1912ko galarrenan hildakoak omenduko ditue Bermeon, garagarrilaren 27tik aurrera

Bizkaie! 2012-07-25 15:46

1912.urteko galarrenaren mendeurrena beteko da abuztuaren 12an. Bermeoko Udalak orduan hildako 143 arrantzaleak omenduko ditu ekitaldi egitarau zabal baten bidez. Ekimenak garagarrilaren 27an hasiko ditue.

1912.urteko galarrenaren mendeurrena beteko da abuztuaren 12an. Bermeoko Udalak orduan hildako 143 arrantzaleak omenduko ditu ekitaldi egitarau zabal baten bidez. Ekimenak garagarrilaren 27an hasiko ditue. Besteak beste, herri antzerki musikala, itsasontzi tradizionalen topaketea, lora eskaintzea, mahai-ingurua, berbaldiak eta hainbat ikuskizun atondu ditue. Idurre Bideguren Bermeoko alkateak eta Aingeru Astui Kultura saileko zinegotziak aurkeztu dabe egitaraua.

Bidegurenek prentsaurrekoan gogoratu dau 1912ko abuztuaren 12an Kantauriko kostaldean, galerneak Matxitxakoko lurmuturretik 45 milatara arrantzan ebilzan 143 arrantzale hil zituala, eta euretatik 116 bermeotarrak zirala. Ganerako arrantzaleak inguruko herrietakoak ziran, Elantxobe, Lekeitio eta Ondarroakoak, hain zuzen be.

1912ko galarrenea gure inguruko XX. mendeko lan istripurik handiena izan zan, hori dala eta, ehun urte beteten diranean, Bermeoko herriak arrantzale guzti horreei eta euren bizia aurrera atara behar izan eben familiei omenaldia egin nahi deutse, azpimarratu dau alkateak. Bermeoko herriak persona eta familia guzti horreek gogoratu gura ditu, herriak zor bat dauka danakaz.

Egitaraua garagarrilaren 27an, barikua, abiatuko da Bizkaiko Foru Aldundiak antolatutako Galarrena 1912-2012 erakusketeagaz, Arrantzaleen Museoan.

Abuztuaren 3an, 1912ko galarrenea literatura eta ikus-entzutekoetan izeneko mahai-ingurua egingo dabe. Galarrenearen inguruko lanak egin dituen herritarrak parte hartuko dabe, tartean, Galerna, ekaitza ezezaguna dokumentalaren zuzendari Jabi Elortegik, Bermeo 1912 filmaren egile Alberto Bilbaok, Galerna liburuaren idazle Jon Kepa Iradik eta Itsasoari begira liburuaren egile Josu Munitizek. Mahai-ingurua arratsaldeko 19:00etan izango da Arrantzaleen Museoan.

Abuztuaren 10ean, 12:30ean galarrenan hil ziranei omenaldia eta lora eskaintza egingo jake Portu zaharrean, Azken olatua, azken arnasa eskulturearen inguruan. Arratsaldean, 19:00etan, 1912ko Santa Klara Gaueko Galarrenea berbaldia eskainiko dabe Arrantzaleen Museoan.

Hurrengo egunean, abuztuaren 11n, 13:30ean, itsasontzi tradizionalen topaketea egingo da portuan. Aspaldiko ontziak ezagutzeko aukera parebakoa, ganera maniobrak zelan egiten dituen erakutsiko dabe. Egun berean, 19:00etan eta 20:30ean, Alberto Bilbaoren Bermeo 1912 film laburra aurkeztuko dabe, Nestor Basterretxea aretoan.

Eta gauean, 22:00etan, Galerna herri antzerki musikala antzeztuko da edur-fabrikearen zabaldegian. Carlos Panerak zuzendu dau lana, eta 100 bermeotar inguruk parte hartuko dabe. Ander Oleagaren bertsoak abesti herrikoekaz egokituta abestuko ditue. Ikuskizun benetan polita izango da, herritarrek 1912ko abuztuaren 12an herrian jazotakoa antzeztuko dabe, familiak izango dira protagonistak, adierazo dau Bidegurenek. Bermeoko alkateak antzezlanean adin guztietako herritarrek parte hartuko dabela azpimarratu dau. Borondatezko lana izango da, horregaitik, euren lan garrantzitsua eskertu dau, eskainiko daben ikuskizuna harrigarria izango dalako.

Zapatuan, 21:30etatik aurrera, Autopoetika argi-ikuskizuna ikusgai egongo da portuan. Herriko hainbat tokitatik ikusi hala izango da, Baztarra, Uhinurrategi Tala edo Lamiaranpuntatik, esaterako.

Abuztuaren 12an, domekan, 12:00etan, 1912ko galarrenan galdu ziranen aldeko oroimen mezea izango da, Bermeoko Abesbatzak abestua eta José Ramón Rodríguez Vadillo organistearen laguntzaz. 13:00etan, barriro itsasontzi tradizionalak egongo dira ikusgai portuan. 20:00etan, Jabi Elortegiren Galerna, ekaitza ezezaguna dokumentala aurkeztuko da Nestor Basterretxea aretoan. 20:00etatik aurrera txistulariak egongo dira Portu zaharrean, eta 21:30ean itsas-prozesino ixila egingo da. Autopoetika domekan be eskainiko dabe.

Bermeoko Udalak abuztuaren 11 eta 12an herriko balkoietan izarak krespoi baltzagaz ipinteko eskatuko deutse herritarrei, galarrenean hildakoak gogoratzeko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu