%13 igon dira BTEKera bisitak urteko lehen seihilekoan

Bizkaie! 2012-07-18 16:25

Teknologia gazteei, modu dibertigarri eta didaktikoan hurreratzea eta zientzia eta teknologiagazko jakinmina sortzea helburu dauen BTEK zentroaren jardun nagusia Hezkuntza Zentroetako bisitak dira, batez be bigarren hezkuntzako ikasleenak.

BTEK, Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkeko Teknologiaren Interpretazino Zentroak 1.800 bisitari jaso ditu aurtengo lehen sei hilebeteetan, igazko epe berean baino %13 gehiago. Bisita gehienak Hezkuntza Zentroetako ikasle eta irakasleenak izan dira. Horreetatik 228 irakasleak izan dira, batzuk ikasleakaz etorritakoak, baina gehienak 145 hain zuzen be irakasleentzako atondutako ekitaldietan parte hartu dabenak. Izan be, aurtengo lehen sei hilebeteetan irakasleei zuzendutako bederatzi jardunaldi antolatu baitira BTEKen.

Bisitarien jatorriari jagokonez, Bizkaikoak dira nagusi, %67; %20 Gipuzkoatik etorri dira eta %7, barriz, Arabatik.

Teknologia gazteei, modu dibertigarri eta didaktikoan hurreratzea eta zientzia eta teknologiagazko jakinmina sortzea helburu dauen BTEK zentroaren jardun nagusia Hezkuntza Zentroetako bisitak dira, batez be bigarren hezkuntzako ikasleenak. Bisita horreen osogarri, zentroak Robotika eta Bioteknologia Tailerrak abiarazo zituan 2011. urtean, azken hau FECYTen (Zientzia eta Teknologiarako Fundazino espainiarra) laguntzinoagaz. Datorren urterako Hidrogeno eta Energia Barriztagarriei buruzko tailerra abiarazotea aurreikusten da, Zero High Tech Park proiektu europarraren Life+ programeari atxikita.

2012 urte hasieran, Teknologia eta Kirola buztartzen dituan hitzarmena sinatu eben BTEK eta Athletic Fundazinoak; hitzarmen honen ondorioz, Ander Herrera eta Fernando Amorebieta jokalarien irudia ardatz nagusi hartzen dauen sustapen kanpainea jarri eban martxan zentroak. Kanpaineari esker, BTEK bisitetako eskaerak nabarmen igon dira azken hilebeteetan. Era berean, Athletic Fundazinoak antolatzen dituan Kirol campusen egitarauaren barruan, aurten Athletic campuseko 200dik gora gazte etorriko dira BTEK bisitetan garagarrilean eta abuztuan.

BTEK European network of science centres and museums, Europako Zientzia zentro eta museoen sareko kidea da eta pausuak emoten dago Estatuko Zientzia Museoen Sareko kide bihurtzeko; datorren urrian Madrilen egingo dan zuzendarien bilerara konbidau dabe BTEKeko zuzendaria.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu