Bertrand Dezoteux artistearen 'Txerri' lana Bilbon ikusgai
2012-08-29 11:39 KultureaBilboko Rekalde Aretoan bart aurkeztutako lan hau izan zan Euskal Kultur Erakundeak arte plastikoak eta ikus-entzunezkoak garatzeko antolatu eban Hogei’ta programako irabazlea 2011n. Bideoa lehenago aurkeztu da, Parisko Centre Georges Pompidou zentroan, Baionako Le Carrén eta Iparraldeko beste herri batzuetan.
Bilboko Rekalde Aretoan bart aurkeztutako lan hau izan zan Euskal Kultur Erakundeak arte plastikoak eta ikus-entzunezkoak garatzeko antolatu eban Hogei’ta programako irabazlea 2011n. Bideoa lehenago aurkeztu da, Parisko Centre Georges Pompidou zentroan, Baionako Le Carrén eta Iparraldeko beste herri batzuetan.
Filman txarri bi agertzen dira, Irisarri herri txikian sartzen diran momentuan. Txarriak 3D formatuan dagoz sortuta eta animauta; eta Irisarriko biztanleek konbita jaso eben filmaketan aldi bateko antzezle lez parte hartzeko. Arrotz bi horreen begiradearen bidez, artisteak tradizinozko euskal jarduera batzuk aurkezten deuskuz, adibidez, euskal pilotea, musikea edo jantzak.
Bideoan egin zituan lehenengo lanetatik hasita, Bertrand Dezoteuxek beti izan dau interesa mundu barriak sortzeko. Kontakizun grafikoa ikasi eban Angoulêmen, eta ikasketa hori ez zan alperrekoa izan. Gainera, beti formatu barriak topau nahi izan dituanez, hainbat film egin ditu, zientzia-fikzinoa, amateurismoa eta dokumentala nahasten dituen filmak. Zientzia-fikzinozko eleberrien ereduaz gan, artista honengan eragin nabarmena izan dau Nouveaux Roman joerearen sortzaile eta teorialari nagusia izan zanaren literatureak, hau da, Alain Robbe-Grillet-en lanak. Oihartzun hori hasierako proiektuetako batean igarten da, Roubaix 3000 lanean. Etxekoakaz egin eban bazkari batean grabau zituan alkarrizketak erabilten ditu hor. Alkarrizketa horreek erabili zituan, zati zehatz batzuk aukeratu, eta playbacken antzeztarazo eutsozan antzezle-talde bati. Uri-giroko hainbat agertoki hautatu zituan, eta Roubaix uriko arkitektura modernoa jarri eban atzealdean. Holan alkarrizketak zein eszenaratzea bera nahasgarri geratzen dira, gizakien arrastorik bako leku horreetan, barrualdera sartzeko gogorik pizten ez daben arkitektura modernoko mausoleoak balira lez. Unheimlich kutsua be badago, hau da, harridura kezkagarria. Alde batetik, egoera horreek ezagun egiten jakuz, baina azpijokoz eta trikimailuz beterik atzemoten doguz.
Espazioa eta denporea lekuz aldatzeko jokera hori artista honen beste film batzuetan be agertzen da, adibidez, Zaldiaren orena izenekoan. Istorioaren abiaburua artistearen amonaren gomuta bat da, amonak Iparraldeko bere herrixkan Bigarren Mundu Gerran gertatutako pasadizo bat ekarten dau gogora: alemaniarrak zaldi baten bila ibili zirala, zaldia bahitzeko. Anakronismoa muturrera eroanez, robot bat eregiten dau, urruneko kontrolaz dabilen eta bideo-kamera bat dauen robota. Landa-guneetatik ibilten da, eta galderak egiten deutsez baserritarrei, desagertutako animalia non dagoan jakiteko. Robotaren ikuspegitik, mundua gauza bihurtzen dauen begirada horretatik abiatuta, Dezoteuxek azterketa dokumental antropologiko eta etnografiko moduko zeozer egiten dau, bere erara, zientzia-fikzinoa be gogora ekar leikena.
Rekalde Aretoan aurkezten dauen Txerri bideoan, Dezoteuxek aurreko lanean erabilitako baliabide batzuk hartzen ditu barriro. Alde batetik, euskal landa-esparruan kokatzen dau istorioa barriro, eta, bestetik, kontakizun berean buztartzen ditu desbardinak diran hainbat osogai. Alabaina, oraingoan, ez dau benetako osogairik sartzen. Lehenengo, bideoa filmatzen dau, eta, gero, muntatze-lanetan, 3D formatuan animautako izaki birtual horreek sartzen ditu, biztanleen harridurarako Irisarri herrixka lasaian oldarka sartzen diran bi txarriak. Lehenago, robot alemanaren begiradak gidatzen eban kamerea, eta orain, barriz, txarri bien ikuspegiak erakusten deuskuz herriko ohiturak: euskal pilotea, jantzak, musikea, ehiza-taldea… Soka-tiraren aldaera etxetiar bat be eskaintzen deusku.
Proiektu hau egin ahal izateko, Dezoteuxek Irisarriko biztanleen laguntza eta alkarlana izan zituan bere alde. Aldizkako antzezle lez parte hartu eben filman, Dezoteuxek antzezleen amateurismoa jaso nahi ebalako, eta jakin nahi ebalako zelan jokatu behar eben animalien agerpena irudikatuz, hau da, film laburreko protagonisten agerpena irudikatuz. Herritik ibili bitartean, batzuetan animalia lasaiak dirala emoten dau; bestetan, barriz, izaki bihurriak. Aurretik harrapatzen daben guztia birrintzen dabe, hartu-emonetan jarten dira herrikoakaz, eta harien txarri-izaerak agintzen deutsena beteten dabe.
Filman, umore-kutsua be badago; eta artisteak ez dau arazorik muntatze-lanetan erabilitako trikimailuak azaltzeko. Produziduteko teknika desbardinak bateratzen ditu, eta hortxe dago, hain zuzen, bere esperimentazinoaren ardatza.
Bertrand Dezoteux artistearen erakusketea 2012ko abuztuaren 28tik irailaren 30era egongo da ikusgai Rekalde Aretoan.
Artistea
Bertrand Dezoteux (Baiona, 1982) Baionan bizi da, eta bertan lan egiten dau. 2001. eta 2003. urteen artean, Kontakizun grafikoa ikasi eban Angoulêmeko École superieure-n; eta 2004. urtean Pusan-era joan zan (Hego Koreara), Koreako margolaritza ikastera. 2008an diplomaturea eskuratu eban, Turcoing-eko Fresnoy-Studio national des arts contemporains-en; eta, urte horrexetan, Scam-en Prix Jeune Talent Numérique saria irabazi eban, 3D formatuan egindako Le Corso animazinoko bideoagaz. 2010ean, Zaldiaren orena bideoagaz hartu eban parte Tokioko Palais-eko Dinasty erakusketan eta Parisko Musée d’art moderne de la ville museoan; eta urte berean Parisko Fondation Ricard-en Reset erakusketan be izan zan. 2011n, Christophe Kihm-ek Tokioko Palais-en abiarazotako Reboot3 proiektuaren esparruan, TV-realité Sly`s Drivers telebistako emonaldia sortu eban bere bi anaiakaz batera, Bat Formulako pilotuen maila hobetzeko. Bere azken erakusketen artean, ondokoak nabarmendu behar doguz: Le silence des Bêtes, Hors Pistes jaialdian, Centre Georges Pompidou-n; eta Low Montains, Marrakexeko Fondation Dar Bellarj-en.
Rekalde Aretoaren jentaurreko ordutegia:
- Martitzenetik zapatura: 10:00 - 14:00 eta 17:00 - 20:30
- Domekatan eta jaiegunetan: 10:00 - 14:00
- Astelehenetan, zarratuta.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!