Iñigo Goikoetxea: 'Gogoa, ilusinoa eta gauzak egiteko ahalmena dira arrakastarako giltza'
2012-09-10 12:36 Barriketan90. hamarkadearen hasieran, trikitian ezohiko formatuagaz azaldu zan Gozategi taldea. Soinu eta pandero jotzaileez osotutako bikote tradizionalari beste kide bat gehitu eutsien. Asier Gozategi (trikitia eta ahotsa), Ainhoa Gozategi (panderoa eta ahotsa) eta Iñigo Goikoetxea (baxua, txarangoa) 1991n hasi ziran erromeriak eskaintzen, Gozategi Anai-arrebak izenagaz. Geroago, Gozategi bihurtu ziran. Lehenengo diskoa, barriz, 1995ean atara eben Gozategi izenburupean.
Azken diskoa 2010ekoa da, Bizi-bizirik izenekoa, danetara 6 disko atara ditu Gozategik baina zuzenekoak, erromeriak ehundaka. Hurrengoa, irailaren 15ean, Sondikan izango da.
Kontuak kontu, taldearen atzera eta aurrera begirakoez, hona hemen, Iñigo Goikoetxeak kontau deuskuzanak:
1.- Oraindino herririk-herri jarraitzen dozue, azken aldion aparteko indarragaz. Edozelan be, taldean izan al da inoiz etenik, taldea bertan behera ixteko erabagi argirik?
Ez. Beti jarraitu dogu joten, erromeriak eta kontzertuak eskaintzen. Kontua da ze hasieran taldea indar handiagaz ibili zala, kontzertu zaparradea emoten genduan, diskoak argitaratu eta komunikabideetan be askotan agertzen ginan. Gero, moteldu egin zan gauzea eta emon eikean taldea desagertu edo egin zala. Baina ez da holakorik izan eta gitxien ibili garen urteetan, berbarako, 20-25 bat kontzertu edo erromeria eskaini izan doguz. Edozelan be, kontuan izan, bizimodu aldaketeak, familiak eta seme-alabek eraginda erritmo aldaketea mormala dala. Taldean oso ondo konpontzen gara, hartu-emon onak daukaguz eta ganera disfrutau egiten dogu egiten dogunagaz.
2.- Aurten 17 urte bete dira lehenengo diskoa grabau zenduenetik. Atzera begiratu eta zer nabarmenduko zeunke?
Asierrek eta biok beti esaten dogu suberte handia izan dogula bizitzan. Holako aukera bat izan, egiten dogunagaz disfrutau eta gainera jenteri alaitasuna eta jantzarako gogoa piztea ederra da. Urte piloa pasau dan arren, beti begiratzen dogu modu horretan.
3.- 1995ean grabau zenduen lehenengo diskoa. Zelan gogoratzen dozu orduko esperientzia? Ezustean hartu zenduen lehenego diskoaren arrakastea?
Bai. Gu erromerietan eta ibilten ginan gustora eta diskoa grabau baino urtebete lehenago maketa bat autoproduzidu genduan eta nahikoa erantzun ona izan eban. Subertedun sentiduten ginan eta zurrunbilo horretan gengozala Elkar diskoetxetik deitu eta disko bat grabetako proposamena egin euskuen. Espero ez genduan arren, ilusino handia egin euskun, izugarria begitandu jakun, beste egile batzuen lanak entzuten genduzan moduan, geure doinuak be euskarri horretan egongo ziralako eta errazago zabalduko ziralako.
4.- Trikitia pop-rockagaz buztartzen lehenengoetarikoak izan zinien eta Nor-nori-nork eta Nirekin izeneko kantuakaz (emoistazuz musutxuek...), upealako arrakastea izan zenduen orain urte batzuk. Zure ustez zein izan zan arrakastearen giltza?
Nik uste dot zeozer ilusino eta gogo handiz egiten danean, hori arrakasta personala da. Bizitza honetan izan geinken gauzarik handiena da gogoa eta ilusinoa izatea; hortik aurrera, gauzak egiteko ahalmena badaukazu besterik ez da behar. Hiru gauza horreek oinarrizkoak dira. Jentearengana heltzea beste kontu bat da, bestelako faktore batzuk be eragiten dabe hor.
Trikitiaren eta pop-rockaren arteko fusinoa aitatu dozu lehen eta estilo edo joera kontua baino askoz inportanteagoa da niretzat kantua, kantuakaz asmetea. Kantuak baldin badagoz, formatoak aldatu daitekez baina kantuek bizirik jarraitzen dabe, melodiak, erritmoak, letrak. Nik uste dot daukagun gauzarik handiena horixe dala.
5.- Ainhoa (1996) diskoaren 50.000 ale saldu zenduezan. Gaur egun sano gatxa da horrenbeste disko saltzea...
Gurean ez eze, Espainia mailan be talde asko dago gaur egun kopuru horretara heltzen ez diranak. Musikearen industrian azken urteotan sekulako iraultzea ekarri dau Internetek eta diskoetxeak kili-kolo dabiz ez dakitelako nora jo. Musikearen konsumoa, barriz, bardin antzean dago, akaso, gora egin dau, formatoak aldatu badira be. Musikoak kantuak egiten baditu hori entzungo da, zein formatotan, hori ez da inporta, kontua da musikea hor dagoala eta guk musikariok horri heldu behar deutsagu.
6.- Elkar diskoetxeagaz argitaratu zenduezan lehenengo lau diskoak, bosgarrena Babelmusik-egaz eta azkena Balea Musikagaz. Diskoetxeak, kontzertuak, musikearen industria... Dana dago krisian?
Musikea bera ez dago krisian, bizi-bizirik baino eta eskerrak horri. Internetek hankaz gora jarri gaitu baina beste kasu eta egoera batzuetan lez, egokitzea besterik ez dago. Gauza batzuk desagertuko dira eta beste batzuk jarraituko dabe. Lehen esan deutsudanez, inportanteena da kantuak sortzea. Jakina, industria be behar-beharrezkoa da baina momentu eta egoera barrietan aldatzen eta moldatzen ikastea da orain bidea. Kantuak badagoz, sortzen jarraitzen badogu ganerako arloak be konponduko dira.
7.- Gozategi (1995), Ainhoa (1996) eta Kalanbreak (1998) diskoen ondoren, Egunon (2000) etorri zan, ustez taldearen lan personalena... Gaietan be aldaketea igarri zan disko horretan..., fase barri baten hasierea, akaso?
Bai. Akaso gai sozialagoak lantzen hasi ginan hortik aurrera baina deigarriena nire ustez produktore aldaketea izan zan; ordura arte produktore izan genduan Fran Iturbe musikaria eta urteetan haren erispide eta aholkuak kontuan hartu genduzan eta nortasuna emon eutson taldeari; gero laugarren diskoa planteetan hasi ginanean, Fran Iturbe Ameriketara biziten joan zan eta zeozelan lan hori geuk hartu behar izan genduan eta uste dot nahikoa lan txukuna egin genduala.
8.- Egunon lanaren ostean, taldearen ibilbidean, diskorik atara barik emon zenduen tarterik luzeena etorri zan, 6 urte. Tarte horretan zer pasau zan, zertan ibili zinien?
Lehen be zeozer esan deutsut; taldekideon egoera personala aldatzen joan zan, beste lan baztutan be bagenbilzan eta nahiz eta kontzertuetarako batu, arazoak geunkazan alkartzeko, kantuak egiteko eta abar. Halan da be, beti izan dogu oso presente musikea guretzako difrutetako mundua zala eta gozamenik ezean hobe zala ixtea. Zuzenekoak errazago egin daitekez gauza puntualak diralako baina kantuak egitea gatxagoa izaten da, lan asko eskatzen dau, burua horretan euki behar dozu, zentratuta egotea nahitaezkoa da. Kantuak ez dira momentu batean egiten, kantuak poliki-poliki sortzen joaten dira.
9.- 2006an Ainhoak taldea itxi eban. Zer eragin izan eban horrek taldean?
Ainhoak hiru seme-alaba ditu eta 2006an jaio zan hirugarren alabea. Berak ikusi eban zailtasun handiak zituala familia eta taldea buztartzeko eta, beraz, alde egiteko erabagia hartu eban. Hutsune horrek ze eragin izan eban, kontuan hartu Ainhoaren ahotsa oso presente egoala Gozategiren jardunean; hirukote lez ibilten ginan eta gure arteko hartu-emonak oso onak ziran eta duda barik hutsune handia igarri genduan. Haren egoerea ezagututa, arazo barik ulertu genduan erabagia eta Asierrek eta biok aurrera egitea erabagi genduan. Ainhoak badaki egunean batean, nahi badau, taldearen ateak zabal-zabalik izango dituala.
10.- Gero etorri ziran Goztg.kom (2006) eta Bizi-bizirik (2010) diskoak eta orain, barriz, azkenengo diskotik beste urte bi joan dira eta zuzeneko kontzertuakaz buru-belarri zabizie, hurrengoa Sondikan emongo dozuen irailaren 15ean. Jenteak zelan hartzen ditu Gozategiren doinuak gaur egun?
Harrigarria subertetan jaku 18-20 urteko jentea ikustea kontzertuetan eta gure kantu zaharrak kantetan, izan be, horreek jaio ziranean egindako kantuak dira. Horrek sekulako ilusinoa egiten dau. Beste alde batetik, igarri izan dogu denporaldi batean jenteak ez dauela gure musikea horrenbeste entzun eta orain, barriz, bapatean plazan ikusi eta zeozelan suspertu egin dirala. Plazetan giro polita izaten da eta gu asko disfrutetan gabilz.
11.- Gozategi 1992-2012 All Stars diskoa preparetan zabilze. Zelako lana izango da?
Bai, bilduma lana izango da; guretzat dokumentu bat egin gura genduan eta disko batean alkartu gure kanturik ezagunenak. Diskoa preparetan hasi ginanean, ideia izan zan kanturik ezagunak sartzea eta izenburua be holan jarri geuntsan All stars, guretzat izar diran kantuak, hain zuzen. Hainbat kantu kanpoan geratu dira eta pena handia hartu dogu. Edozelan be, oso esperientzia polita izan da, zuzenean bizitakoak diskora ekarri guran, Mikel Irazoki izan dogu produkzino lanean eta oso pozik geratu gara emoitzeagaz. Ezustekorik ez bada zemendiaren 8an kaleratuko dogu diskoa.
12.- Zenbat lagunek osotzen dozue Gozategi gaur egun?
Zuzenekoetan sei gara, tronpeta bi, gitarra bat, bateria, Asier trikiagaz eta neu baxuagaz. Teknikari eta enparauakaz 10-11 bat lagun batzen gara, lagun kaodrila polita.
13.- Gozategi luzarorako izango dogu?
Hori ezin da inoiz esan, inportanteena da egunerokoa bizitea, egunero disfrutetea. Hori ez badozu holan planteetan, gauzak okertzeko aukera handiagoa izaten da. Nik uste dot, orain arteko moduan jarraitzen badogu, eta ez daukagu zertan aldatu, aurrera egingo dogula, musikeagaz asko disfrutetan dogulako.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!