XX. Euskal Encounterrek errealidade birtualeko esperientzia eskainiko dau Lleida Liquid Galaxy proiektuaren bitartez

Bizkaie! 2012-07-19 12:44

Lleida Liquid Galaxy proiektu berezia da, munduan 21 gailu besterik ez baitagoz. Google Earth motorra erabilten dabe eta 55 hazbeteko zortzi pantaila ditue, 270 graduko irudia osotuz erabiltzailearen inguruan. Holan, egundoko hegaldi sentsazinoa sortzen dabe.

Errealidade birtualean oinarritutako Lleida Liquid Galaxy dibulgazinozko proiektua aurkeztuko dabe XX. Euskal Encounter-en. Holan, bisitariek aukerea izango dabe ilargira hurreratu eta NASAk bertan egindako misinoak ezagutzeko, Marteren erliebeak ikusteko eta munduko 30 bat uritara hegan joateko. Proiektu hori Google Earthek sortutako inguruneak aprobetxetan dituan zortzi pantaila erraldoiz osotutako gailu batean datza.

Euskal Encounterrek, hogeigarren ekitaldi honegaz, are gehiago sendotzen dau bere lidergoa Espainian, Estaduko party handiena eta zaharrena baita. Garagarrilaren 26tik 29ra bitartean, Barakaldoko Bilbao Exhibition Centre gunean egingo dan makroekitaldi honek publikoari ateak edegiko deutsoz, 4.000 ordenagailu eta 6.000 partaideek sortuko daben giro aparta ezagutu deien. Euskaltel Fundazinoak antolatutako ekimenaren babesle dira Euskaltel, Eusko Jaurlaritza Spriren bitartez eta Bizkaiko Foru Aldundia.

Egitarauaren barruan antolatutako hitzaldi eta tailerrak be dobakoak izango dira, eta edonork parte hartu ahal izango dau horreetan. Berbaldietan jorratuko dituen gaien artean aitagarriak dira segurtasun informatikoa, etorkizuneko sareak, Interneteko zinema proposamenak, bideojokoak, hezkuntzarako teknologia barriak edo proiektu barriak finantzatzeko kontuan izan beharreko gakoak. Tailerretan, barriz, programazinoa, bideojokoak, musika digitala, 3D animazinoa eta diseinu grafikoa landuko ditue. Eta beste ekimen deigarri batzuk be izango dira tarteko, ukelelea joten ikasteko tailerra, esaterako.


Opengune eta Lleida Liquid Galaxy

Lleida Liquid Galaxy proiektu berezia da, munduan 21 gailu besterik ez baitagoz. Google Earth motorra erabilten dabe eta 55 hazbeteko zortzi pantaila ditue, 270 graduko irudia osotuz erabiltzailearen inguruan. Holan, egundoko hegaldi sentsazinoa sortzen dabe.

Ilargiko edo Marteko gainazala behatu ez eze, oso erakargarria da munduko uri garrantzitsuenak ezagutu ahal izatea, bertako eraikinak 3 dimensinotan ikus baitaitekez. Proiektu honek aukera didaktiko handiak eskaintzen ditu eta, beraz, oso gomendagarria da edade guztietako personentzat.

Opengunen jarriko dabe errealitate birtualeko gailua. Zona edegi hori hirugarren urtez antolatuko dabe eta, aurten gainera, kokapen barria izango dau, sarrerako atarian. Leku erosoagoa izango da hori BECera hurreratzen diranentzat puntako produktu teknologikoak erostera eta informatikearen sektoreko proposamen barrienak ezagutzera.


1.000 bideo-jokalari baino gehiago

Euskal Encounterren barruan gauzatzen dan eta munduko hiru Counter Strike txapelketa garrantzitsuenen artean dagoan Gamegune 2012 bideo-jokalari profesionalen lehiaketako izen-emoteak laster zarratuko ditue. Munduko talde onenak etorriko dira BECera, 15 herrialdetako ordezkariak.

Bestalde, amateur bideojoko txapelketek mila jokalaritik gora batuko ditue. Danetara, 15 proba ofizial baino gehiago jokatuko dira eta bideojokoen arloa bera izango da partaidetza gehien bereganatuko dauen atala Euskal Encounterren.

Jarduera horreez gan, hardware eta software libreko lehiaketak izango dira, eta parte-hartzaileek euren ordenagailuen errendimendua eta itxura estetikoa hobetzeko lan egin beharko dabe. Programazinoagaz loturiko frogak be gauzatuko dira, baita arte digitalagaz eta aisialdiagaz lotutako ekintzak be.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu