AEK-k euskera eta helduen euskalduntzea aintzat hartzea eta laguntzarik ez murriztea eskatu deutse erakundeei
2012-09-05 12:40 Euskerea berbagaiEuskara bizia lemapean, AEK-k eskaintza oparoa dakar ikasturte honetarako be, euskerea ikasi edo hobetu nahi daben guztiei begira. Urritik bagilera euskerea ikasteko makina bat aukera eskainiko dau, Euskal Herri osoko 100 euskaltegi baino gehiagotan: euskera maila guztiak, titulu homologatuak lortzeko ikastaroak, taldeentzako ikastaro bereziak, autoikaskuntza.
AEKren Artezkaritza Kontseiluak Euskara bizia izenburuagaz 2012-2013 ikasturterako atondutako matrikulazino kanpainea aurkeztu dau Bilbon. Matrikulazino kanpainearen aurkezpen ekitaldian egon dira AEKren Artezkaritza Kontseiluko kide diran Asier Amondo, Helios del Santo, Oskar Elizburu, Iñaki Urkijo, eta Jakes Bortairu, AEKren koordinatzaile nagusi Mertxe Mugika, eta, aurkezpen lanetan, aurtengo irudiaren protagonista, Ana Castro, AEKide eta euskera irakasle barakaldarra.
Euskara bizia da ikasturte berriko AEKren matrikulazino kanpainako leloa, bizi-bizi gatozelako horixe bera eskaintzera: euskera bizia ikasi eta lantzeko aukerarik onena. Eskolak euskaltegian, on line ikastaroak, barnetegiak, taldeentzako ikastaroak, titulu homologatuak, mintzapraktikarako taldeak eta edonoren beharrei egokituriko eskaintza egingo dau AEK-k. Izan be, urtero lez, AEK-k eskaintza oparoa dakar ikasturte honetarako be, euskerea ikasi edo hobetu nahi daben guztiei begira. Urritik bagilera euskerea ikasteko makina bat aukera eskainiko dau, Euskal Herri osoko 100 euskaltegi baino gehiagotan: euskera maila guztiak, titulu homologatuak lortzeko ikastaroak, taldeentzako ikastaro bereziak, autoikaskuntza. Hainbat ordutegi izango dira aukeran, goizez zein arratsaldez, asteko egun guztietan. Gainera, matrikuleteagaitik bakarrik, ikasleek doban jasoko dabe hilero Aizu! aldizkaria.
Era berean, ikasgeletara hurreratzeko aukerarik ez dabenek be izango dabe euskerea ikasteko aukerea. On line ikastaroakaz maila guztiak, nahi dan leku eta ordutan ikasteko aukerea emoten dau AEK-k. On line ikastaroak iraupen jakineko ikastaroak dira (20-190 ordu), helburu zehatza daukie eta denpora epe jakinean egiten dira (hiru hilebete edo ikasturte osoa). Tutorearen aholkularitzea eta jarraipen zuzena eskaintzen dau AEK-k, baita ikastaldearen laguntzinoa eta ikaskideakazko hartu-emon etenik bakoak be, foroen bidez.
Barnetegia
AEKren arduradunen arabera, hizkuntza bat ikasteko ez dago hizkuntza hori berba egiten daneko ingurunean ibiltea lakorik. Hori dala eta, egunean 24 orduz euskeraz biziteko aukerea emoten dau Barnetegian: euskeraz armozua egin, bazkaldu eta afaldu; euskera eskolak jaso; eta ordu libreetan euskera hutsean bizi. AEK-k ikasturte osoan eskaintzen dau, urritik bagilera, barnetegian ikasteko aukerea. Hilebete edo gehiago egin daiteke Foruko barnetegian (Bizkaia), Urdaibaiko biosfera-erreserban.
Ikastaro eta barnetegiez gan, Mintzapraktika egitasmoakaz euskaltegitik kanpo euskerea praktiketako aukerea be eskainiko dau AEK-k. Batzuetan gatxa izaten da euskaltegian ikasitakoa kalean erabiltea, konfidantza falteagaitik, lotseagaitik edo ingurune erdalduna izateagaitik. Horretaz jaubeturik, AEK-k orain urte batzuk abian jarri zituan euskerea praktiketako hainbat programa eta ekintza: mintzalagun, berbalagun, hiketalagun edo gurasolagun.
Amaitzeko, euskerearen normalizazinoa eta erabilerea sustatzeko zerbitzuaren barri be emon dabe AEK-ko arduradunek, enpresa, administrazino zein erakundeetan euskerearen erabilerea sustatzeko jarduerak eta zerbitzuak eskaintzen baititu. Aholkularitzan, metodologia parte-hartzailean eta etenbako hobekuntzan oinarritzen da hizkuntzearen erabilerea areagotu eta era sistematiko batean kudeatzeko prozesua abian jarteko.
Horrezaz gan, mota guztietako testuak itzultzeko zerbitzua be badauka AEK-k, gaztelaniatik euskerara eta euskeratik gaztelaniara: teknikoak, artistikoak, legalak, merkataritzakoak edo irakaskuntzako arlo guztietakoak.
Korrika 18
AEK-ko arduradunek gogoratu dabe ikasturte honetan 18. Korrika egingo dala. Seguru gagoz beti bezain arrakastatsua izango dala eta Euskal Herriko jendartean euskerea ikasteko eta erabilteko borondatea, funtsean euskeraz biziteko nahia erakutsiko dauela, beste behin, ziurtatu dabe. Horren haritik hainbat datu emon ditue, izan be, orain hile batzuk AEK-k agindutako inkesta baten arabera, Euskal Herri osoko biztanleriaren ia erdia nozonoz ibili da euskerea ikasten; are gehiago, lauren bati etorkizunean euskerea ikastea gustauko litxakio; langabezian dagozanen %35ek, esaterako, euskerea ikasi nahi dabe epe laburrean.
AEKn gure lana beteten dogu eta prest gagoz ikasturte barrian be gogo biziz jarraitzeko. Erakunde eta administrazinoei eurena egitea eskatzen deutsegu, hau da, euskal herritarren nahiak eta beharrak entzun eta euskera eta helduen euskalduntzea aintzat hartzea, euskaltegiok eta euskera ikasleak garai gogor honeetan lagunduz, ez laguntzak murriztuz, adierazo dabe.
Azken buruan, eguneroko lanaz gan, AEK-k ekarpen berezi bat egingo dau Euskara bizipoz izeneko lehiaketeagaz. Matrikulazino kanpaineagaz lotuta, bere ikasleen ahalegina eskertu nahi dau krisi sasoi honetan, ikasturte barriko matrikulea doban emonez hiru laguni. Euskara bizipoz lehiaketea martxan egon da uda osoan zehar, baina irailaren 14an amaituko da parte hartu eta dobako matrikulea irabazteko aukerea. Horretarako, AEKren webgunera jotea besterik ez dago, han agertzen baita parte hartzeko modua.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!