Jokin Aspuru: 'Aurten emakume argazkilariak dira nagusi, askoz gehiago landu dabe umezaroa'

Nagore Ferreira Zamalloa 2012-08-27 11:55   Barriketan
GetxoPhoto jaialdiko zuzendaria

Asteon hasiko da GetxoPhoto, Getxoko Nazinoarteko Argazkigintza Jaialdia (abuztuaren 30etik irailaren 30era). Hilabetez, Getxoko hainbat lekutan hogei bat egileren erretratuak ikusteko aukerea eukiko dogu. Aurten, umezaroa da progonista nagusia. Hogei bat argazkilarik gaiaren ganeko euren ikuspuntua euren modura azaldu dabe. Erakusketez gan, bestelako makina bat jarduera atondu ditu Begihandi alkarte antolatzaileak lehenengo asteburuan, tailerrak, berbaldiak, zabaltze-ekitaldi interesgarria eta abar.

Jokin Aspuruk VI. GetxoPhoto jaialdiaren ganeko zehaztasun ugari emon deuskuz.


1.- Ez da asko falta VI. GetxoPhoto hasteko, dana prest, ala oraindino...

Bagabilz, bagabilz... Gauza batzuk falta jakuz, baina konponduko gara, betiko lez.


2.- Igaz, zahartzaroa, eta aurten umezaroa hartu dozue ardatz. Zelan ba?

GetxoPhotoren programazino artistikoa komisario baten esku egoten da, azkenengo hiru urtean Frank Kalero izan da. Hiru urteko komisariotza izaten dogu, aurten dau azkenengoa Kalerok. Hiru gorazarre egin ditu, aisiari, zahartzaroari eta umezaroari. Bere asmoa izan da argazkilaritzearen bitartez personon askatasunaren erradiografia bat egitea. Aisian, gure denpora librean, libre gara; orduan egiten dogu benetan egin gura doguna. Zaharrek, osasuna badauke, denpora asko dabe nahi dabena egiteko, euren bizitzako azkenengo urteak aprobetxetako aukerea izaten da. Eta umeak, guztiz libreak dira, ez dauke bizitzak gero ipinten dituan baldintza edo mugarik. Halan ba, askatasunaren erretratua egiten ahalegindu gara hiru urteotan.


3.- Munduko osoko argazkilarien hogei bat proposamen izango dira ikusgai. Zelan azaldu dabe umezaroa? Ikuspegi asko batu dozuez?

Gure asmoa ez da umezaroaren ganeko tesi bat egitea, guk ez dogu esango umezaroa zer dan. Gaiaren ganeko lanik interesgarrienak Getxora ekarten ahalegindu gara. Lan guztiz desbardinak batu doguz, ikuspuntu oso desbardinak dituenak, ganera. Esango neuke egile bakotxak modu jakin baten azaldu dauala umezaroa, bere ikuspuntutik.


4.- Zein ikuspuntu, berbarako?

Bada bat, O Zhang argazkilaria. AEBetan adoptautako neskato txinatarrak dira bere lanaren protagonista. Margaret M. De Langek, esaterako, bere alaben udako bizipenak batu ditu. Umetan udak luzeak dira, amaibakoak. Horren ganekoak dira egile norvegiarraren argazkiak. Ba beste bat, negarrari buruzkoa, Jill Greenberg kanadiarrarena. Guraso garenok badakigu zein esperientzia latza izan daitekeen umearen negarra, ba berak, hori hartu dau ardatz lez.


5.- Makina bat lekutako argazkilarien beharrak izango dira ikusgai. Danetariko lekuetakoak aukeratzen ahalegintzen zarie?

Egitaraua osotzearekoan ez dogu kontuan hartzen egilea nongoa dan, bere lana ona dan da garrantzitsuena guretzat. Gehienak kanpokoak dira, Frantzia, Katalunia, Alemania, AEB, Norvegia... leku askotakoak.


6.- Eta bada Euskal Herriko sortzaile bat bere bai...

Urtero egiten dogu ahalegina euskal argazkilariren baten lana ekarteko. Bultzada polita da eurentzat. Hemen argazkilari asko eta oso onak daukaguz. Batzutan, gatxa da gaiagaz bat datorrena topetea, baina urtero izaten da baten bat. Aurten, Jon Uriarte hondarribitarraren argazkiak daukaguz. Album lanean gurasoek egindako hainbat argazki batu ditu, baina Photoshop erabili dau, ikutu batzuk egiteko. Lan interesgarria da. Oraindino ez da akaso argazkilari ezaguna, baina izango da, seguru.


7.- Oraingoan, argazkilari asko emakumeak dira, ezta?

Bai, halan da. Hamabost egile emakumezkoak dira. Artearen munduan, nahikoa desorekatua egoten da generoaren kontua, gizonak izaten dira nagusi. Oraingoan, kontrakoa jazo jaku, eta oso pozik gagoz. Aurten emakume argazkilariak dira nagusi GetxoPhoton, asko gehiago landu dabe gaia. Emakumeek gehiago jorratu umezaroa, akaso beste modu batera bizi dabe, edo gizonak baino sensibilidade gehiagoa dabe, edo garatuagoa.


8.- Umezaroa askatasun sasoia dala esan dozu, baina leku askotan ez da holan sarritan. Beste alde hori be jorratu dozue?

Askatasunaren ideak hiru urteko egitarauari batasuna emoten deutso. Badakigu hogei egilek ezin dabela umezaro osoa azaldu. Mendebaldean bizi diran umeen bizipenak islatzen ahalegindu gara, badakigu ume gehienentzat ez dala holan, eta seguruenik munduko umeen zatirik handiena pobrezian edo egoera benetan gogorretan bizi da. Guk hurreko umeak hartu doguz, mendebaldean bizi diranak.


9.- Hiru urteko zikloa amaituko dozue. Pozik zagoze emoitzeagaz?

Ba, daborduko hurrengoan pentsetan gabilz... Balorazinoa ikuspuntu askotatik egin daiteke. Alde artsitikoagaz sano gustura gagoz. Guretzat GetxoPhoto ez da herria apaintzeko, beste barik, gai baten inguruan gogoetea gizarteratzeko atxakia da. Gure bizitzan eragina daben gaietan sakontzen ahalegintzen gara, jentea hunkitzen. Zentzu horretan, oso pozik gagoz.

Jaialdi txikia gara, umeak gara geu be, sei urte besterik ez. Begihandi alkartekoek antolatzen dogu jaialdia, talde txikia gara. Gustura gagoz GetxoPhoto herrian errotu dalako, jentearentzat urteroko hitzordua izatea lortu dogu.


10. - GetxoPhoteren ezaugarri deigarrienetakoa espazio publikoa erakustoki bihurtzea da. Zelango harrerea dauka ikusleen artean?

GetxoPhotoren lehenengo ezaugarria gai zehatz baten inguruan eregitako erakusketak eskaintzea bada, bigarrena espazio publikoen erabilpena da. Erakusketa normalak be egiten doguz, aretoetan, baina horrezaz gan, kalean ipinten doguz argazkiak, jentearen aurre-aurrean. Horrek desbardin egiten gaitu. Espazio publikoak eskaintzen deuskuzan aukerak aprobetxetea ideia egokia begitandu jakun. Museoak eta galeriak egon badagoz, baina jenteari kostau egiten jako sartzea. Jenteari artelanak zuzenean erakutsi eta gogoetea biztea nahi genduan. Aberasgarria dala pentsetan dogu, ganera doban da, eta ez dauka ordutegirik.

Herrian paseo bat emoteko proposamena be izan daiteke GetxoPhoto, argazkiak ikusiz herrian zehar ibilteko atxakia. Artea ikusteko modu lasai bat da, herria ezagutzen dozun bitartean.


11.- Badakizue nongo jentea etorten da erakusketak ikustera?

Ez da neurtzeko erraza. Publiko asko Getxokoa bertakoa da, jakina, baina Bizkaia osoko jentea be etorten da. Badakigu, Gasteiztik autobus oso bat etorri zala igaz, diseinu eta argazkilaritza ikasleak ziran. Segoviatik eta Kantabraitik be etorri dira, Turismo bulegokoek esan deuskuenez. Getxotik harago ailegau dau GetxoPhoto. Uda giroak be jentea animetan dau. Kultur egitarauko lehenengo hitzorduetakoa da, ganera.


12.- Argazki erakusketez aparte, hainbat jarduera prestau dozuez aurten be, ezta?

Alde batetik, erakusketak, eta bestetik, jarduerak dagoz. Jardueretan alde pedagogikoak pisu handia izaten dau. GetxoPhotoren lehenengo egunetan antolatzen dirra ekintza gehienak, tailerrak, berbaldiak eta abar. Umeentzako lantegi bat be prestau dogu aurten, argazkilaritzea eta arkitekturearen ganean.


13.- Danetariko publikoarentzako jarduerak dira, ganera...

Bai, batzuk publiko orokorrarentzat, eta beste batzuk, profesionalentzat. Argazkilarientzako tailerrak atondu doguz, eta berbaldiak bere bai. Christian Caujolle komisario ezaguna Paristik etorriko da berbaldia emotera, eta Marcos Lopezek, Algortako Portu Zaharrean dagoan Sireno lanaren egileak, be parte hartuko dau.

Egiten doguna azaltzeko ahalegin berezia egiten dogu. Erakusketak kalean dagoz, baina testuinguru barik sarritan ez da erraza lanak ulertzea. Horregaitik, hilabete osoan, asteburuetan, bisita antolatuak eskaintzen doguz.


14.- Krisialdiak eraginik izan dau GetxoPhoton?

Jakina izan dauala, ez dakit zehatz zenbateko eragina, baina bai. Urterik urte jaialdia handiagoa da eta gure aurrekontua bardina da. Ez da erraza. Guri ez jaku horri buruz berba egitea gustetan, gure lana beste bat da, daukagun baliabideekaz ahal danik eta gauza duinena egitea.

Lehengo baten Marcos Lopezi entzundakoa gogoratu dot oraintxe. Berak inoenez, artea, kulturea edo argazkilaritzea, espirituarentzako edo arimearentzako laztan moduko bat dira. Beragaz guztiz konforme nago. Bizi doguzan sasoi honeetan, hain garai ezkorrak batez be ekonomia dala eta, laztan barik bizi daitekela badakigu, baina guri horrek laztanok sentidutea gustetan jaku, horregaitik egiten dogu GetxoPhoto horrenbesteko maitasunez.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu