokatireak, zergaitik zabilz sokatiran?
Bai munduko txapeldunak izan ginan 2004an, 2008an eta aurten be bai. 2010ean, txapeldunorde izan ginan. Kirol arloan sano betegarria da hori baina sokatira biziteko modua da niretzako. Talde baten zagoz, entrenamentu gogorrak egin behar dozuz, sakrifizioa da duda barik baina azkenean, biziera bat da, lagunarte bat. Giro aparta daukagu, taldekideak eta lagunak be badaukadaz tartean eta horixe emon deust sokatireak, ez da gitxi. Sokatiran egitea erraza da talde baten sartzen zarelako eta jenteak babestu egiten zaitualako eta akulukadea be emoten deutsuelako behar izaten danean...
6.- Zure kasuan lez, herri kiroletatik egiten dau salto jenteak sokatirara?
Ez dakit. Nire kasuan holan izan zan. Lehenengo trontza munduan hasi nintzan eta hor nenbilela Jon Lapazaran entrenatzailea ezagutu neban eta berak animau ninduan sokatiran hasteko. Orduan Gasteizen nengoan ikasten eta bertan Badaiotz taldea baegoala esan eustanean, sokatiran hasi nintzan. Honezkero bederatzi urte daroadaz eta oso gustora nabil.
7.- Badaiotz Gasteizko sokatira taldea da. Zenbat jente zabizie?
Denporaldi hasieran gagoz oraintxe eta aurten 10-12 bat egongo garela pentsetan dot. Nesken taldea gara eta gorabeherak be izan leitekez kontuan izanda, neskak garela, umeak eukiteko sasoian gagozala eta urte batetik bestera ohikoa izaten da bat umedun geratzea, besteak umea izatea eta holako gauzak. Edozelan be, sokatirarako zortziko taldea behar izaten da eta, beraz, denporaldiari aurre egingo deutsagula uste dot.
8.- Zelako entrenamentuak egiten dozuez?
Negua gogorra izaten da, entrenamentu fisikoak hor egiten doguzalako; ganera, gosea be pasetan dogu ze pisu kategoria desbardinetan lehiatzen gara eta dieta egin behar izaten da. Ganerakoan, goma gainean ibilten gara gu eta hemetik aurrera hasiko gara sokako entrenamentu saio bereziak egiten. Orain arte lan fisikoa egiten ibili gara, pesak, korrika eta holan eta orain sokeagaz tiraldiak egiten eta hasiko gara. Izan be, zemendian lauko Euskadiko txapelketea hasiko da eta horri begira astean bi-hiru bider egingo dogu sokako lan espezifikoa.
9.- Lurgainean, goma gainean edo asfaltoan sokatiran egin, alde handia egongo da...
Nik neuk lurgainean sekula ez dot egin baina egia da lurgainean edo goma gainean oso desbardina dala sokatirea. Teknika diferenteak erabilten dira, lurgainean tiraldi luzeagoak egiten dira normalean eta goma gainean, barriz, teknikea eta taktikea oinarrizkoak dira. Indarra, jakina, kasu guztietan behar da, ondo apliketan dan indarra ze besoakaz baino gehiago, gerriz behera egin behar da indar handia, bernakaz egin behar da indarra. Sokea hartzeko gorputza zelan kokatzen dogun be garrantzitsua izaten da.
10.- Euskal Herrian sokatirazale eta talde asko dagoz, Gaztedi, Goierri, Leioa, Abadiño, Mutriku... Komunikabideetan, barriz, gitxi entzun eta irakurten da sokatiraren ganean. Zergaitik?
Ez dakit zergaitik dan baina tristea. Sokatira arloan sekulako maila dago hemen bai nesketan eta bai mutiletan, munduko txapelketak eta beste maila bateko lehiaketak irabazten doguz, ez dakit zer gehiago egin behar dan... Datu lez esango deutsut aurten Eskozian egindako munduko txapelketan hemengo kazetari bakarra egon zala. Nik badakit krisiak be eragina izango dauela baina oso deigarria izan da kazetari bakarra egote munduko txapelketa batean eta gurean dagoan mailea kontuan hartuta. Futbolak, saskibaloiak, txirrindularitzea eroaten ditue diru-laguntzinoak eta gurea lako kirolentzat ez dago babesik, ezta diru-laguntzinorik be. Eta diru kontuak aparte itxita, tristea da komunikabideen jarrerea be, izan be, sokatiralarioi eta, oro har, sokatireari ez deutse jaramonik egiten.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!