Gorbeiako katedral naturalean mezea San Inazio egunean

Jon Urutxurtu 2012-07-26 14:34

Katedral naturala dogun Gorbeiaren magalean, 1.150 metrotara gitxi gorabehera, Bizkaian altuerarik handienean emongo da mezea, datorren asteko martitzenean, garagarrilak 31, eguerdiko 12:00etan, Elurretako Amaren baseleizearen ondoan.

Katedral naturala dogun Gorbeiaren magalean, 1.150 metrotara gitxi gorabehera, Bizkaian altuerarik handienean emongo da mezea, datorren asteko martitzenean, garagarrilak 31, eguerdiko 12:00etan, Elurretako Amaren baseleizearen ondoan. Oraintsura arte domeka eta jai egun guztietan izaten zan mezea, uda-sasoian; gaur egun, San Inazio egunean baino ez.

Ospakizunean gogoan izango dira aurten hildako mendigoizale eta artzain guztiak. Amaitzeko, San Inazio martxea kantauko da; jarraian, Zeanuriko Udalak ohiko barauskarri ezaguna eskainiko dau: ardao zuria eta gailetak. Zeanuriko txistulariek euren doinuakaz alaituko dabe giroa toki zoragarriotara bertaratuko diran guztientzat.

Debozino edo fede handiago edo txikiagoko mezak izango dira; doinuz hobeto lagunduak edo ez…; baina ez jako inor gailenduko altueran Elurretako Amaren baseleizatxuan ospatuko danari. Hirurehun bat lagun, mendizale eta artzain tarteko, batuko dira mezea ospatzera eta hamaiketakoa partekatzera.

Elurretako Amaren baseleizea porlanez eginda dago, upel bobeda modura eregia, hegi harritsu baten sartuta. 3 x 2,225 metro neurtzen dau, eta atean jarritako burdin hesi batek zarratzen dau.

1924an, izatez Zeanurikoa zan eta Areatzan abade egoan Eulogio Gorostiagak hauxe idatzi eban, Gurutzi Arregik Ermitas de Bizkaia lan eskergan (II. liburukian, 406. orrialdean) gogoratzen deuskunez: Baseleiza hau oraintsukoa da; bere eskaintza egin zan Arraban egoan beste baten oroigarri, artean zelai honetan sendategi bat egoala. XIX mendearen amaieran egindako kaperaz dabil, Zeanurin baseleiza modura hartu ez zana. Ondoren, joan dan mendearen hasieran bertan behera itxi zan.

Baseleizatxu hau benetan txikia zan, barruan bi lagunentzako tokia baino ez egoan-eta. Horregaitik –halaxe gogoratzen deusku Gurutzi Arregik- On Benito de Atutxak eskatu eban baseleiza handiagoa egiteko baimena txangozale eta inguru haretako bizilagun apalentzat. Planoak be gordeten dira Labayru Ikastegian; baita baimen-eskaria eta dirua batzeko propaganda-batzordearen datuak be; baina ahalegina bertan behera geratu zan.

Datorren martitzenean, hilak 31, Gurutzetik jaistean edo bertatik paseoan gabiltzala, konbidatuta gagoz hitzordu honetara.


Zeanuriko baseleizak

Zeanurik bi parrokia ditu gaur egun (Andra Mari eta Ipiñako Santiago) eta 19 baseleiza. Elurretako Ama da goren dagoan baseleizea. Ezagunetan, San Miguel, bi baseleiza dituana.

Zeanuri eta Arratiako baseleizez gehiago jakiteko Arratiako Eleizaren webgunera jo: www.arratia.tk

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu