Aitor Zulueta: 'Jakin-mina da gizartea aurrerantz daroan motorra, bai XI. mendean bai gaur egun'

Nagore Ferreira Zamalloa 2012-07-23 10:55   Barriketan
Idazlea

Jules Verne, Mark Twain eta Robert Lee Stevensonen liburuak irakurri eta berrirakurriz hazi zala dino Aitor Zulueta bermeotarrak. Irakurketa horreek eta urteotan Europa iparraldera egindako bidaiek La Hermandad del Atlántico (Ttarttalo) nobelea idazteko lehengai nahikoa emon deutsie. Gustura ibili da bere lehenengo nobelea idazten, eta bigarrena be prest ei dauka.

XI. mendeko Vermeilon hasi dau istorioa Zuluetak, Eneco de Baigorri gaztearen eskutik. Arroxelan bikingoak ezagutu, eta eurekaz batera, Atlantikoa ezagutzeko abentureari ekingo deutso. XXI. mendean, Alemanian, Holger Boenisch irakasleak ikerketa berezi bat abiatuko dau...


1.- La Hermandad del Atlántico zure lehenengo liburua argitaratu dozu oraintsu. Zer dala eta ekin zeuntsan proiektuari?

Ba, prozesu luzea izan da. Ni beti izan naz irakurle amorratua, idazle batzuk eta besteek zelan idazten daben ikusten hasi nintzan... Ganera, baneukan buruan istorio bat bueltaka. Apurka-apurka istorioa eregiten hasi nintzan, hara eta hona bidaian nenbilela. Liburuaren arkitekturea prest neukan orain dala bost bat urte. Neure buruari aurrera esan, eta idazten hasi nintzen, testua amaitu, eta argitaletxeetara bialdu neban.


2.- XI. mendeko vikingoak, merkatariak eta esploratzaileak, dira nobelako protagonistak. Zergaitik aukeratu dozu gai hori?

Lana dala-eta Islandiara, Faroe uharteetara, Norvegiara eta Eskandinaviara hainbat bidaia egiten dodaz. Han konturatu nintzan vikingoen mundua oso ezezaguna dala hemen, eta orokorrean Europa iparraldeaz ezer gitxi dakigula. Gure ikuspuntutik Mare nostrum-en sortu zan dana, merkataritzea, bidaiak eta abar. Vikingoak, barriz, barbaro batzuk dira basatiak, beti burrukan dagoan herria. Baina, gitxika-gitxika ikusi neban ze informazino gitxi eta eskasa daukagun. Arlo askotan, XI. mendean vikingoak gu baino askoz aurreratuagoak ziran.


3.- Europa iparraldean merkataritza sare bat sortzekotan dabilen vikingo taldea da zure nobelako protagonistea, baina tartean Eneco de Baigorri bermeotarra dago...

Eneco de Baigorri Vermelion bizi da, itsasoari begira dago beti, herritik urten gura dau, urrunera. Eta azkenean lortzen dau. Arroxelara egindako bidai batean nabigatzaile vikingoak ezagutzen ditu eta itzelezko abentura bati ekingo deutso. XI. mendeko vascoia da, orduko euskalduna. Jente barria ezagutu gura, gauza barriak, leku ezezagunak.


4.- Jakin-minak eta bizirauteko pasinoak bultzatzen ditu protagonistak itsasora.

Jakin-mina da gizartea aurrerantz daroan motor edo eragilea. Liburuan, bai XI. bai XXI. mendeko istorioetan jakin-mina da eragilea, eta horrek egiten dau posible aurrera egitea. Kontzeptu batzuei, berbarako, adimenari, garrantzi larregi emoten jako, eta sarritan barrikuntzeari buruz berba egiten dogu, baina barrikuntzea ez ete da jakin-mina? Nire eretxiz, jakin-minik ez daukan gizartea geratu egiten da.


5.- Gaur egun, akaso galdu egin dogu jakin-mina?

