Virginia Berasategi: 'Aste Nagusia eguneroko ironmana izango dala esan deuste'
2012-08-13 13:10 BarriketanTriatletea eta Bilboko Aste Nagusiko pregoilaria
Virginia Berasategi triatletea pozarren dago Bilboko pregoilari izendapenagaz. Gasteizko Munduko Txapelketea prestetan ebilela jaso eban barria, eta astebeteko geldialdiak entrenamenduetan kalte egingo badeutso be, ezin ezetzik esan proposamenari. Gitxi falta da...
1.- Bilboko Aste Nagusiko pregoilaria izango zara aurten, zelan hartu zenduan albistea?
Egun horretan galdutako dei piloa neukan. Gasteizko Munduko Txapelketea prestetan nenbilen orduan. Eguneko lan guztiak amaituta, entrenamendua eta masajeak, deiei erantzuten hasi nintzan. Tartean bazan bat ezagutzen ez nebana, Itziar Urtasunena zan, Bilboko jaietako arduradunarena, esanez, egun osoan neu ezin atrapauta egon dirala, pregoilari izateko proposamena... Harrituta nengoen, sano harrituta. Eta zer erantzungo neban, ba? Baietz, jakina. Pozarren hartu neban albistea.
2.- Ez zenduan holango proposamenik espero, ezta?
Ez, ez, ez neban ezelan be espero. Egia da azkenengo urteetan sasoi gozoak bizi dodazala, ez bakarrik kirolean. Triatloia zelan hasi dan ikusi dot, zelan ailegau dan neure urira, munduko txapelketea be ikusi dot hemen... 2010ean Sabino Arana Saria jaso neban, eta 2011n, Bilbotar Ospetsu izentau ninduen. Eta, orain, Aste Nagusiko pregoilari. Bilbotar batek jaso leiken errekonozimendu handiena da, oso gitxik izan dabena, ganera. Itzela da. Ez neban sekula pentsau nire moduko neska batek, triatloia moduko kirol nahiko ezezaguna egiten dauena, honaino ailegauko zanik. Gogor lan egin dodala uste dot, eta pentsetan dot jenteak ikusi dauela. 25 urteren ostean, nire lana autortzen dabilz. Errekonozimendu hori benetan be eskertzekoa da. Oso pozik nago.
3.- Gasteizen, garagarrilaren 29an, egin zan Munduko Txapelketea. Duda barik, jenteak ezagutzen zaitu, eta gogotsu animau zinduen.
Momentu oso bereziak biziten nabil, Bilbon bizi izan nebana, eta lehengo egunekoa Gasteizen. Domina batek baino balio handiagoa dauka horrek, nahiz eta pena handia hartu neban ezin izan nebalako dominarik publikoari eskaini. Lasterketa osoan jentea hor egoan, neu animetan, korrika baino hegaz egin neban. Lasterketa osoan egoan nonor animoak emoten. Orain be, ordukoa gogoratzen oilo-narrua ipinten jat, eta begiak busti emozinoagaz. Lehenengo bueltan halango estutasuna neukan, ia ezin nebala arnasarik hartu emozinoaren emozinoagaz. Eta oraindino beste hiru buelta neukazan! Afizino hau onena da, lujoa da. Ez dot inon hemen sentidu dodana sentidu. Gauza oso berezia da niretzat.
4.- Triatloia gaur egun ezaguna bada Euskal Herrian, zeuk badaukazu zeresan handia...
Triatloiaren garapen osoa bizi izan dot. 14-15 urteko neskatoa, ez dana jaietan urteten lagun guztiak jairik jai dabilzanean, eta ganera holango kirol arraroa egiten dauena. Nozonoz apur bat isolatuta sentidu naz, eta baten batek pentsauko eban, neska hau jota dago!. Ez daukat ezeren damurik. Jente sano ona daukagu hemen, emoitza sano onak lortu dituana. Jente apala eta behargina gara. Igarten dala uste dot, eta jenteak estimetan gaitu. Gasteizkoa modukoa pentsauezina zan orain urte batzuk.
5.- Bederatzi eguneko aste luzea daukazu orain. Ez dakit triatloiak edo ironmanak bano gatxagoa izan dan, baina...
Bai, esan deuste eguneroko ironmana izango dala. Aitor Elizegi pregoilari ohiak esan eustanez, neu izango naz prestaketa fisiko onena daukan pregoilaria. Eta burua be ondo prestauta izan behar da. Triatloia kirol bakartia da, ordu asko emoten dodaz bakarrik entrenetan. Baina jenteagaz bazagoz, gustura, momentu onak zein txarrak arin pasetan dira. Baten batek pentsauko dau ez deutsedala jaiei eutsiko, baina jaietan ez urteteak, ez dau gura esan ez dodanik gozetan. Nire lanak mugatu egiten nau, ez besterik. Dana emoteko prest nago. Nekatuta egongo naz, bai, baina nire egunerokoa zelangoa dan jakingo bazendue... Nire egunak sano luzeak dira. Gogorra izango da, baina eutsiko deutsat.
6.- Ganera, Aste Nagusiaren beste ikuspegi bat izateko aukerea emongo deutsu pregoilari lanak, ezta?
Joseba Solozabal pregoilari izandakoak kontau eustanez, berak be inoiz egon bako lekuak deskubridu zituan, atara kontuak nik zenbat leku barri ezagutuko dodazan! Nire kirol ibilbidean beti ibili naz erronken bila, gauza desbardinak egiteko gogoz, eta hori da niri gehien gustetan jatana. Persona moduan aberastea da nire helburua. Aste Nagusian kontzertuetan izan naz, antzerkian eta herri lasterketan. Orain, aukera gehiago izango dodaz, pribilegioa da hori danori bizi ahal izatea. Aste Nagusia noiz hasiko zain nago.
7.- Aste Nagusiko herri lasterketan parte hartzeko asmoa daukazula entzun dot...
Azkenengo urteetan, Aste Nagusi sasoian topera entrenetan egon naz. Goizetan, bizikletan ibilten nintzan, edo arineketan; sarritan bizikletaz nentorren Bilboraino, Plentzian edo Gorlizen egoten nintzan-eta entrenetan, eta herri lasterketan parte hartzen neban. 2008an, ganera, neuk irabazi neban. Bilboko konparsek emondako txapela ondo-ondo gordeta daukat, harrotasunez, munduko txapelketea irabazi izan baneu lez. Etxean irabaztea oso ondo dago. Kirolaria izanda, neure zatitxu bat ipini gura neuke jaian, nire nortasunaren zatitxua, horregaitik lasterketan parte hartzeko asmoa daukadala azaldu neutsen, eta ez dabe ezetzik esan, beraz... Nire asmoa ez da lehiatzea, ondo pasetea baino, gozetea.
8.- Badakit ezin dozula ezer aurreratu, baina pregoia prest daukazu?
Horretan nabil, baina ez dot ezer esango eguna heldu arte. Amaitzea falta jat...
9.- Artega zagoz, ala trankil?
Beste urte batzuetako argazkiak ikusi dodaz, jentez ganezka, danak saltoka. Hori da momentua, eta zeu zara protagonistea, astearen hasierea da hori. Behin momentu hori pasauta, jaian murgilduko naz. Balkoira urteten nazenean, jentea oihuka, jente piloa... Hori izango da gatxena-edo.
10.- Bihotzean gordeta daukazun Aste Nagusiko momenturen bat?
Ba, txikitako kontuak... Umetan Plentzian egoten nintzan udan, eta egun baten berenberegi Bilbora etorten ginan, egun pasa. Lehengusu-lehengusina guztiak etorten ginan jaietara, barraketara lehenengo. Osaba bat daukat, amaren ahizta bategaz ezkondua, Julian Fernandez zinegotzia izandakoa, eta 1995ean pregoilaria izan zana. Harek barraketarako fitxak emoten euskuzan. Umeak, poz-pozik gengozan, ez genduan-eta ilaran egon behar. Fitxak eskuan, hara eta hona ibilten nintzan, geratu barik, beti arineketan. Ostean, afaltzen joaten ginan, gero suak ikusi eta lotara. Kariño handiz gogoratzen dodaz harek egunak.
10.- Aste Nagusia abiatu orduko hasi da zuretzat astea, alkarrizketak, argazkiak atara... Zelan konpontzen zara komunikabideekaz?
Komunikabide guztiekaz egoten ahalegintzen naz, garrantzitsua da danari kasu egitea. Zuok barik gu ez gara inor. Ni neu izaten ahalegintzen naz, gidoi barik.
10.- Eta Aste Nagusiaren ostean...
Ba, apurtxu bat deskantsau, eta beharrean segidu.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!