Langunek euskal enpresetako hizkuntzen erabilera, kudeaketa eta trebakuntzeari buruzko erretratua aurkeztu dau
2012-09-14 16:45 Euskerea berbagaiAzterketearen helburua izan da euskal enpresetako hizkuntzen erabilereari, kudeaketeari eta trebakuntzeari buruzko erretratu eguneratua egitea, enpresa ikuspuntutik, langile/ikaslearenetik eta hizkuntza-industriako profesionalen ikuspuntutik. Horretarako, 437 enpresak, hizkuntzak ikasten dituen 300 langile/ikaslek eta hizkuntzen industriako hogeita hamar bat profesionalek parte hartu dabe.
Euskal Herriko Hizkuntza Industrien Alkarteak (Langune) Euskal ETE-en hizkuntza-gaitasunen eraginkortasunari buruzko azterketearen emoitzak aurkeztu ditu gaur, Gasteizen egindako jardunaldi profesional baten barruan. 2012ko lehen seihilekoan egin dan azterketa hori Langunek sustatu dau, eta Lanbide-Hobetuzek finantziau dau, Ikertaldegaz alkarlanean.
Azterketearen helburua izan da euskal enpresetako hizkuntzen erabilereari, kudeaketeari eta trebakuntzeari buruzko erretratu eguneratua egitea, enpresa ikuspuntutik, langile/ikaslearenetik eta hizkuntza-industriako profesionalen ikuspuntutik. Horretarako, 437 enpresak, hizkuntzak ikasten dituen 300 langile/ikaslek eta hizkuntzen industriako hogeita hamar bat profesionalek parte hartu dabe.
Globalizazino ekonomikoaren prozesuaren eraginez, atzerriko hizkuntzetan hizkuntza-gaitasuna izatea oinarrizko bihurtu da enpresarentzat, ezinbesteko tresna bat. Halan da be, gure enpresa-sarearen ehuneko esanguratsu batek negozio-aukerak galtzen ditu, testuinguru horretara ez moldatzeagaitik, azpimarratu dabe Langunetik.
Azterketaren bidez lortu dan erretratuak erakusten dauenez, euskal ETEak transizino-egoeran dagoz. Enpresak kanpoko merkatuetara nahikoa edegi eta eleaniztasuneko prozesuan aurrera egiten bada be, oraindino ez ditu barruratu hizkuntza-gaitasunak eguneroko kudeaketa-dinamikan. Erretratu horretatik abiatuta, Langunek hainbat lan-lerro zehaztu ditu euskal enpresen lehiakortasunaren alde egingo daben eleaniztasun-estrategiak sustatzeko eta zabaltzeko.
Egoera hori aldatzeko, Langunek ezinbestekotzat joten dau hiru agentek batera lan egitea eleaniztasun horren alde: enpresa-sarea eta langileak; hizkuntza-zerbitzuen eskaintza; eta erreguletan eta bideratzen dauen administrazioa. Hiru agenteek ahalegin berezia egin behar dabe: enpresan hizkuntza-zerbitzuen eta gaitasunaren eskaereari buruz sentsibilizetan, sustatzen eta aberasten; hizkuntza-zerbitzuak indartzen eta horreen lehiakortasuna hobetzen; eleaniztasunari laguntzeko politikak enpresen nazinoartekotzeari laguntzeko politikakaz txertatzen, lehentasun estrategiko moduan; eta hizkuntzen esparruan lan egiteko trebakuntzeari laguntzeko esparrua moldatzen eta hobetzen.
Inkestearen emoitzak
- Inkestan parte hartu daben euskal enpresen % 27k uste dau globalizazinoak eragin negatiboa dauela, % 23,4k uste dau eragina positiboa dala, eta % 35,5ek dino ez deutsola ezelan be eragiten.
- Enpresen % 62,7k dauka webgunea ingelesez; % 34,1ek, frantsesez; eta % 18,2k, alemanez. Ganerako hizkuntzei jagokenez, oso gitxi agertzen dira. Logikoa danez, webgunea atzerriko hizkuntzetan daben enpresen artean gehiago dira esportetan dabenak esportetan ez dabenak baino (% 84,6 eta % 34,8, hurranez hurran).
- Itzulpen-zerbitzuak eskaera handiko elementua dira euskal enpresen artean. Oro har, aztertutako laginaren % 27,9k erabili ditu azken bi urteetan.
- Itzultzaile automatikoak: enpresa esportatzaileen % 58,6k adierazo dau azken bi urteetan erabili dituala, eta enpresa ez-esportatzaileen artean, barriz, % 24,3k.
- Aholkularitza espezializatuko zerbitzuak: aurreko zerbitzuakaz alderatuta, oso erabilera mugatua dabe enpresa-aholkularitza espezializatuen zerbitzuek (esportazino-lanei, kanpoko merkatuen azterketeari, hizkuntzen kudeaketeari eta abarri lotuta dagozanek). Azken bi urteetan, enpresen % 6k erabili dau; esportatzaileen artean, % 10,6ra doa proportzinoa.
- Enpresen % 50,1ek uste dabe euren zuzendariek atzerriko hizkuntzak jakiteko behar handia dabela; teknikarien eta administratzaileen artean, behar txikiagoa autortzen dabe (% 49,7 eta 48,7, hurranez hurran); eta are txikiagoa, tarteko nagusietan (% 36,4), langile kualifikatuetan (% 22,7) eta langile ez-kualifikatuetan (% 7,8). Logikoa danez, behar-mailak askoz handiagoak dira enpresa esportatzaileetan ez-esportatzaileetan baino.
- Inkesta egin daben enpresen % 38,2k uste dau euskerearen erabilerea lehia-abantaila bat dala; batez be, zerbitzuetan (% 40,1; industrian, barriz, % 36,4). Enpresa-zerbitzuen % 46,8k eta enpresa industrialen % 26,4k baditue material komertzialak euskeraz. Eta, webguneei jagokenez, proportzinoak % 36,4 eta % 20,6 dira, hurranez hurran.
- Enpresearen barruko harremanen kasuan, barriz, % 53,8an gaztelania hutsez egiten dira, eta % 41,4k dino elebidunak dirala (euskera/gaztelania). % 1,6 euskeraz bakarrik komuniketan da.
- Inkestea bete daben enpresen % 61,1ek hizkuntza-gaitasunak kontuan hartzen ditu langileak hartzeko prozesuetan faktore bereizle moduan –ehunekoa handiagoa da enpresa esportatzaileetan–. Eta, enpresa esportatzaileen kasu zehatzean, faktore horrek prozesuan dauen garrantzia % 88,9ra igoten da.
- Enpresen ia % 48k egin dau azken bi urteetan hizkuntza-gaitasunetan trebatzeko jardueraren bat. Ingelesaren ingurukoak dira trebakuntza gehienak (enpresen % 87,6); ondoren, frantsesa (% 35,4) eta alemana (% 19,4) datoz. Euskerearen inguruko trebakuntzak enpresen % 14,8an egiten dira, baina, zerbitzuen kasuan, % 26,4ra igoten da ehunekoa.
- Enpresen % 80k dino bere langileen hizkuntza-gaitasunak ezagutzen dituala, eta % 39k dino informazino hori nahiko formalizatua dauela. Halan da be, enpresen % 37,1ek ez dau arduradun zehatzik hizkuntza-gaitasunen kudeaketarako.
Langune
Itzulpengintzaren, edukien, hizkuntzen irakaskuntzearen eta hizkuntza-teknologien 30 erakunde baino gehiago batzen ditu Langunek. 2010eko urtarrilean osotu zan, Gipuzkoa Berritzen — Innobasque plataformearen barruan sortu zen taldeak bi urtez egindako lanaren emoitzea.
Alkartearen helburua da Euskal Herriko Hizkuntzaren Industriaren garapena eta hazkuntzea sustatzea, baliodun zerbitzuak eskainiz bai haren bazkideen, bai sektorearen onurarako.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!