Danel Elezkano: 'Hiru urtegaz hasi nintzan pelotan'

Koldo Isusi Zuazo 2012-09-03 10:53   Barriketan
Oraintsu debutau dauen Asegarceko pelotaria

Afizionatuetan garaipenez betetako ibilbidea egin ostean, Elezkano II.a aurrelari zaratamoarrak Bilboko Aste Nagusian egin eban debuta profesionaletan Asegarceren eskutik. Bilboko Bizkaia frontoi erraldoian izan zan profesionaletako lehenengo partidu hori eta galdu arren irudi polita eskaini eban. Ibai Zabalagaz batera markagailuan 15-19 aurretik jarri ostean, azkenean Ezkurdiak eta Peñagarikanok irabazi eben.

Afizionatuetan, 2011n, gazte mailan, Binakako Euskadiko Txapelketea eta promesatan, Diario Vasco-Bankoa Txapelketea eta 2010ean, barriz, buruz buruko Baque Txapelketea irabazi ondoren, profesionaletan proiekzino edo etorkizun handieneko pelotaritzat jo dabe askok.

Profesionaletan indar handiz sartu dan pelotariak ondokoak kontau deutsoz Bizkaie!-ri:


1.- Ezer baino lehen, zorionak profesionaletara egindako saltoagaitik. Kontaiguzuz debuteko partiduaren aurreko, partidu barruko eta osteko sentsazinoak...

Debutau aurreko egunak oso politak izan ziran, profesionaletan jokatuko nebala esan eustienean, jente askok zoriondu eustan, asko hurreratu jatazan zelan nagoan jakin guran eta oso polita izan zan. Debut egunean nerbioak egon ziran, pentsetan nebana baino hobeto joan zan partidua nerbioen aldean eta egun polita izan zan, lagun danak eta etxekoak harmailetan egozan partidua ikusten eta partidua amaitu ostean be momentu onak pasau genduzan lagunarteko ospakizunean.


2.- 18 urtegaz debutatzea ez dago edozeinen eskura baina enpresakoak aspaldi ebilzan zure atzetik. Gogoratzen dozu eskaintzea lehenengoz noiz egin eutsuen? Zelan hartu zenduan? Eta etxekoek?

Orain dala urte eta erdi edo Asegarcekoakaz entrenetan nenbilen eta orduan esan eustien eurekaz segiduteko asmoa. Dana dala, lehenengo ikasketak zirala esan neutsien, behintzat batxillerra amaitu gura nebala. Aurten, barriz, zezeilean edo serioago aurkeztu eustan enpreseak asmoa eta aurrekontratu bat sinatu genduan. Hortik aurrera entrenamentu saio ugari egin dot eurekaz eta azkenean garagarrilean proposatu eustien debutatzeko aukerea. Buruari nahikoa buelta emon neutsozan ze oraindino 18 urtegaz gazteegi ez ete nintzan eta hor ibili nintzan. Azkenean, eurak dira dakienak, pelotari izandakoak dira enpresako teknikoak eta eurekan konfidantza osoa daukat.

Etxekoak be asko poztu ziran, asko disfrutetan dabe peloteagaz eta ni hor ikusita badakit pozarren dagozala baina argi esan deustie mundu hau oso gogorra dala eta momentu onak eta txarrak be etorriko dirala. Afizionatuetatik profesionaletara alde handia dago eta pozik egon arren, badakit lanean jarraitu behar dala.


3.- Afizionatuetatik profesionaletara igarriko zenduan aldea maila fisikoan, presinoan...

Bai. Lehenengo partiduetan uste baino hobeto nabil baina aitatu dozuzan alde horreetan ez eze, erritmoan asko igarri dot, materiala be aldatu egiten da; debut egunean justuan amaitu neban eskuetatik eta horretan igarri dot aldea gehien, erritmoan eta fisikoan, danak oso ondo dagoz, tantoak amaitzea asko kostetan da baina afizionatuetan be maila handia dago eta horrek be lagundu deustela pentsetan dot.


4.- Eskuina izan arren, ezker eskuagaz be bikain joten dozu eta pelotari serioa zara, gesto edo keinu txarrik sekula egiten ez dauena. Horrexek dira zure arma nagusiak?

Bai. Ahal dan neurrian gesto txarrak eta alde batera itxi behar dirala uste dot ze epaileek eurek be lan gatxa daukie eta gesto horreek nahastetako eta erabagi okerrak hartzeko baino ez dabe balio. Ganera, keinu eta beroaldi horreek pelotariarentzat be ez dira bape mesedegarriak ze konzentrazinoa galdu daiteke. Egia esan, pelotakada asko ez dira erraz ikusten eta nik uste dot pelotariak be batzuetan berotu arren, epaileek ez daukiela lan errazik eta zeozelan lagundu ahal bada...

Ezker eskuarena aitatu dozu eta egia da ezkerragaz ondo aurkitzen nazela kantxan eta, akaso, konfidantza gehiago daukat ezkerragaz tantoa amaituteko.


5.- Ruben Belokigaz eta Jose Angel Balanzagaz entrenetan dozula badakigu baina kontaiguzu zelakoa dan zure egun normal bat, entrenamentuak, gimnasioa, masajistak, medikuak, ikasketak...

Afizionatuetan be ikasketakaz eta entrenamentuakaz ibili naz, dana batera eta orain be Sarrikon ikasten hasiko banaz be, pentsetan dot gauza biakaz ahal izango dodala. Goizetan ikasteko asmoa daukat eta arratsaldeetan entrenamentuak egingo dodaz; nozonoz goizez be entrenau behar izan ezkero, ez dot pentsetan arazorik egongo danik. Hortik gora, lagunekaz egotea be gustetan jat eta horretarako be astia atara beharko da...


6.- Pelota jarduna izango al da zure bizibidea ala ogibidea?

Ez dot horretan pentsetan. Badakit pelotari izateko asko jokatu eta lan asko egin behar dala, izarrak baino ez dira bizi ondo eta momentuz asko disfrutetan dot peloteagaz. Bizimodua pelotan jokatuz ataratea amesa da baina badakit hori ez dala erraza, gitxik lortzen dabe eta orain ez dot horregaz nahastau gura. Pelotako profesionala izateko maila handia emon behar da eta subertea be behar izaten da. Profesionaletan sartu eta mailari eustea be sano gatxa da eta hor nabil oraingoz. Gero gerokoak.


7.- Noiz hasi zinan pelotan?

Oso gazterik, 3 urtegaz hasi nintzan pelotan. Anaia ikusten neban lagunekaz frontoian eta neu be hara joaten nintzan. Lau urtegaz hasi nintzan Zaratamoko taldean; normalean, 8-9 urtegaz hasten dira umeak lehiaketetan parte hartzen eta ni 6 urtegaz hasi nintzan. Zaratamon asko lagundu deustie euki dodazan entrenatzaile danak eta hortik aurrera be laguntausn handia euki dot.


8.- Zure anaia Ander be pelotaria da, zu baino zaharragoa eta polito dabil ha be. Profesionaletan debutau leikela pentsetan dozu? Alkarren kontra jokatutako partiduetan nork irabazten dau?

Bai, oraindino gaztea da eta maila onean dabil afizionatuetan. Dana dala, esan deutsudan lez, profesionaletara salto egiteko subertea be euki behar da eta teknikoei gustetea da inportantea. Lan egin behar da, duda barik, baina suberte apur bat be behar izaten da. Ia egunen baten berak be aukera daukan, polita izango litzateke.

Alkarren kontra ez dogu sekula jokatu, binaka, alkarregaz bai, ostera, tarteka txapelketa bat be bai. Pelotari diferenteak gara eta konparazinoak ez jataz gustetan. Gauza askotan antzekoak gara baina desbardintasunak be badaukaguz.


9.- Bitxikeria moduan, Elezkano II.a izena hartu dozu debutatzen lehenengo anaia izan arren...

Afizionatuetan be Elezkano II.agaz jokatu dot anaia be oso maila onean dabilelako eta profesionaletan be izen horregaz jarraitzea normala dala pentsetan dot, ze bera da nagusia eta ni bigarrena, debutau dauen lehenengoa izan arren.


10.- Barriola eta Olaizola II.a ei dira zure ereduetako bi. Horreen kontra irabazteko zelan jokatuko zeunke?

Ez dakit. Gaur egungo pelotari onenetakoak dira. Aimarrek aldea marketan dau gaur egun, dana egiten dau ondo, defendidu, erasora jo eta ez dakit zelan jokatuko neban haren kontra. Txikitatik gustetan jatan pelotaria da Barriolagaz batera. Pelotari serioak dira, langileak, ez dabe gesto txarrik egiten eta hori be gustetan jat.


11.- Hemetik aurrera ze ibilbide egingo dozu profesionaletan, ze hitzordu daukazu?

Asegarceri eskerrak emon behar deutsedaz, tekniko danak oso ondo portau dira nigaz, Beloki, Gorostiza, Lazkano eta ganera, partidu interesgarriak programau deustiez; pasa dan barikuan Orozkon jokatu neban eta Lekeition, irailaren 4an, final egunean, aurreko partiduan jokatuko dot Laskurainegaz batera Apezetxea-Pascual bikotearen kontra. Partidu gatxa izango da baina ahalik eta ondoen jokatzen saiatuko gara.

Aurrerago, irailaren 15ean, Galdakaoko Kurtzean, Ibai Zabalagaz batera, Mikel Urrutikoetxea-Iñaki Iza bikotearen kontra jokatuko dogu; Zaratamoko aurrelarien arteko lehia polita izatea espero dot.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu