Asun Landa: 'Gure bereizgarrietako bat emakumeen parte-hartzea eta presentzia bermatzea da'

Nagore Ferreira Zamalloa 2012-07-09 12:41   Barriketan

Eako Poesia Egunen bederatzigarren ekinaldia abiatuko da barikuan, garagarrilaren 13an. Hiru egunetan poesiaz gozetako eta gogoetea egiteko hamaikatxu aukera izango dira Ean, Natxituan eta Bedaroan, itsaso bazterrean, giro ederrean. Poesia hutsa edo azukreagaz? da aurtengo abiapuntua, poesia huts-hutsean ala beste diziplina batzuekaz -musikea, antzerkia, arte plastikoak...- batera nahiago dogu?

Herrijeri Emon Arnasa alkarteak antolatzen ditu Eako Poesia Egunak, auzolanean. Taldeko kide Asun Landak hainbat zehaztazun emon deuskuz.


1.- Plaza Barriko Café Bilbaon aurkeztu dozuez Eako Poesia Egunak. Zer dala eta?

Estepan Urkiaga Lauaxeta poeteak hemen armozetan eban, Café Bilbaon. Posta kalean egoan Euzkadi egunkariko erredakzinoan egiten eban lan, kazetaria zan, eta hona etorten zan kafea hartzera. Orain 75 urte fusilau eben poeta eta kazetariari kinu bat egin nahi izan deutsagu poeteari poesiatik.


2.- Eako Poesia Egunak garagarrilaren 13an abiatuko dira, zein izango da aurtengo ardatza edo gai nagusia?

Urtero ahalegintzen gara ardatz bat hartzen, aurten gure lemea Poesia hutsa ala azukreagaz? da. Poesia bera sormenerako bidea da, sorkuntzarako bide lez erabilten dogu, gozetako. Poesia beste diziplina batzuekaz batera, beste konbinaketa batzukaz posible dan edo ez ikusiko gura dogu. Poesia-konpromisoa, poesia-gozamena, poesia-naturea, poesia-musikea, poesia-antzerkia eta abar, diziplina arteko apurketea gustuko dogu. Horren aldeko apustua egitea da gure asmoa.


3.- Bederatzi urte beteko ditue aurten Eako Poesia Egunek, urteotan ezaugarri jakin batzuk jorratu dozuez, ezta?

Bai, urtez urte halako ezaugarri zehatz batzuk garatu doguz. Gure markea da, adibidez, emakumeen parte-hartzea eta presentzia bermatzea. Emakumea, generoaren ikuspegitik hartuta, jakina. Parte-hartze aktiboa izaten dau emakumeak, nahita sustatu eta bultzatzen dogu. Kanpotik ekarten dogun konbidadua emakume poetea edo sortzailea izaten ahalegintzen gara. Aurten oso pozik gagoz Yolanda Castaño poeta galiziarra Ean egongo dalako. Euskeraz eta galizieraz irakurriko doguz haren olerkiak; berton itzuli doguz testuak, berak galizieraz errezitauko dau eta guk euskeraz.


4.- Poesiari buruzko berbaldia be eskainiko dau Yolanda Castañok domekan.

Poesiaz gozeteaz aparte, poesiaren ganean gogoetea egiten dogu eta teorizetako aukerea be izaten dogu. Poesiatik abiatuta, sormenaren ganeko gogoetea egiten dogu. Castañok Poetikea eta poemak: landa sakontasunezko ikuspegia hitzaldia emongo dau domeka goizean. Poesia idazteaz gan, galiziarrak poesia errezitau egiten dau, interpretau, eta performanceak be egiten ditu. Horri buruz teorizauko dau. Mikel Elortzak be beste berbaldi bat emongo dau, zapatu goizean. Lp bat poema izeneko hitzaldian kanta askoren atzean poeta handi bat dagoala erakutsiko deusku. Jenteak sarritan dino ez dauela poesia ulertzen, ez dakiela ezer poesiaz, baina hori ez da egi-egia. Gure imajinarioan daukaguzan makina bat kanta olerkiak izaten dira askotan. Elortza egile klasikoetatik hasiko da eta XXI. mendera arte helduko da, bere bizitzako Lp-a erakutsiko deusku. Bai Castañoren bai Elortzaren berbaldiak entzuteko irrikan gagoz.


5.- Olerkari gazteek presentzia berezia izaten da Ean, zeintzuk hartuko dabe parte edizino honetan?

