Iñaki Garcia Camino: 'Genetika-azterketetan Neanderthalen geneak topau ditue. Zeozer geratu jaku, beraz'

Nagore Ferreira Zamalloa 2012-08-20 13:22   Barriketan
Arkeologi Museoko zuzendaria

Neanderthal gizakiak Europa osoko jaun eta jabe izan ziran orain dala 100.000 urte baino gehiago. Milaka urtean, ingurunea nabarmen aldatu arren, egokitzeko gaitasun itzela erakutsi eben. 28.000 bat urte desagertu zirana, moldatzeko erraztasun hori galduta. Bilboko Arkeologi Museoak, Burgoseko Giza Eboluzinoaren Museoaren lankidetzeagaz, denporan bidaia egiteko aukera ederra eskaintzen dau Neanderthalak. Iberiatik Siberiara erakusketearen bitartez. Handik urteten garenean, akaso konturatuko gara, Neanderthal gizakiak ez zirala ez hain basatiak, ez hain sinpleak, eta gure antz handia eukela. Erakusketea urriaren 14ra arte egongo da zabalik.

Arkeologi Museoko zuzendari Iñaki Garcia Caminok erakusketearen ganeko hainbat kontu azaldu deuskuz.


1.- Neanderthalak. Iberiatik Siberiara dino erakusketearen izenburuak, eta izan be halantxe izan zan, ezta? Europa osoan zabaldu ziran.

Bai, halan da, Europa osora ailegau ziran, baina kontutan izan hurrengo etorri ziranak, Homo sapiensak, mundu osotik zabaldu zirala. Afrikatik urten eta hedatzen hasi ziran, lehenengo Siberia alderantz, eta ostean, Europa osoan. Sasoi hareetan Lurra ia hutsik dago. Ekosistema eta klima sano desbardinetan bizi izan ziran, lekuan lekuko baldintzetara egokitzen jakin eben. Hotza, beroa... edozein egoeratan moldatu ziran. Egokitzeko gaitasun handia euken, ondoren etorri ziran Homo sapiensak bere bai, jakina.


2.- Halanda be, Neanderthalak ez dauke fama onik, nahiko basatiak eta ez oso argiak zirala begitantzen jaku.

Neanderthalen lehenengo hondarrak XIX. mendean topau zituen. Tximinoa eta gizakiaren arteko irudia zabaldu zan orduan, basatiak zirala, eta garatu barik eukela espiritualtasunaren kontzeptua. Ordutik ikerketa asko egin dira, informazino asko daukagu, eta badakigu sapiensak lez hominidoak zirala, baina hareen aldean porrot egin ebela.


3.- Hildakoak lurperatzen zituen, baeuken zeozelango bizitza espirituala, beraz.

Erakusketan lurperatze baten adibidea daukagu. Hildakoak lurperatzeak abstrakzino handia eskatzen dau maila intelektualean eta bizitza ulertzeko moduan. Hil ostean zeozer dagoala, edo egon leikela pentsauko eben, behintzat horren ganean gogoeta egingo eben.


4.- Gaur egun badakigu zergaitik egin eben huts?

Oraindino ez daukagu lar argi zein izan zan arrazoia. Hipotesi bat baino gehiago dagoz. Arkeologoak ikertzen dagoz, eta indusketa bakotxean datu barriak topetan doguz, eta batzutan hipotesiak eurek be aldatuarazoten ditue. Antza, Cromagnon gizakiekaz bizi izan ziran, sasoi eta leku berean, eta nahastau be egin ziran. Azkenengo Neanderthalak Andaluzian agertu dira, orain 28.000 urte ingurukoak dira. Apurka-apurka atzerantz egiten joan zirala emoten dau, atzenean Iberiar peninsulako hegoaldean amaitu eben. Cromagnonak ingurunera moldatzeko erraztasun handiagoa euken, zentzu horretan indartsuagoak izan ziran.


5.- Nahastau egin zirala dinozu, zelan dakizue hori?

Gaur egungo gizakiei egindako genetika-azterketetan Neanderthalen geneak topau ditue. Zeozer geratu jaku, beraz. Gizakion arbasoak dira. Edozelan be, ez gara eboluzino erro berekoak, lehenago pentsetan eben moduan. Tximinoetatik Neanderthalak urten ziran, eta horreetatik, Cromagnon gizakiak. Hori da lehenago uste zana. Gaur egun badakigu milaka urteetan, giza-eboluzinoaren bide luzean makina bat puntutan sortu zirala gizakiak, hainbat erro biatu zirala une desbardinetan, baina batzuk aurrera egin eben, eta beste batzuk, ez. Neanderthalek arrakasta handia euki eben mende askoan, baina gero kale egin eben. Cromagnonak bide luze horretako beste adar batetik sortu ziran, eta arrakasta handiagoa izan eben. Momenturen baten alkarregaz bizi, eta nahastau egin ziran.


6.- Alemanian, Neander izeneko haranean topautako Neanderthal gizakiaren erreplikea dago ikusgai Arkeologi Museoan. Gizaki indartsuak ziran, ezta?

Bai, gure aldean sendoak eta indartsuak ziran. Ehizatu egiten eben eta inguruan eukezan fruituak, haziak eta landareak batu. Cromagnonak be halantxe bizi izan ziran, iraultza neolitikora arte, hau da Kristo aurretik 7.000-8.000 urtera arte. 20 bat urte bizi ziran, ez askoz gehiago. Hilkortasuna sano handia zan.


7.- Ez ziran urte asko bizi.

Ez, baina pentsau behar dogu oraintsura arte, bizi-itxaropena hemen bertan be ez zala oso handia. Orain mila bat urte, Bizkaian, 40 urte inguru bizi ei ziran. Eta XIX. mendean, orain ez asko, ez ziran urte bizi.


8.- Erakusketan ikusten danez, sua erabilten eben. Zer eragin euki eban?

Suari esker jatekoa prestau egiten eben, holan hainbat parasito hilten zituen, jana hobeto konserbetan zan... Naturea menperatzeko be erabili eben, animaliak uxatxeko, berbarako. Eragin soziala be euki eban. Atapuercako indusketetan dabilzan Carbonell eta Arsuagagaz berbetan nengoela behin, eta eskuko telefonoekaz alderatu eben sua. Suarea inguruan batu ziranean, Neanderthalak batak besteari gauzak kontetan hasi ziran, egunean pasautakoak, beste bati entzundakoak, eta abar. Ahozko tradizinoa eregiten hasten dira, euren memoria. Suak gizakion burmuinaren egiturea aldatu egin eban, neurona kopurua hazi egin zan. Eskuko telefonoagaz konparetan eben, gauza bitxia da. Eskuko telefonoak, eta komunikabide barriek, munduko beste puntan dagoan lagun bategaz momentuan bertan, bitarteko barik, berba egin ahal izateak, antzeko iraultzea ekarriko dauala inoen. Mundua ikusteko eta ulertzeko modua aldatzen da. Baina, guk ez doguz aldaketok igarriko...


9.- Gizajaleak edo kanibalak ziran, edo pelikuletako kontuak dira horreek?

Bai, antza danez, beste gizaki batzuk jaten zituen nozonoz. Indusketa batzuetan topautako hazurretan markak topau dira. Horrek ez dau basakeria edo ankerkeria esan gura, akaso errespetua edo maitasuna adierazoteko modua zan, besteagaz bat egiteko modu da, integretako. Ezin geinke zehatz jakin. Interpretazinoak egin, besterik ezin daiteke egin. Halanda be, kanibalismoa oraintsuago be ezagutu dogu, k.o-eko VI. mendean esaterako, mendebaldeko Europan, izan ziran kasuak. Goseak eragindako kanibalismoa izan zan, kronikariek idatzi ebenez.


10.- Neanderthalak. Iberiatik Siberiara erakusketea Arkeologio Museoa eta Burgoseko Giza Eboluzinoaren Museoren arteko lankidetzearen emoitzea da. Zelan sortu zan proiektua?

Igaz hasi ziran hartu-emonak. Neanderthalen ganeko erakusketa interesgarria eukela ikusi genduan eta Bilbora ekartea erabagi zan. Eurena handiagoa zan, baina guk gure neurrira egokitu dogu. Ganera, Bizkaian topautako aztarnak eta gehitu doguz, geurera ekarri dogu.


11. Bertoko pieza asko dagoz?

Badagoz batzuk, berbarako, sei bat hagin, Dimako Axlor koban topautakoak. Eurek erabilitako tresna batzuk be badaukaguz. Bilduma interesgarria eta nahiko ona daukagu. Atapuercako arduradunak hemen izan ziranean, gure materialen kalidadeaz harritu egin ziran.


12.- Hasi barri dozuen lankidetzeak segiduko dau?

Bai, halan da. Irailean berbaldi trukea egingo dogu. Burgoseko Giza Eboluzinoaren Museokoak hona etorriko dira, erakusketean ganean berba egitera. Ostean, Diego Garate gure arte aditua bertara joango da, hemen daukagun arte peleolitikoari buruz berbaldia emotera, izan be, eurek goi-lautadan apenas dauken holango arterik. Amaitzeko, irailean be, Atapuercara biajea antolatuko dogu. Jarduera honeen guztien ganeko informazinoa gura

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu