'Ertibil-Bizkaia 2012' erakusketa ibiltaria Bilboko Rekalde aretora heldu da

Nagore Ferreira Zamalloa 2012-07-12 15:24   Kulturea

Ertibil-Bizkaia arte plastikoen erakusketa ibiltaria Bilboko Rekalde aretora ailegau da, eta bertan egongo da irailaren 2ra arte. 29. edizino honetako irabazle Sra. Polaroiska, Jon Macareno eta Mikeldi Pérez artistek aurkeztu dabe erakusketea, Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura zuzendari Gonzalo Olabarriagaz batera.

Ertibil-Bizkaia arte plastikoen erakusketa ibiltaria Bilboko Rekalde aretora ailegau da, eta bertan egongo da irailaren 2ra arte. Lehenago Basaurik izan da, eta ostean Bizkaiko hainbat herritan egongo da. 29. edizino honetako irabazle Sra. Polaroiska, Jon Macareno eta Mikeldi Pérez artistek aurkeztu dabe erakusketea, Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura zuzendari Gonzalo Olabarriagaz batera.

Bizkaiko eta Euskal Herriko artea sustatzea da Ertibil-Bizkaia ekimenaren helburu nagusia, eta Gonzalo Olabarriak nabarmendu dauenez, egile gazteak nazinoarteko erakusketen zirkuituetan sartzea eta gure lurralde historikoan artea jarduerea sortzea bere kontuan hartzen ditu.

Sra. Polaroiska taldeko Alaitz Arenzana eta Maria Ibarretxe bilbotarrek Pilota girls lanak jaso dau Ertibil-Bizkaia 2012ko lehenengo saria. Zinema esperimentala, bideo-jantzea eta performancea lantzen ditu kolektiboak. Lan sarituak gaur eguneko hainbat estereotipo zalantzan ipinten ditu. Bideopklipa eta zinemea dira Pilota girls ikus-entzunezkoaren osogai nagusiak. Sabotaje txiki bat egin dogu. Neska bat urian zehar dabil, esku pelotan jokatzen. Zailtasunak dira, trabak, azaldu dabe Arenzana eta Ibarretxek. Emakumeek, neskek, neskatoek bizi behar dituen egoeren analogia egin gura izan dogu, eta beste arlo batzuetara eroan daiteke, karera profesionalera, berbarako, ganeratu dabe egileek.

Patri Espinar da Pilota Girls istorioko heroia. Musikea Beastie Boys taldearen Sabotage abestiaren bersinoa da, Arenzanak berak abestutakoa, berba batzuk aldatuta.

Jon Macareno barakaldarrak bigarren saria jaso dau, berunezko orangutan bat irudikatzen dauen eskutureagaitik. Naturearen alde basatia gaia nire obran sartu nahi izan dot, gizakia eta naturearen arteko hartu-emonetan sakondu, adierazo dau Macarenok. Artea beste barik, artea arteagaitik dau gustuko barakaldarrak. Ez dot nire burua ezelango korronte edo estilotan sartzen -dino- askatasun osoz egite dot lan, bai gaiei bai euskarriei jagokienez.

Hirugarren saria Mikeldi Pérez getxoztarrak irabazi dau. Argiaren eta espazioaren arteko gatazkea batu ditu bere pinturan, irudi lez ulertu daitekeen piezea sortu dau, baina modu berean, piezearen materialtasunak ikusleari fisikoki eragiten deutsa. Irudi digitalak eta piktorikoak eta euren euskarriak aurrez aurre ipini dodaz. Autobus geltokietako markesinetako publizidade kartelak, argiak sortzen dituan efektuak, hartu dodaz ardatz.

Aurten 101 artistak egindako 138 lanek hartu dabe parte, eta horreen artean epaimahaiak 20 lan aukeratu ditu. Sariei jagokienez, lehenengo sarituak 5.000 euroko jaso ditu, bigarrenak, 4.000 euro, eta hirugarrenak, 3.000. Aukeratutako ganerako beharrek 2.000 eurona hartuko ditue.

Bilbon irailaren 2ra arte egongo da Ertibil Bizkaia 2012 etrakusketea, ostean, ondoko herrietan izango da ikusgai: Sestaoko Musika Eskolan, irailaren 18tik 30era; Zornotzako Zelaieta zentroan, irailaren 18tik 30era; Lekeitioko Barandiaran aretoan, urriaren 2tik 14ra; Derioko Kultur Birikan, urriaren 16tik 28ra; Galdakaoko Torrezabal kultur etxean, urriaren 30etik zemendiaren 11ra; Portugaleteko Salazar Torrean, zemendiaren 13tik 25era; Ortuellako Kultur Etxean, zemendiaren 27tik abenduaren 9ra; eta, Gernikako Kultur Etxean, abenduaren 11tik 26ra.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu