Elefante blanco

Karolina Almagia 2012-07-23 14:09   Zinema kritikak

Film interesgarria eta gogorra da Elefante Blanco, Eleizearen hierarkia zein podere publikoak kritiketan dituana. Baina barruan dagozan istorio paralelo batzuk garatu barik agertzen dira eta, esangura horretan, filma erdi bidean geratzen da.

- Zuzendaria: Pablo Trapero.
- Produktoreak: Morena Films, Matanza Cine.
- Gidoilariak: Pablo Trapero.
- Interpreteak: Jérémie Renier, Martina Gusman, Ricardo Darín.
- Generoa: Dramea.
- Herrialdea: Argentina, Espaina.
- Iraupena: 110 min.

Elefante zuria Argentinako uri batean dagoan eraikin erraldoi bat da. Ospital bat izateko hasi ziran eregiten bere garaian, baina ez eben sekula amaitu; kontua da ze hormigoizko estruktura horretan hamaikatxu familia behartsu bizi dirala. Pablo Traperoren filmak Argentinako villa horreetako -favelak, auzo pobre-pobreak, txabolaz eta marjinazinoz beteta- bizimodua erakusten deusku. Protagonistak bertan lan egiten daben abadeak dira. Egon badira batzuk, zoritxarrez, historiara pasau diranak bertan hil dituelako; Múgica aitaren kasua. Horretan dago inspirauta Ricardo Darin-en pertsonaia. Bere ondoan, Martina Gusman giza-laguntzaileak eta Jérémie Renier abade belgiarrak amodiozko istorio bat protagonizetan dabe.

Abade horreek arazo askori egin behar deutsie aurre: alde batetik, auzoan topetan dituenak (trafikanteen arteko gerrak, diru-iturririk eza...) eta, bestetik, eurei sortzen jakezan duda existentzialak, bildurrak, bakardadea eta bestelakoak.

Film interesgarria eta gogorra da Elefante Blanco, Eleizearen hierarkia zein podere publikoak kritiketan dituana. Baina barruan dagozan istorio paralelo batzuk garatu barik agertzen dira eta, esangura horretan, filma erdi bidean geratzen da. Ez dot ulertzen, adibidez, abade belgiarrak protagonizetan dauen Amazonazko hasierea, ezta amaierea be. Beraz, ez dot abade belgiarraren pertsonaia ondo aditzen. Eta Darin-en pertsonaiak be ez dau enpatia gehiegi sorrarazoten, beharbada beste hurrekotasun epelago bat beharko ebalako.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu