'Enpresarean' euskeraz behar egiten daben enpresen lehenengo azokea Donostian izango da, urriaren 2an

Bizkaie! 2012-07-26 17:53   Euskerea berbagai

Enpresarean euskeraz lan egiten daben enpresen lehenengo azokea urriaren 2an egingo da, Donostiako Kursaal jauregian. Ekimenak enpresen arteko alkarlana sustatzea, esperientziak trukatzea eta hornitzaile barriak topetea dau helburu.

Enpresarean euskeraz lan egiten daben enpresen lehenengo azokea Donostiako Kursaal jauregian egingo da. Ekimenak enpresen arteko alkarlana sustatzea, esperientziak trukatzea eta hornitzaile barriak topetea dau helburu. Rober Gutierrez Bai Euskarari Ziurtagiriaren alkarteko zuzendariak, Nerea Txapartegi Donostiako Udaleko Kultura eta Euskera zinegotziak eta Zigor Etxeburua Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskera zuzendariak aurkeztu dabe azokea.

Rober Gutierrezek esandakoaren arabera, azokeak enpresei erraztasunak emon nahi deutsez, eta salmentarako gune bat eskaini. Holan, enpresei negozio berriak egiteko ateak edegiko jakez, proiektu enpresarial barriak sortzeko, euskeraz. Honek guztionek euskerearen prestigio soziala handitzeko eta arlo sozio-ekonomikoan euskerearen normalizazinoa bultzatzeko balioko dauela nabarmendu dau.

Azokarako beren beregi sortutako irudia aurkeztu dabe Kursaalen, eta azokearen egitarauaren barri be emon dabe. Enpresareanek lau zati eukiko ditu: lehenengo gelan berbaldiak eskainiko dira; bigarrenean, aurkezpenak egingo dira; hirugarrenean, coworking saioak; eta laugarrenean, produktuak ikusgai egongo dira. Ganera, enpresek euren jardunari buruzko azalpenak emon ahal izango ditue horretarako egokitutako gunean.

Enpresarean egun osoko jardunaldia izango da. Berbaldiak eta aurkezpenak sarean jarraitu ahal izango dira, eta sarean be azokea egingo da. Enpresarean-en webgunean (www.enpresarean.org) enpresek eta parte hartu nahi daben persona guztiek izena emon, eta ekintza guztietan parte hartzeko aukerea eukiko dabe.

Berria Taldea, Hetel, Codesyntax, Akting eta Fremap enpresek berbaldiak emongo ditue. Bigarren gelan, 20 bat enpresa beren jardunaz berba egingo dabe hamar minutuz, lau arlo nagusiren inguruan, hain zuzen be: euskerea eta teknologia barriak, kanpoko eta barruko bezeroei euskeraz egitearen garrantzia, prestakuntzan eta arlo sozioekonomikoan euskeraz, eta euskerea eta enpresen etorkizun sozial korporatiboa. Arrastian, enpresen arteko coworking saioa egingo da; batzar azkarrak izango dira, enpresa bakotxak aldez aurretik azaldutako behar eta interesen arabera antolatuta.

Enpresarean-ek bete betean jasoten ditu, Zigor Etxebururen esanetan, Gipuzkoako Aldundiaren hizkuntza politikaren helburuak: Aldundiak euskeraz bizitearen aldeko apostu garbia egin dau. Alde horretatik, ekimen aitzindari hau be akuilu izango da arlo sozio-ekonomikoa euskalduntzeko prozesuan. Etxeburuak euskerearen balioa nabarmendu dau: Alor sozio-ekonomikoa euskalduntzeak euskereak bizitza sozialean aurrera egiten laguntzen dau. Krisi garai honetan, Euskal Herriko merkatuan euskeraz jardutea aukera bikaina da, horrek enpresen lehiakortasuna eta balioa handitzen ditualako.

Nerea Txapartegi pozik agertu da Enpresarean lehen azokea Donostian egingo dalako: Donostia ekimen honen aterpe izateaz pozten gara, gure uria euskerearen uria bilakatzeko bidean gagoz eta, uri euskaldunago bat izateko konpromisoa hartua daukagu, eta euskerea bizitzako arlo guztietan erabiltea ezinbestekoa da gure hizkuntzearen etorkizuna bermatzeko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu