Irati Iciar: 'Aurten 100 matrikula gehiago lortu doguz, sekulako arrakastea euki dabe'
2012-07-19 17:29 BarriketanUEUko ikastaroetako arduraduna
Orain 40 urte sortu ziran UEUren Udako Ikastaroak. Lau hamarkadatan hainbat arlo jorratu eta hainbat pausu emon ditue Euskal Unibersidadea eregiteko bidean. Donibane Lohitzunen antolatu ziran lehenengo ikastaroak 1973an.
Halanda be urteurren gazi-gozoa izan da, Eusko Jaurlaritzearen laguntzino nominal barik aurrera egin behar izan dau eta UEUk ikasturte honetan. Dana dala, sekulako arrakastea euki dabe ikastaroek. Eskolak amaitu barri, Irati Iciar ikastastaroen arduradunak aurtengo balorazinoa eskaini deusku.
1.- Eskaintza zabala izan dozue aurten Udako Ikastaroetan, ezta?
Bai. Erronkea ipini geuntson geure buruari aurtengorako: 40 ikastaro eskaintzea. Alde batetik, zenbaki biribila da, eta bestetik, gure urteurrenerako sinbolikoa bere bai. Erronka handia zan guretzat, azken urteotan 35 ikastaro inguru eskaini doguz eta. Baina erronkea, lortuta!
2.- Antolakuntzearen ardurea sail desbardinek hartzen dabe?
Auzolana sustatu nahi izaten dogu antolakuntzan. Horregaitik, antolatzaileak UEUkideak eta UEUko sailak dira: Historia, Informatika, Natura Zientziak, Filosofia, Soziologia eta Kimika sailak. Bestetik, UEUren inguruko alkarte eta erakundeak be badabilz antolakuntzan: EIZIE, Joxemi Zumalabe, Garabide... Azkenik, UEUgaz lan egiten daben formazinoko profesionalak be egon dira lanean. Holan lortzen da eskaintzen dogun eskaintza anitza sortzea eta UEUko ia jakintza arlo guztiak lantzea. Eskaintzen diran ikastaroak espezializatuak, dibulgazinozkoak eta garapen personalekoak dira, eta horregaitik eskatzen dabe arloen inplikazinoa.
3.- Nondik nora ibili zarie ikastaroetan?
Bagilaren 26an hasi ziran 2012ko Udako Ikastaroak, eta garagarrilaren 18an amaitu dira. Eibarren egin bi aste egin doguz, Markeskoa Jauretxean, UEUren ikastetxe nagusian. Baionan be izan gara IUT fakultadean, Baionako Unibersidadean, hirugarren urtez. Iruñean amaitu dira ikastaroak; bigarren urtez, Jaso ikastolan antolatu dira. Benetan eskerrak eman nahi deutseguz bai Baionako IUT fakultadeko eta Jaso ikastolako arduradunei euren eskuzabaltasunagaitik eta laguntzagaitik.
4.- Ikastaroen ze balorazino egin dozue?
Oraindino goiz da datu estadistiko eta ekonomikoak atarateko, baina orokorrean balorazinoa oso positiboa da. Aurten %31 igo dira Udako Ikastaroen matrikulak, sekulako arrakastea euki dabe. Guztira 31 ikastaro emon dira eta danetara 413 matrikula egon dira, igaz baino 100 gehiago. Guztira 520 partaide ibili dira aurtengo ikastaroetan, itzela da hori. Irailerako egingo da balorazino zehatza, baina orokorrean marketako helburu akademiko eta ekonomikoak lortu dirala esan daiteke. Jendeagaz berba egin dogunean oso sensazino positiboa geratu jaku, bai ikasleekaz, baita irakasleekaz bere. Balorazinoa personala da momentuz, datu zehatzetan oinarritu bakoa, baina primerakoa izango dala aurreikusten dogu.
5.- 40. urteurrena ospatu duzue aurten. Ospakizunik egin dozue?
Baionan egin genduan ospakizun jaia garagarrilaren 5ean. Bertan izan ziran Jean Haritschelhar, Eneko Bidegain, Asisko Urmeneta, UEUren sortzaileak, antolatzaileak, kazetariak, eta beste hainbat eta hainbat konbidadu berezi. Baina Udako Ikastaroez gan, urte osoan be egin dogu urteurren kanpainea UEUren errekonozimendua lantzeko. UEUk euskal gizarteari egiten deutson ekarpena aldarrikatu, erakutsi eta islatu nahi izan da aurten. Horretarako hainbat ekimen berezi jarri doguz abian: bizipenen bloga, opari bonoak eta abar.
6.- Halan be, ez da zuentzako momenturik onena, ezta?
Ospakizun gazi-gozoa izan da aurtengoa, bai. UEUk momentu delikadua bizi dau, izan be, Eusko Jaurlaritzearen diru-laguntza nominala galdu dau aurten. Alde ekonomikoan, beraz, neurri gogorrak hartu behar izan dira, jentea kaleratua izan da eta beste guztiok lanaldi murriztuan gagoz.
7.- Jenteak horren aurrean erantzuten dau?
Aurten modu berezian igarri da UEUri laguntzeko gogoa, jasotako babesa, ikastaroak proponiduteko sasoian, doban eskainitako ikastaro asko... Ikastaroetako kafe orduan adibidez, jente ugari hurreratu da idazkaritzara edo guregana UEUri buruz galdetzera edo urtea zelan joan dan jakin nahian.
8.- Irailean bueltauko zarie ikasturte barriagaz?
Bai, eta beti lez, ilusinoz, anbizinoz eta lanerako gogo handiz. 40 urte pasau dira eta beste hainbeste bete nahiko geunkez gitxienez. Lanean segiduko dogu, beti, Euskal Unibersidadearen alde.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!