Galdu dogula uste dot, bai. Orokorrean, personak helduaroan jakin-min gitxiago daukagu, umetan, ostera, beti daukagu jakiteko gogo eta pasino ikaragarria. Nagusitan jakin-mina gauza negatibo lez ikusten dogu. Gaur egungo gizartea ziurrenik ez litxake posible jakin-min barik.


6.- Thorvald Herjolfsson vikingoa eta Eneco de Baigorri baskoia personaien bitartez, gizarte bi aurrez aurrez agiri dira...

Bai, duda barik. Ipar eta hego Europaren artean alde handiak egozan sasoi haretan, eta gaur egun be egon badagoz, jakina. Orduan, hartu-emon gitxi egozan, globalizazinorik ez egoan... beraz gizarte bien arteko desbardintasunak oso handiak ziran. Hemen erlijinoak eragin handia eukan, han ez hainbeste. Batzuek dinoenez, Euskal Herrian Eleizeak ez eukan hainbeste podere. Kontua da XI. mendeko agiri guztiak Eleizearen ganekoak dirala.


7.- Nobelea irakurriz, vikingoen gizartea askeagoa zala begitantzen jaku, halan zan?

Nik ikertutakoaren arabera, bai, gizarte libreagoa zan, eta personen arteko hartu-emonak askeagoak ziran.


8.- Halan da be, bikingoen inguruko kondaira baltz asko dago, aurreretxi ugari, ezta? Liburuan bertan be, Enecok ez dauka eretxi lar onik...

Barbaro hutsak zirala ailegau da gaur egunera arte. Baina hori ez da egia. Gure inguruan merkataritzeak indarra hartu orduko, Hansa Alkartea martxan egoan Europa iparraldean, Alemania, Danimarka, Norvegia, Suedia, Errusia, Finlandia eta abarren artean. XII. mendean, berau izango zan Europako merkataritza sarerik handiena. Hego Europako herrialdeen arteko hartu-emon komerziala baino askoz lehenago izan zan hori.


9.- Eta zure Atlantikoko Alkartea, XI. mendekoa da, arinagokoa, beraz.

Bai, lehenagokoa da, baina nik asmautako gauza bat da. Dana dala, Hansa sortu baino lehen hartu-emon komertzial asko egoan Europa iparraldeko uriburu nagusien artean, gaur egungo Suediako Visby uriaren inguruan. Nik asmau dot izena, baina izan eikean antzeko alkarte bat akaso...


10.- Beharra dala-eta, sarri bidaiatzen dozu herrialde horreetara. Gaur egun be geurea baino gizarte askeagoa dala pentsetan dozu?

Ba, baietz uste dot. Normalean gizarte edegiagoa da. Jenteak gure aldean beste helburu batzuk daukaz, akaso gureak baino txikiagoak, apalagoak. Gitxiagogaz konformetan dira, horregaitik bizi dira hain ondo. Bizitzaz guk baino gitxiago espero dabe, horregaitik bizi dira zoriontsuago.

Beste alde batetik, jenteak badino Europa iparraldean jente askok bere burua hilten dauela, eta hori ez dala seinale ona. Batzutan matematikak guzurtiak dira: 100.000 lagunetik hiruk edo seik bere burua hiltea ez da gauza bera, baina begira zenbateko populazinoaz gabilzan berbetan. Norvegian, Suedian, Islandian... erlijinoak ez dau hainbesteko eraginik euki.

Gurean, norbere burua hiltea pekatua zan, herrialde horretan, barriz, ez dauka holango esangurarik. Gizarte horreetan, Japonian be antzera, batzuetan ohore kontua da norbere burua hiltea. Eta horrek ez dau esan nahi okerrago bizi diranik. Han, Alzheimer edo minbiziaren azkenengo faseetan dagozan hainbat personak bere burua hiltea erabagiten dau, familiagaz batera egiten dabe; hemen, ostera, azkenera arte bizitera behartuta gagoz, askotan sufrimentu hutsa besterik ez da, bai eurentzako bai etxekoentzako.


11.- Fikzinoa da nagusi zure liburuan, baina personaia eta jazoera historikoak be badagoz, ezta?

Leifr Eirikson eta Bjarni Bjarni Herjólfsson esploratzaileak personaia historikoak dira. Eirikson izan zan Ameriketaraino ailegau zan lehenengo europarra. Saga deitutako testuetan agiri dira biak; sagak ahozko tradizinoan oinarrituta dagoz, menderik mende ailegau dira gaur egunera arte.


12.- Ba, hemen Cristobal Colon izan zala erakutsi deuskue eskolan...

18 urtera arte-edo neuk be ez nekien bikingoak heldu zirala lehenengo Ameriketara. Ordu arte, eskolan, Colon, Colon eta Colon, bera zan lehenengoa. Norvegiara, Kanadara edo AEBetan bestelakoa ikusi dot. Oslon, Seatlen, Chicagon... eta beste hainbat uritan Leifr Eiriksonen omenezko estatuak dagoz bera izan zala lehenengo europarra gogoratuz.

Hemen, barriz, inork ez dau ezagutzen. Haren aita ezagunagoa da, Erik Gorria. Oso txarra zalako ezagutzen dogu, batez be.


13.- Dokumentazino lan handia egin behar izan dozu hainbeste datu batzeko...

Denpora asko emon dot dokumentuak irakurten eta aztertzen. Hiru-lau datu historiko hartu, eta hortik tiraka hasi naz.

Gure inguruko liburutegietan ez dot ia ezer topau bikingoen ganean, hemendik kanpo egin dot ikerketa guztia, Danimarkan eta Faroe uharteetan, esaterako. Datuak batzen hasi nintzan, eta kontxo!, han zeozer baegoala ikusi neban.


14.- Gizon indartsuez aparte, emakume indartsuak agiri dira liburuan, Kattalin Torrontegi eta Maria de Baigorri.

Abentura liburuetan gizonak dira nagusi, eta emakumeak badagoz, beti dira ahulak eta garrantzi bakoak. Gizon bikingoek denpora luzea emoten eben kanpoan, itsasoan, eta emakumeak etxean geratzen ziran, eurek hartzen eben gizartearen ardurea. Zein da garrantzitsuagoa? Zein da lehenago arrautzea edo oiloa? Gizonak itsasoan eta emakumeak portuan, biak dira garrantzitsuak; orekea lortzea da kontua. Horregaitik, emakume indartsuak sortu dodaz, ez dira ahulak, euren eretxiak ditue, eta erabagiak hartzen ditue, ez dagoz gizonen borondatearen menpe.


15.- Amaiera edegia dauka istorioak, bigarren zatirik egongo ete da?

Istorioak garapen luzea dauka, ez eukan amaiera itxirik behar. Ez dakit bigarren zatia egingo dodan ala ez, jenteak animetako dinost, baina ikusiko dogu. Aukerea hor dago, amaiera edegia da eta. Jenteak animetan nau, amaitu behar dodala dinoe, bigarren zatia falta dala... Ikusiko dogu. Informazino asko daukat batuta, ez dodana erabili, akaso bigarren zatirako balioko leuke. Gaur eguneko istorioa, Holger Boenisch irakaslearena, be edegita itxi dot; igual ikerketak egiten segiduko dau, badaukat idearen bat.


16.- Baina, uste dot, badaukazula beste libururen bat erdi prest, ezta?

Bai, bigarren liburua idatzita daukat, zuzenketak egiten nabil. Hile batzuk barru argitaletxera eroango dot, ia zer egiten dogun. Istorio oso desbardina da, gaur egunean pasetan da; gaur egungo bizimoduari eta gizarteari buruzko kritika asko dauka. Eta badaukat beste liburu baterako materiala be...

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu