Euskereak beteko dau Bilboko Alondigea hilaren 25ean, I. Berbaguneari esker

Bizkaie! 2012-09-21 15:44   Euskerea berbagai

Euskaldunak, taldeka, mahaiaren inguruan batu eta alkarregaz berbetan ipintea da Berbagunearen funtsa, holan, euskerearen erabilereari bultzadea emoteko. Bilboko erdigunean egingo dabe Berbagunearen lehenengo ekitaldia, uriburuan be euskerearentzako lekua badagoala erakusteko.

Euskaldunak, taldeka, mahaiaren inguruan batu eta alkarregaz berbetan ipintea da Berbagunearen funtsa, holan, euskerearen erabilereari bultzadea emoteko. Bilboko erdigunean egingo dabe Berbagunearen lehenengo ekitaldia, uriburuan be euskerearentzako lekua badagoala erakusteko. Egun osoko solasaldia izango da datorren martitzenekoa, txandaka antolatuta, eta euskaldun guztiak parte hartzera deitu ditue. Bilboko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak eratu dabe Berbagunea, enpresa pribadu batzuen babesagaz eta euskaltegien kolaborazinoagaz.

Datu barrienek dinoenez, euskerearen ezagutzea gora doa Bizkaian eta, erabili be, gero eta gehiago erabilten da, batez be esparru formalean, azaldu dau Miren Dobaran Bizkaiko Foru Aldundiko euskera zuzendariak, etxean, seme-alabakaz be, guraso askok euskerearen aldeko apustu sendoa egin dabe eta ahalegin horri jarraipena emon gura deutsagu. Izan be, erabilerea ez da ezagutza beste igon joan diran urteotan eta Berbaguneagaz, euskerea kalera atara gura dabe, berba egiteko espazioa sortu. Azken finean, euskerearen normalizazino prozesuan beste pausu bat da, azaldu dau Sabin Anuzita Bilboko Udaleko euskera zinegotziak.

Hizkuntzak ikasi ez eze, erabili egin behar dira, biziko badira. Euskeraz ikasi eta berba eginda, danon artean babestuko dogu geure hizkuntzea, azpimarratu dau Anuzitak, euskerea bizirik dago erabilten dalako. Horregaitik, irailaren 25ean Bilboko Alondigara hurreratzeko deia egin deutsie euskaldun guztiei. Goizeko 9:30etik 14:00etara eta gero, arratsaldez, 17:30etik 19:00etara egongo da horretarako aukerea. Dana dala, gizarte talde askok, euskalgintzako eragileek, ikastetxeek, euskaltegiek, kirolari ezagunek eta erakunde publikoek bat egin dabe ekimenagaz eta, beraz, parte-hartze zabala ziurtauta daukie dagoeneko.

Berbagunean 1.200 parte-hartzaile inguru espero ditue eta lau txandatan banatuko ditue, hiru goizean eta bat arrastian. Txanda bakotxean 300 lagun egongo dira, seinakako 50 mahaitan banatuta. Mahai bakotxean alkarrizketa bat sortuko da, euskeraz, eta moderatzaileen laguntzinoagaz. Lantzean behin, mahai aldaketea egingo dabe, talde barriak sortu eta solasaldietako gaiak aldatzeko. Eguneroko gaiez egingo da berba, zaletasunez, gizarte kontuez, euskereari buruz, kontua euskerea erabiltea da, azaldu dau Aitor Sangroniz Berbaguneko koordinatzaileak. Lehenengo txandetan, batik bat, Bilboko ikastetxeetako ikasleak egongo dira eta, azkeneko bietan, gizarteko eta erakundeetako izen ezagun asko hurreratuko dirala iragarri dabe. Giroa alaitzen, Julian Iantzi telebistako aurkezlea, Arkaitz Estiballes bertsolaria eta trikitilari taldeak ibiliko dira egun osoan Alondegian.

Era askotako jentea ezagutzeko eta eretxiak alkarbanatzeko aukera polita izango da, adierazo dau Miren Dobaranek. Edade guztietako pertsonak batuko dira, baldintza bakarra euskeraz berba egiteko kapaz izatea da. Euskaldun barri zein zahar, ikasle zein osterantzeko perfileko jentea, danak onartuko doguz, beti be euskerazko gitxieneko maila bat euki ezkero, zehaztu dau Sangronizek. Danon artean mantenidu behar dogu euskerea bizirik, Berbaguneari esker Bilbon euskereari bultzadea emongo jako, azpimarratu dau Anuzitak. Euskerea kalera atarateko asmoz sortu da, beraz, Berbagunea; Aitor Sangronizek esan dauenez, euskerea, batzeko tresnea izan daitela, herritarrek euskerea eta euskeraz konpartidu deiela.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu