Kontseilua, Galesko Cymdeithas-en 50. urteurreneko ekitaldietan
2012-09-11 12:29 Euskerea berbagaiKontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbao Gales-Cymrun-en izan da, Cymdeithas yr Iaith Gymraeg (Galesaren Gizarte Mobimentua) erakundearen 50. urteurrenaren ekitaldian, eta bertan gizarte zibil antolatuak hizkuntza gitxiagotuen berreskurapen-prozezuan dauen garrantziaz egin dau ekarpena.
Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbao Gales-Cymrun-en izan da, Cymdeithas yr Iaith Gymraeg (Galesaren Gizarte Mobimentua) erakundearen 50. urteurrenaren ekitaldian, eta bertan gizarte zibil antolatuak hizkuntza gitxiagotuen berreskurapen-prozezuan dauen garrantziaz egin dau ekarpena. 1962an sortu zan Cymdeithas erakundea eta ordutik hamaikatxu lan egin dau galesaren berreskurapenaren alde.
Urteurren-ospakizunaren barruan, joandako barikuan lan-jarduna antolatu eben eta bertan hainbat herritako esperientziak izan zituen berbagai: Euskal Herria, Kurdistan, Herrialde Katalanak, Nawat komunidadea... Guztiek azpimarratu eben hizkuntza gitxiagotu baten berreskurapen-prozesuan gizarte zibil antolatuak dauen garrantzia eta hartu beharreko protagonismoa. Esangura horretan, Bilbaok egun Euskeraz bizi nahi dot dinamikearen inguruko azalpenak emon zituan jardunaldian: Herritarren aktibazinoaren eta artikulazinoaren beharra ondorioztatu dogu partaideok; gure hizkuntzan bizi nahi dauen herria motorra da hizkuntzearen berreskurapen-prozesuan, eta hori Euskal Herrian ez eze, Galesen be holan dala ondorioztatu dogu.
Zapatuan, barriz, ekitaldia egin eban Cymdeithas erakundeak 50. urteurrena ospatzeko, eta bertan Kontseiluko ordezkariak alkartasun mezua helarazo eutson erakunde antolatzaileari. Bilbaok mezu zuzena helarazo eutsen partaide guztiei: Gizarte zibil antolatuak dauka gure hizkuntzen berreskurapenaren giltza, eta kapaz izan behar dogu gizarte zibil antolatu eraginkorra sortzen. Gizarte zibil antolatuak lortuko ditu gure hizkuntzak berreskuratzeko baldintza sozial egokiak eta horreek eskuratuta, kapaz izango gara gure hizkuntzetan biziteko baldintza ekonomiko, sozial eta politikoak lortzen.
Azkenik, Kontseiluko idazkari nagusiak bidaia aprobetxau dau Galesko hainbat erakundetako ordezkariakaz bilerak egiteko. Horreetan berbagai izan dabe Kontseiluak Euskal Herrian zabaldu dan egoera barrian 2012ko maiatzean aurkeztu zituan euskerearen gitxienekoak. Galesko herrigintzeak oso interesgarri eretxi deutso Kontseiluak aurkeztutako gitxienekoen dokumentuari, eta bat egin dabe Euskal Herrian zabaldu dan giro barrian Kontseiluak hizkuntza zentralidadea lortzeko ideiagaz, gaineratu dau Bilbaok.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!