'Bi arreba' ikuskizuna eskainiko dabe Andoni Egañak eta Xabier Lizasok, piano doinuak eta bertsoak buztartuz

Bizkaie! 2012-09-19 17:59   Bertsolaritzea

Andoni Egaña bertsolariak eta Xabier Lizaso piano-jotzaile oriotarrak Bi arreba ikuskizuna sortu dabe, bertso jarriak eta bat-batekoak eta Chopinen musikea buztartzen dituana. Estreinaldia zemendiaren 1ean izango da, Bilbon, Arteria Campos Eliseos antzokian.

Andoni Egaña bertsolariak eta Xabier Lizaso piano-jotzaile oriotarrak Bi arreba ikuskizuna sortu dabe, bertso jarriak eta bat-batekoak eta Chopinen musikea buztartzen dituana. Estreinaldia zemendiaren 1ean izango da, Bilbon, Arteria Campos Eliseos antzokian.

Chopin konpositorea eta Xenpelar bertsolaria dira ikuskizunaren ardatza. Garaikideak izan ziran biak, eta Estadurik bako nazinoetakoak, aurkezpenean Egañak esan dauen moduan. Antzekotasun horreek ez eze, Egañak azaldu dau detaile txiki batek eragin ebala biak buztartzeko txispazoa eta hortik datorrela, gainera, emonaldiaren izenburua be; biak hil ziran gazterik, biak gaixoaldi banaren ondorioz, bata 34 urtegaz eta bestea 39gaz. Eta heriotza orduan, biek izan eben ondoan arrebea.

Emonaldietan lau atal izango dira; batetik, Andoni Egañaren bertsozko kontakizun bat, Xenpelar nahiz Chopini buruzkoa. Xenpelarren bertsoak be izango dira Egañak kantau eta Lizasok lagunduta; eta Egañak okasinorako idatzitako beste batzuk be bai. Era berean ikuskizuna eskaintzen dan herriaren araberako ale batzuk be kantauko ditu zarauztarrak; inprobisau be egingo dogu Xabierrek eta biok, zelan ez dakigu, horixe da inprobisazinoaren maila gorena, ez jakitea zelan inprobisau behar dogun be. Azken batean, inprobisau barik bertsolaria ez da oso lasai geratzen, adierazo dau Egañak.

Lizasoren ustez, 'interesgarriak izango dira emonaldiak. Bi arreba ikuskizuna atontzen hasi arte, barriz, sekula ez eban hartu-emonik izan bertsolaritzeagaz, beti gogoko izan dauen arren. Lehengusu batek bertsoa eta pianoa buztartu eitekezala azaldu eutson eta horixe izan zan ikuskizuna sortzeko amua.

Kontuak kontu, zemendiaren 1eko estreinaldiaren ondoren, hurrengo emonaldia zemendiaren 22an izango da Andoingo Basteron. Abenduan, barriz, beste saio bi iragarri ditue: Bilbon, Deustuan, 12an eta Errenterian, Niessen aretoan, abenduaren 15ean.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu