Euskerearen ezagutzeak gora eta erabilereak behera, V. Inkesta Soziolinguistikoaren arabera

Bizkaie! 2012-07-17 12:31   Euskerea berbagai

Euskal Autonomia Erkidegoko, Nafarroako eta Ipar Euskal Herriko V. Inkesta Soziolinguistikoaren emoitza nagusiak azaldu barri ditue. Datuen arabera, azkenengo 20 urteotan elebidun hartzaile gazteak nabarmen hazi dira, baina euskerearen erabilerea bajatu egin da.

Euskal Autonomia Erkidegoko, Nafarroako eta Ipar Euskal Herriko V. Inkesta Soziolinguistikoaren emoitza nagusiak azaldu barri ditue. Datuen arabera, azkenengo 20 urteotan elebidun hartzaile gazteak nabarmen hazi dira, baina euskerearen erabilerea bajatu egin da.

Lurdes Auzmendi Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordeak, Ivan Igartua Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako zuzendariak, Julen Calvo Euskarabidea Euskararen Nafar Institutuko Euskararen Prestakuntza eta Sustapenerako Zerbitzuko zuzendariak, Frantxua Maïtia Uskararen Erakunde Publikoko presidenteak eta Andoni Sagarna Euskaltzaindiako Iker saileko buruak aurkeztu dabe inkestea.

Inkesta soziolinguistikoak Euskal Herriko 16 urte edo gehiagoko biztanleak hartzen ditu kontuan, 2.650.000 lagun gitxi gorabehera. Danetara, 7.800 inkesta egin dira; 4.100 EAEn, 2.000 Ipar Euskal Herrian, eta 1.700 Nafarroan. Galdetegi egituratua eta itxia erabili da.

Lau ikerketa-eremu jaso ditu V. Inkesta Soziolinguistikoak: herritarren hizkuntza-gaitasuna, hizkuntzearen transmisinoa, euskerearen erabilerea hainbat arlotan (etxean, lagunartean, lanean eta eremu formaletan) eta euskerearen inguruko jarrerea. Kanpolana Siadeco enpreseak egin dau, 2011ko bagila eta abendu bitartean, telefono bidez.

Makina bat datu emon zituen prentsaurrekoan. Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuorde Lurdes Auzmendik elebidunak nabarmen ugaldu dirala azpimarratu eban: 16 urte edo gehiagoko biztanleen artean, 1991n baino 185.600 elebidun gehiago dagoz 2011n. Hazkundea Nafarroan eta EAEn izan da, batez be. Ipar Euskal Herrian, barriz, elebidunek behera egin dabe, nahiz eta gazteen artean kopurua hazi egin dan.

Erdaldunen ehunekoak behera egin dau EAEn eta Nafarroan, Iparraldean, ostera gora egin dau bai kopuruak bai ehunekoak be. Ezagutzeak gora egin arren, biztanleen gehiengoa erdalduna da, %58,9. Ganera, ehunekoek gora egin dabe Lapurdi, Zuberoa eta Nafarroa Beherean.

Inkesta soziolinguistikoaren arabera, herritarren %27 elebiduna da gaur egun, eta elebidun hartzaileak bikoiztu egin dira. Baina, hizkuntzearen erabileran datuak bestelakoak dira, izan be elebidunen euskeraren erabilerea 1991n baino txikiagoa da. Herritarren %16,1ek erabilten dau euskerea erderea beste edo gehiago. Euskerea erderea beste edo gehiago Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan igon da, %13,7tik %16,1era; Nafarroan antzera segiduten dau; eta Ipar Euskal Herrian behera egin dau, %13,3tik %9,6ra, hain zuzen be.

Auzmendiren esanetan, batutako datuak osotasunean hartuta, baieztatu daiteke elebitasuna gora doala EAEn eta Nafarroan. EAEn indartsu, eta Nafarroan apalago baina eten barik. Iparraldean, barriz, galerak dagoz oraindino. Halan be, Iparraldeko gazteen artean gora egin dabe elebidunen ehunekoak eta kopuruak.

Adinaren arabera, 50 urtetik beherakoen artean, gora egin dau euskera erderea beste edo gehiago erabilten dabenen kopurua; baina, nagusiagoen artean, behera egin dau. Gazte elebidunen artean, 24 eta 35 urte bitarteakoen artean, %58tik %49ra bajatu da erabilerea.

Euskerearen transmisinoari jagokonez, guraso biak elebidunak diranean, ia erabatekoa da EAEn eta Nafarroan (%97 EAEn, %95 Nafarroan), baina ez Lapurdi, Zuberoa eta Nafarroa Beherean (%87). Bikote mistoetan transmisinoak gora egin dau: %71 EAEn, %67 Nafarroan eta %56 Ipar Euskal Herrian.

Euskarearen aldeko jarrerak eta ha indarbarritzeko borondatea sendotu egin dira EAEn eta Nafarroan, baina ez Lapurdi, Zuberoa eta Nafarroa Beherean. Euskerearen erabilerea sustatzearen alde dagoz herritarren %55,2, Nafarroan egin dau batez be gora kopuruak. Halanda be, Nafarroan dago oraindino euskeraren erabilerea sustatzearen kontrako jarrerarik nabarmenena, hain zuzen be, %34,5 kontra dago.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu