Errobiko Festibalak uri pastoralaren bideak jorratuko ditu garagarrilaren 19tik 22ra bitartean
2012-07-19 11:21 MusikeaErrobiko Festibalaren 17. edizinoa martxan da Itsasun. Ama lurretik hiri pastoralera... Hiri pastoral baten bideetan lemapean, Euskal Herria, Etiopia, Madagaskar eta Bretainiako musikea eta jantzeaz gozetako aukera ederra izango da garagarrilaren 19tik 22ra.
Errobiko Festibalaren 17. edizinoa martxan da Itsasun. Ama lurretik hiri pastoralera... Hiri pastoral baten bideetan lemapean, Euskal Herria, Etiopia, Madagaskar eta Bretainiako musikea eta jantzeaz gozetako aukera ederra izango da garagarrilaren 19tik 22ra. Kontzertu eta jantza emonaldiez aparte, berbaldiak, ikastaroak eta ibilaldiak antolatu ditue.
Pastorala, sorkuntza artistikoaren bide barriak danentzako sormen gune bilakatu daitekez? berbaldiagaz abiatuko dau, 17:00etan, jaialdiko gidari Beñat Axiarik egitaraua, eta beragaz batera, Armand Gatti idazle eta antzergilea izango da. Izan be, pastorala da aurtengo jaialdiaren ardatz garrantzitsuenetakoa; datorren urtean uri pastorala egingo dabe Bokalen, Errobi erreka inguruan, eta haren ganeko gogoetek leku berezia eukiko dabe jaialdian.
Berbaldiaren ostean, Patxi Laskarairen erakusketea edegiko dabe. Laskaraik pastoraletako eta maskaradetako erretratuak, industri inguruneetan egindakoekaz batera, erakutsiko ditu. Ondoren, 21:30ean, Julen Axiari kantariak emonaldia eskainiko dau, Josean Artze, Agustin Zamora eta Itxaro Bordaren testuak lagun. Michel Portalen jazz eta musika klasikoko doinuak zerratuko dabe jaialdiko lehenengo eguna.
Errobiko Festibalak konsumo hutserako kultura bategaz konformetan ez diranakaz bat egiten dau, Beñat Axiari jaialdiko buruaren esanetan, eta persona horreek kulturaren partaide eta aktore izan daitekez.
Barikuan, garagarrilaren 20an, Mixel Etxekoparrek eta Nicole Lougarotek Pastorala eta bere herria, populua... berbaldia emongo dabe, 10:00etan. Helduentzako ibilbide artistikoak eta umeentzako ibilbideak egingo ditue 15:00etan. Ostean, 17:00etan, musikea nagusi izango da: Kako Cavalie, pierre Thibaud, Didier Lasserre, Fabien Duscombs eta Sylvain Darrifourcq. Iluntzean, 21:30ean, Bretainiako Erwan eta Guenole Keravec anaiek eta Etenesh Wassie kantari etiopiarraren kontzertua izango da.
Zapatuan be berbaldi batek abiatuko dau egitaraua, 10:00etan: Transmisinoa bizi, Jojo Etxebarne eta Francois Verlet, Serge Maury eta Agustin Errotabehereren eskutik. Bazkalostean, 15:30ean, ibilbide artistikoak egingo ditue eta Maddi Oihenartek kantaldia eskainiko dau. Iluntzeko kontzertua Philippe Ezkurraren esku egongo da; Turkia, Euskal Herria, Portugal eta Brasileko doinuak ekarriko ditu. Magadaskarreko Regis Gizavo akordeoi-jotzaileak itxiko dau eguna.
Domekan, 10:00etan, Errobiko Festibalean parte hartu daben artistek eta lagunek ibilbide poetikoa egingo dabe Arrano mendian.
Egitarau oso-osoa, hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!