Roldan Jimeno: 'Konkistea gure lurraldean historian izan dan jazoerarik garrantzitsuenetakoa da'

Bizkaie! 2012-07-30 15:29   Barriketan

Historialaria

Aurten Nafarroako erresumearen konkistearen 500. urteurrena bete da. Asko dira jazoerea gogoratzeko antolatutako ekitaldiak. Baina zehatz zer dakigu konkista haretaz? Zer galdu zan? Zelako eragina itxi dau gerora konkistearen memoriak? Iruñean ospatu diran udako ikastaroetan gai horreek jorratu ditue hainbat historialariren presentziagaz. Ikastaroaren helburua Nafarroaren konkistea zer izan zan eta ordutik zelan interpretau dan ulertzea izan da, konkistearen lehena eta oraina ezagutzea. Ikastaroa emoten izan diran irakasleen artean izan da Roldan Jimeno historialari nafarra. Historian doktoregoduna, eta beste hainbat gaietan aditua da bera, batez be, Nafarroako Konkistan.

Roldan Jimeno Aranguren irakaslea, Jimeno Jurio ikerlari handiaren semeak Historia ikasketak egin zituan Nafarroako Unibersidade Katolikoan (1996) eta tesia bertan aurkeztu eban 2001. urtean. Horrezaz gan, 2007an, Filosofian eta Hezkuntza Zientzien Fakultadean (Euskal Herriko Unibersidadea) doktoretza gradua eta UNEDen diplomaturea lortu zituan. Azkenik, Deustuko Unibersidadean Zuzenbidean ikertzeko ikerkuntza-agiria lortu eban 2003an.

Nafarroa Garaiko Unibersidade Publikoan irakaslea izan zan (1996-2001) eta irakasle ibili zan Pau et des Pays de l’Adour Unibersidadean (2001-2003); 2003-2004 ikasturtetik Zuzenbidearen Historiako irakaslea da Unibersidade Publikoan, Iruñean.

Hamabi bat liburu eta aldizkari espezializatuetan 40tik gora artikulu argitaratu ditu. José María Jimeno Juríoren Obra Osoaren argitaratzailea da eta Riev aldizkariaren kooordinatzailea eta Notitia Vasconiae-ren idazkari teknikoa. 2004tik, barriz, Iura Vasconiae-ren idazkari teknikoa da.

Kontuak kontu, Nafarroako erresumearen konkistearen ganekoak jakin guran, hona hemen Jimeno jn.ak kontau deuskuzanak:


1.- 500. urteurrena bete dauen konkista honek zergaitik izan dau hain oihartzun gitxi gizartean?

Ez da hori nire sentsazinoa. Nik kontrakoa esango neuke, Nafarroako ikuspegi batetik behinik-behin. Ez dago asterik -ia esango neuke egunik be-, bertako prentsan konkistearen inguruko barririk ez datorrenik, Nafarroa Bizirik-ekoek egindako ekintzakaitik neurri handi batean.


2.- Zein da zuk emon dozun ikasgaiaren helburua?

Nire bi saioetan, konkisteak suponidu eban ekintza militarraz gan, bere aurrekariak, legitimazino juridiko eza, eta bere garaian eta oro har XVI eta XVII. mendeetan Nazinoartean konkistearen gaiaren inguruan egon zan eztabaida juridiko-historiografikoa azaltzea izan da.


3.- Zergaitik dagoz hainbat ikuspegi desbardin jazoera honen inguruan?

Nafarroako historiografiak diskurso nahiko bateratua izan eban 1921. urtera arte, hau da, 1512koa konkista militar bat izan zala, hain zuzen be. 1921ean Amaiurko balentria gertatu eta lau mende ondorengo gorazarreak eztabaida garratza eragin eban garai haretako zenbait politikari eta intelektualen artean, Gaztelak Nafarroa anexionau izanaren gai korapilatsuaren gainean. Egia esan, jazoera historiko harek aurrerantzean, baita gaur egun be, bazterrak endredau eta alkarren kontrako jarrerak sortu zituan. 1921. urtearen hasieran, berbaldi batean, Praderak berba gogorrak erabili zituan aitatu monumentua eregitearen kontra. Momentu horretatik aurrera, eta hile batez, eztabaida gorria prentsatik plazara zabaldu eta, gainera, hainbat azterlanen argitalpena eragin eban. Praderak, hau da, 1918ko garaipen nabarristearen eta anti euskaltzalearen ikurrak, ez eban dudarik izan guztiei aurre egiteko: Aranzadi (abertzalea), Joaquin Baleztena Premin de Iruña (jaimezalea), Jesus Etayo artxibozaina (jaimezalea), Jose Maria Azcona tafallarra, Julio Altadill eta Rodeznoko kondea. Berba gordin batzuk gorabehera, eztabaida jasoa eta sakona izan zan eta historiografian pausatu eben begiradea, egia historikoa bilatu guran. Beraz, saiatu ziran urruntzen jarrera politikoak justifikatzera bideratutako argudio historikoetatik. Praderak esaten eban monumentuak goresten ebala XVI. mendeko burrukan ibilitako taldeetako bat, agaramontarra, eta bere eretxiz, talde hori traidorea izan zan Nafarroarentzat. Kontuak kontu, bere momentuan Praderaren tesia gitxiengo baten tesia izan bazan be, Frankismoan zehar nagusitu zan, eta gaur egun Navarrismoaren tesi nagusia da.


4.- Hezkuntzan zergaitik uste dozu leku gitxi bereganatu dauela konkisteak?


Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan konkistearen inguruan irakasten dana gitxi da, baina, batez be, kontuan hartu behar dogu 12 urtetik 16 urtera bitarteko neska-mutilak dirala, eta gai honen inguruan ikasitako edukiak Giza Zientziak eta Sozio-ekonomia ibilbideko Batxilergoa hartzen dabenek modu zabalago batean ikusiko dituela. Dana dala, Zientzia eta Teknologia ibilbidea hautatzen dabenek, ikasitako eduki gitxi horreek azkar ahazten ditue. Batxilergoan emoten diran Historiaren inguruko irakasgaiak hiru dira: Bi enborrekoak Mundu Garaikidearen Historia (Lehenengo maila) eta Espainiako Historia (Bigarren maila), eta Nafarroan hautazko bat Nafarroako Geografia eta Historia (Lehenengo ala Bigarren mailan egiten ahal dena). Azken honetan da, hain zuzen be, gaia jorratzen dan bakarra, baina oso gitxi, gainera. Arrazoiak, jakina, Espainiako hezkuntza sisteman bilatu behar doguz, Madrilgo zentralismo zorrotz batetik diseinautako sisteman.


5.- Zein da gai honen inguruan dozun eretxia eta balorazinoa?

Ikuspegi politiko-instituzional batetik, Nafarroaren konkistea gure lurraldean historian zehar izan dan jazoerarik garrantzitsuenetarikoa da, XIX. mendearen foralidadearen krisiagaz parekatu geinkena. Esangura horretan, ikerketa historikoa eta ikerketa honen dibulgazinoa ezinbestekoak dira, eta horretan Udako Euskal Unibersidadea aitzindaria izan da. Gai honen inguruan euskera hutsean egin dan jardunaldi bakarra UEUk antolatu eban, eta oraingo Udako ikastaro honegaz eskaintza hori osotu egin da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu