Olatz Altuna: 'Belaunaldi gazteek gero eta gehiago erabilten dabe euskerea'
2012-07-16 11:13 BarriketanEuskal Herriko hizkuntza-Erabilerearen VI Kale Neurketearen emoitzak aurkeztu ditue egunotan Euskaltzaindiaren Donostiako egoitzan, Tolare baserrian. Kale erabilerearen neurketa ibilbide luzeko ikerketa-lan zabala da, Siadecoren eta Euskal Kultur Batzordearen –EKB- eskutik abiatu, eta gaur egun, 22 urteren ostean, Soziolinguistika Klusterrak egiten dauena.
Neurketearen I. edizinoa 1989an egin zan, eta azkena, VI.a, 2011n egin da. Hogeita bi urtetan sei argazki atara jakoz euskerearen erabilereari Euskal Herri osoan. Argazki horreek aukerea emoten dabe une momentu bateko egoerea zertan dan jakiteko, eta, batez be, urteotako bilakaerea zelakoa dan ezagutzeko.
Azken neurketako datu asko zabaldu ditue baina deigarriena, akaso, azken 15 urteotan %13an egonkortu egin dala euskerearen kale erabilerea, trabatuta dagoala, geldiunean. Datu honeek eta bestelakoak jorratzeko Soziolinguistika klusterreko Olatz Altuna konbidau dogu.
1.- Jose Luis Alvarez Enparantza, Txillardegi, urte honen hasieran hil zan eta zeozelan omenaldia egin gura izan deutsazue, besteak beste, bera izan zalako 1989an erabilerearen neurketea bultzatu ebana...
Bai. Aitzindarietako bat izan zan; beste batzuen artean berak ikusten eban oso garrantzitsua zala kalean euskerearen presentzia kuantifikatzea eta garai haretan, Siadecok sortu eban gaur egun oinarritzat erabilten dogun metodologia nahiz eta egun zeozelan egokituta, aldatuta egon. Esandakoak esanda, gaur egun euskerearen egoerea, osasuna neurtzeko ezinbesteko erreferentzia dira kale erabilereari buruzko datuak eta horreek batzen gabiz azken 22 urteotan.
2.- 2011ko VI. Neurketa honetan Euskal Herri osoko 97 udalerri neurtu dira, eta 154.277 alkarrizketaren nahiz 363.616 hiztunen informazinoa batu da. Datuen bolumena handia da baina ondorioen fidagarritasuna zenbatekoa da?
Sekulako lana izan da, bai eta datuen bolumena ikaragarria. Euskal Herri osoan % 95eko konfidantza maileagaz, 0,4ko akats tartea edo lagin akatsa dogu. Ez doguz alkarrizketa eta hiztun guztiak neurtzen, lagin bat jasoten dogu eta aurten, lehenengo aldiz eredu matematiko bat sortu da laginaren akatsa kalkulau ahal izateko eta esandako moduan, akats tarte hori 0,4koa da.
3.- 1989tik 2,5 puntu egin dau gora euskerearen kale erabilereak baina 1997tik hona ez dau %13ko portzentajea gainditu. Euskerearen kale erabilereak goia jo dauela esan dozue baina ez al da hori lartxu esatea?
Datuak datu dira eta horixe da jaso dogun portzentajea. 1997tik 2011ra, 14 urteko tarte horretan, euskerearen kale erabilereari buruzko datua egonkortu egin da, % 13koa da, ez da gorabeherarik izan; horregaitik esaten dogu euskerearen kale erabilerea, trabatuta dagoala, geldiunean. Azken lau neurketetan kale erabilerearen indizea geldi dago ez atzera ez aurrera.
Txillardegik be 90. hamarkadan zeozelan errealidade horren aukerea aurreikusi eban, ordura arteko kale erabilerearen ganeko datuak eskuan eta hizkuntz komunidade masa zenbatekoa zan jakinik, % 15 inguru horretan kokatzen eban gehieneko portzentajea, 'kopuru eskasa', berak esaten eban lez. Eta gaur gaurkoz, enpirikoki, ikerketa honen arabera, hori berretsi dogu, % 13 dala da azken lau neurketetan, 97tik hona, jaso dogun kale erabilera maila. Goia jo ete dogun, ez dago jakiterik baina horixe da azken urteotako jokerea. Kontua da euskal hiztun barriei euskeraz berba egiteko aukerak ahalbidetzen ez bajakez, sareak antolatzen ez badira nekez egingo dau gora, egungo baldintza soziolinguistikoak kontuan hartuta; hori da ikerketa honen inguruan dagoan batzorde zientifikoak egin dauen irakurketea.
4.- Bilboko kaleetan, berbarako, gero eta euskera gehiago entzuten dala esan deusku gure twitter lagun batek... Gizartean bestelakoa da sentsazinoa...
Bai. Twitter eta bestelako sare sozialetan astrapala handia eragin dabe datuok eta normala da, euskerearen egoereak eta geroak arduratzen gaitualako. Egia esan, danetariko eretxiak dagoz, pertzepzino kontuan ez dago mugarik, zuk dinozun horrek erabilera handiagoa igarten dau Bilboko kaleetan baina guri idatzi deuskun beste batek dino erabilera txikiagoa espero ebala. Bakotxak bere errealidadetik, bere inguru eta hurrekoakandik argazki bat atarako dau eta beste batek, barriz, kontrakoa edo desbardina bai behintzat. Zuretzat zuria dana, beste batentzat grisa izango da edo alderantziz. Pertzepzinoetatik, sentsazinoetatik sendotasun gitxi atarako dogu, ikerketa enpirikoa jarri dogu mahai gainean, batez be, hausnarketea eta aurrera begira egin beharreko pausuak identifiketako.
5.- Oro har ikusita, ze espero behar dogu datozen urteetarako?
Ez dago jakiterik. 2016an egingo dogu hurrengo neurketea. Baina bien bitartean, datuak lurraldeka aztertu ezkero, badira datu interesgarriak, berbarako, edade taldekako azterketan, orain 22 urte ez bezela, berreuskalduntzeko hurrenkera egokiena lortu dogu, hau da, zenbat eta gazteago izan gehiago erabilten da euskerea kalean; hori lehen ez zan gertatzen eta etorkizunari begira, ikusten da belaunaldi gazteek gero eta gehiago erabilten dabela euskerea, joera bat atzemoten da.
Dana dala, datuak eskuan, gogoetea egin, hausnartu, eztabaidatu eta emon beharreko pausuak zehazteko Euskerearen erabilerearen bilakaerea, egoerea eta norabidea datuen argitan izeneko EHUko udako ikastaroa antolatu dogu hilaren 16 eta 17rako EHUko udako ikastaroen barruan eta oso interesgarria izango da. Euskal Herriko zein kanpoko adituak etorriko dira eta aurrera begirako estimazinoak, joerak eta aurreikusteko momentua izango da, datuok itxi deuskuen argazkia sakon aztertzekoa, hain zuzen.
6.- Deigarria da datua: euskera gehien egiten dabenak 15 urtetik beherakoak dira eta gitxien egiten dabenak, barriz, 65 urtetik gorakoak...
Bai, Nafarroa kenduta, ume, gazte eta helduetan erabilereak gora egin dau lurralde guztietan eta 65 urtetik gorakoetan, barriz, behera. Edozelan be, espero genduzan datuak dira, hainbat hipotesi landu dira ikerketearen aurretik eta ez da sorpresarik izan; hor ibili dira beharrean, besteak beste, Kike Amonarriz eta Xabier Isasi eta esandako moduan aurreikusitako datuak izan dira. Jakina, datu orokorrak, Euskal Herri mailakoak dira horreek eta lurraldeka aztertuta gorabeherak dagoz, izan be, umeen atalean % 19koa izan da kale erabilerea eta %13koa gazteen artean. Umeak dinogunean, umeak 2-14 urte bitartean kokatu doguz eta gazteak, 15-24 urte bitartean. Metodologiari jagokonez, oso garrantzitsua da kontuan izatea behaketa bidezko metodologia erabili dogula; beharrean ibili duran 200 bat neurtzailek hiztunari ezer galdetu barik datua jasoten dabe.
65 urtetik gorakoen artean kale erabilereak behera egitea be espero genduan datua da, lehendik datorren jokerea da eta Euskal Herrian eta lurralde guztietan gertatzen da. Arrazoia da edadeko euskaldunenak hilten doazela eta erdaldunagoak diran helduen edade taldekoak zaharren tartera pasetan dirala.
Salbuespen batzuk be badira, berbarako, Nafarroan umeen atalean, zeozertxu behera egin dau kale erabilereak eta gazte eta helduetan, barriz, egonkortu egin da. Nafarroan, oro har, erabilerea %6an dago 2001etik hona.
7.- Gipuzkoan jaso da erabilera-mailarik altuena, % 32,7; Bizkaian % 9,4; hirugarren multzoan Iparraldea eta Nafarroa doguz, hurranez hurran % 6,2 eta % 5,7; Azkenik, gitxien erabilten dan lurraldea Araba da, % 4,0. Gipuzkoan goranzko jokerea nabarmendu da azken 22 urteotan eta ganerakoan ez da nobedade handirik izan, akaso, Iparralden, izan be, 1997tik 2006ra bajatu egin zan euskerearen erabilerea Iparraldean, baina joera hori aldatu egin da azken bosturtekoan, eta 2011ko datuak orain bost urtekoen bardinak dira...
Orain arte egindako sei neurketetan erabilereak gora egin dau Gipuzkoan. Lehenengo neurketan % 23koa izan zan eta %33koa, barriz, igazkoa, 22 urteko tartean, 10 puntu gora, beraz. Daturik positiboena da hori baina Iparraldekoa be aitatu gura neuke, izan be, aitatu dozun tarte horretan, 1997tik 2006ra, euskerearen erabilereak behera egin baeban be, 2006tik 2012ra bitartean antzeko datuak jaso dira.
8.- Unescok esana da %33tik beherako erabilerea daben hizkuntzak galtzeko arriskuan dagozala. Gipuzkoa be ez da heltzen portzentaje horretara... Datuak eskuan nahikoa baltza da euskerearen etorkizuna. Zein da zure eretxia?
Etsipen sentsazinoa dago eta datuak gazi-gozoak dira. Unescoren baieztapen horretan, aldagai asko kontuan hartzen ditue eta, beraz, datua huts-hutsean hartuta egoera baltza islatu arren, gauzea hori baino konplexuagoa da. Datozen egunotan jakingo doguz 2011ko inkesta soziolinguistikoaren datuak baina EAEkoak aurreratu deuskuez eta euskaldunen proportzinoa eta daukagun ezagutza maila kontuan hartuta, euskaldunak euskaldunakaz beti euskeraz egiten dauela hipotesia aintzat hartuta, erabilerea %7 ingurukoa zan. Beraz, Euskal Herriko hizkuntzen-erabilerearen VI Kale neurketeak dakarren %13ko datua ezin da txartzat hartu.
9.- Hizkuntza aniztasuna gero eta nabarmenagoa da. Bosturteko honetan euskerea, gaztelania eta frantsesa ez diran hizkuntzen erabilereak modu esanguratsuan egin dau gora: % 2,6tik % 3,7ra. Zelan balorau behar dogu datua?
Kontuan hartu behar da euskerea, gaztelania eta frantsesa ez diran hizkuntzen erabilerea aurreko ikerketan, 2006an, neurtu genduala lehenengo aldiz eta beraz, bost urteko bilakaerea baino ez daukagu. Esan dozun legez, tarte horretan puntu bat gora egin dau. Lurraldez lurralde be beste hizkuntzen erabilereak gora egin dau eta gaur egun Gasteizen, Bilbon eta Donostian, berbarako, beste hizkuntzen kale erabilerea euskerearena baino altuagoa da.
10.- Emoitza honeek guztiak eta Euskal Herriko Inkesta Soziolinguistikoarenak oinarritzat hartuta, interpretazinoetarako, hausnarketarako eta eztabaidarako aukerea izango da hilaren 16an eta 17an, Euskerearen erabilerearen bilakaerea, egoerea eta norabidea datuen argitan izeneko EHUko udako ikastaroan...
Bai, lehenengo egunean, astelehenean, Kultura saileko hizkuntza politikako teknikariek aurkeztuko ditue 2011ko Inkesta Soziolinguistikoaren datuak eta guk, barriz, hizkuntzen-erabilerearen VI Kale neurketearen emoitzak; hilaren 17an, adituen txandea izango da, goiz partean, unibersidadeko irakaslea eta batzordeko kidea dan Iñaki Martinez de Lunak 'Egoerearen balorazinoa eta norabide proposamenak' berbaldia eskainiko dau; Iñaki Yurrebaso, soziologoak eta batzordeko kideak bere irakurketea egingo dau 'Diagnostiko bat datuen argitan' berbaldian; hirugarren aditua, Albert Fabá (Consorci per a la Normalització Lingüística) izango da Euskerearen egoereari begirada bat Kataluniatik berbaldiagaz. Arratsaldean, eragilen txandea izango da; moderatzaile lanak Rosa Ramosek (Berriozarko Udala. EHKEN2011ko batzorde zientifikoko kidea) egingo ditu eta parte-hartzaileak: Sagrario aleman (IKA. Euskaltzaindia), Iñaki Lasa (Kontseilua),Iker Martinez de Lagos (Topagunea) eta Paxkal Indo (Seaska) izango dira.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!