Patxi Laborda: 'Lotsa eta bildurrak baztertu eta ausartago, zabalago jokatzen dogu'
2012-09-17 11:47 BarriketanAIKO musika eta jantza tradizionalaren mundua ezagutarazo, ulertu, ikertu, irakatsi, sustatu, bultzatu, garatu, herrikoitu, gizarteratu eta geureganatzeko sortua dan musika eta jantza maisuen talde bat da. Jantzan egiteko era tradizional eta naturala zabaldu nahi ditu, eta horregaz batera, jantzarako aukera eta gune barriak sortu; ikasteko bide atsegin, argi eta erraz bat, geure bizimoduari egokitua...
Aiko taldearen jardunaz eta orain lau urte abiatutako Dantzaldi Ibiltariaren aurtengo denportaldiaz zein oraintsuagoko Dantzagune eta ikastaro-erakustaldiez berba egiteko Laborda jn.a konbidau dogu, jantza maisu, koreografo eta txuntxuneroa.. Ikuskizun desbardinen gidoilari eta zuzendaria, jantzen berreskuratze edo birsortze prozesuetan aditua da. Neguko folklorean berzitua, hainbat lan egin ditu euskal jantzaz, neguko solstizioa eta aratusteak ardatz hartuta. Gaur egun Bilboko musika eskolako jantza maisu lanetan dabil.
Dantzaldi Ibiltariaren 2012-2013 denporaldia aurkeztu barri, Aikoren eskaintzaz eta jantzearen gorabeherez, honakoak kontau deuskuz Patxi Labordak:
1.- Jantza kontuetan nahikoa baldar eta lotsati ospea dogu euskaldunok ala mito bat da hori?
Ikuspegi bi dagoz gai horretan, geuk geure burua zelan ikusten dogun eta kanpokoek zelan ikusten gaituen, hain zuzen. Egia da euskaldunok baldar ikusten garela jantzarako baina kanpoan, barriz, jantzari onaren irudia daukagu. Dana dala, jantzarako baldar izatea edota jantzari ona izatea zer dan zehaztu behar dala uste dau Aikok, segurutik ikuspegia aldatu egin da ikuskizunak sortu diranetik; jantzari ona taula gainean ikusten doguna izaten da baina gero normalean, ez daukagu ezelako lotsarik ezkontza eta holako ospakizunetan pasodobleak eta danetarik jantzan egiteko. Testuinguruak zeresan handia dauka baldar eta lotsati sentsazinoak indartzeko edo baztertzeko.
2.- Aikoren webgunean, jantza maisu, koreografo eta txuntxuneroa zarela agiri da. Zehaztu eiguzu txuntxuneroa zer dan...
Ni neu nafarra izanik, Nafarroan txuntxuneroa dana Bizkaia aldean tanbolinteroa da. Tanbolina zan inportantea, jantzarako lagungarri edo osogarri eta guretzako tanbolina eta txistua jantzarako erabiltea da txuntxunero edo tanbolintero ofizioa, jantza, erritmoa ezagutzea, jantzak gidatzea musikearen bidez.
3.- Euskal jantzak bultzatzen denporatxua daroazue. Azken aldion igarri dozue susperraldirik?
Bai. Orain gitxi atara eben inkesta bat eta hor azpimarratzen zan euskaldunok gurago genduala jantzan egin, jantzak ikusi baino. Joera aldatu egin da eta lehengoagaz buztartuz lotsa eta bildurrak baztertu eta ausartago, zabalago jokatzen dogula orain uste dot. Ganera, jantzan ikasten dabenek, gero jantzak beste modu batean ikusten ditue, ñabardurak eta gehiago atzemoten ditue eta gozau be gehiago gozetan dabe.
Beste alde batetik, egia da jantza taldeen munduan giroak apur bat behera egin dauela, krisialdia egon da baina plazetan behintzat gero eta jente gehiago ikusten dogu gure hitzorduetan; berbarako, 2010-2011. ikastaldian 500 ikasle baino gahiago izan doguz Bizkaian zehar, iastaroetan be jente asko dabil, interesa badago eta horren guztiaren erakusgarri, aurten lehenengoz Bilbon, Arteria Campos Eliseos antzokian eta Donostian, Victoria Eugenia antzokian antolatuko doguz ikastaroak urritik bagilera bitartean.
4.- Irailaren 29an abiatuko dozue Dantzaldi Ibiltaria. Ba al da nobedaderik aurten?
Barrikuntza nagusia horixe izango litzateke, izan be, aurreko urteetan Sopela, Erandio, Gernika, Galdakao, Durango, Zarautz eta Zaratamon ibili ostean, egun bateko tailerrei gitxi eretxita eta 2008tik aurrera herririk herri ikastaro egonkorrak eta hilero Durangoko Plateruena Kafe Antzokian erromeriak antolatu ostean, aurten lehenengo aldiz Donostia eta Bilbo uriburuetan be izango gara eskariari erantzunez. Jantzarako aukerak zabaltzen goaz eta uriburuetan be erantzuna ona izatea espero dogu.
5.- 2012-2013 denporaldirako aurkezpen tailerrak iragarri dozuez, aurten Bilbon eta Donostian be bai. Zer eskaintzen dozue oinarrizko jantza ikastaro horreetan?
Gure asmoa ez da errepertorioa erakustea, jantzan egiten erakustea da gure helburua, erritmoa zein dan, zelan interpretau daitekeen, musikea ulertzeko dagozan modu desbardinak, zelan buztartu musikea, gure gorpuzkereagaz, gure oinakaz, horrenbeste ez neKatzeko gorputza zelan erabili modu ekologikoan... Jantzan bakotxak bere bidea bilatzea ga dure asmoa.
6.- Euskal jantzak sakonago aztertzeko Dantzagune eskaintzen dozue. Zer da Dantzagune?
Behin hasierako teknikak hartuta, hori guztia praktikan jartea da hurrengo pausua. Beraz, Dantzagune horixe litzateke, astean behin alkartu eta jantzan egiteko topagunea, jantzarako gunea, hain zuzen. Musikea eta lagun giroa, alde ludikoa jantzeagaz lotzea oso inportantea dalako guretzako.
7.- Zelakoa da zuoen ekimenetara hurreratzen dan lagunaren perfila?
Danetarik dago baina gehienak, akaso, emakumeak dira. Baina ez jantza kontuetan bakarrik, kultura arloko ganerako ekimenetan be emakumeek gero eta gehiago parte hartzen dabe. Dana dala, gizonak be hurreratzen dira gure hitzorduetara eta gazteak be asko. Berbarako gure ikastaroetan 80 urteko emakume bat eta 20 urteko gazte bat topau zeinkez.
8.- Dantzazale Eguna eta Dantza Barnetegia be antolatzen dozuez. Zelakoa izaten da erantzuna?
Dantza Barnetegia oraintsu amaitu dogu; 20 lagun alkartu gara eta oso gustora ibili gara, gauzak ikasten eta urtean zehar jantzan ikasten ibili diranek euren esperientziak konpartiduteko egun ederrak izaten dira.
Dantzazale Egunaren harian, Plateruenako hileroko erromeria be jantzazaleen topagune bihurtu da eta aparteko ekitaldien artean, abenduan eta bagilean ospatzen dogun Dantzazale Egunak be horrexetarako balio deusku, jantza zaleak alkartu eta egun ederra pasetako. Giro ederra izaten da, lagun koadrila ugari batzen dira eta jai giroa izaten da nagusi.
9.- Euskal jantzak eta musikea dira zuon ardura nagusiak eta gure folklorean dogun jantzen alderdi ikusgarri, berezi eta teknikoena gozau ahal izateko Maisuak formatu txikiko ikuskizuna sortu dau Aikok. Zeintzuk dira berezitasunak?
Jendarteari zabaldu gura deutsagun mezua da badagoala modu bat oso sinplea, oso erraza plazan jantzan egiteko, ez dala behar aparteko teknikarik, gogoa baino. Esangura horretan, ikuskizun bat antolatzea otu jakun, gizartean sano sustraituta dagozan mito batzuk indarrik barik ixteko. Izan be, plazara joan eta mobiduten hastea lako gauza errazagorik ez dago.
11.- Diskoak be produzidu izan dozuez, besteak beste, Urraska. Dantza jauziak Sagasetaren bidetik lan potoloa...
Zortzi CD eta DVD plazaratu doguz orain arte. Aiko sortu genduan ikusten gendualako folklorearen munduan hutsune handiak egozala, materiala egon arren, produkzinoa falta zala eta ganera, jantzen inguruan sormen lan barriak be sustatu eta atara behar zirala. Horixe izan zan gure asmoa hasieran eta gaur egun bi motako diskoak egiten doguz, batetik, oraintsuko Oinak kantuz, berbarako, tradizinotik edanez moldatutako jantzarako doinu barriak; bestetik, ikerketa arloa jorratuz, berbarako, zuk aitatu dozun Urraska.
12.- Globalizazinoa da nagusi gaur egun baina lokalak, tokian tokikoak berebiziko garrantzia dauka. Euskal jantzak be hortxe kokatzen dira...
Duda barik. Inportantea da jakitea norbera non bizi dan eta ze ezaugarri dituan ganerakoakaz konpartiduteko. Uste dot Barandiaranek esaten ebala persona moduan hazteko sustraietara joatea dala bideetako bat. Berbarako ni Galiziara noanean gauza asko daukadaz konpartiduteko, hain zuzen desbardina nazelako. Daukagunagaz harro egotea inportantea da baina harropuzkeriarik barik.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!