Hori gure beste marka bat da, egile gazteei aukerea eskaintzea. Urteko euskerazko poesia lanen erakustaldia egiten dogu, ez gura dogun beste, ahal dogun neurrian baino. Gure irakurle txokoan aztertzen doguz liburuak, eta gustukoenak aukeratzen dira. Aurton, Jon Gerediaga, Ione Gorostarzu eta Iñigo Astiz izango dira. Lan bana argitaratu dabe aurten, Zentauro-hankak, Des egiten eta Baita Hondakinak ere, hurranez hurran. Talaian izango da errezitaldia, zapatu eguerdian.


6.- Talaian egingo dozue errezitaldia, eszenatoki ederrak ditue Poesia Egunek, hori be zeuon bereizgarrietako bat da, ezta?

Bai, gure beste marka bat bertoko ingurune naturala da, eszenatokiak. Eak, Natxituak eta Bedaroak eskaintzen deuskuezan eszenatokiak poesiarako leku aproposak dira. Gure magiaren zati bat lekuak berak emoten deuskula pentsetan dogu, horregaitik dinogu harrotasunez baina ez harrokeriaz, gure txikitasunean harrera ona daukagula.


7.- Apurka-apurka hazi dira Eako Poesia Egunak, hasieran egun bakarra zan...

Gabriel Arestiren lana ezagutarazoten hasi ginan, asko zor geuntson eta zor deutsagu. Gaixorik egoala Eara etorri zan, medikuak esanda, deskantsetan. Bertoko herritarrekaz hartu-emona izan eban, eta poemaren batzuk be eskaini euskuzan. Frankismoaren azkenengo urteak ziran, poesiarako eta beste hainbat gauzarako sasoi ilunak ziran. 2004an seme kutun izentau genduan eta haren lanaren ganeko egitaraua antolatu zan. Hori izan zan lehenengo eguna, eta handik aurrera, apurka-apurka, gure txikitasunean Poesia Egunak antolatu doguz. Herritarren inplikazinoa behar-beharrezkoa da, baina idazle eta sortzaileak barik ez geunke ezer egingo. Euskal Herriaren txikitasunak badaukaz abantailak, idazle eta sortzaileei laguntzea eskatu, eta emon egiten deuskue. Hori gauza handia da.


8.- Aurten be Earako berenberegi sortutako ikuskizuna estreinauko dozue. Zeozer aurreratu daiteke?

Eako Poesia Egunen beste marka bat da hori, Earako berariaz egindako lanak aurkeztea. Gozamen handia da aukera hori izatea. Munduan beste da aurtengo proposamena, Iñigo Aranbarri eta Labea laborategiaren sorkuntzea. Apikalen egingo dabe, leku benetan be ikusgarrian, zapatu arratsaldean. Eguzki-jaia etxearen historiatik abiatuta, identidadearen ganeko gogoetea egingo dabe, eta hainbat arte mota buztartuko ditue, besteak beste, antzerkia, jantza garaikidea, pinturea eta musikea.


9.- Igaz, Zaldiarri bildumea ipini zenduen martxan, eta orain beste lan bi argitaratu dozuez.

Idazle eta sortzaileek egindako ekarpenak zeozelan batu behar zirala pentsau genduan igaz, patxada handiagoagaz gozetako, trankil gozau ahal izateko. Holan sortu zan Zaldiarri bildumea. Izenaren jatorria bitxia da. Eako koba baten zaldi batzuen buruhazurrak topau zituen, Madeleine garaikoak edo. Buruhazurrak Madrilen dagoz orain, hango museo baten. Guk ikur moduan hartu doguz, errebindikazino lez. Igaz, Zaldiarri bildumako lehenengo liburua argitaratu genduan, Giza materialak irla izateko. Eako Poesia Egunetarako berenberegi egin eben Anarik eta Iñigo Aranbarrik. Orain beste bi kaleratu doguz: Koldo Izagirreren Emakumeak trena hartu zuenekoa eta Harkaitz Canoren Ene diarioak eta izkiriaturik aurkitu ditudanak, biak Ean emondako berbaldiak dira. Bai Izagirrek bai Canok emon egin deuskuez euren testuak, eskatu eta debalde emon egin deuskuez. Eskerrak emon gura deutseguz biei. Liburuok Ean bakarrik lortu daitekez, aukera bakarra berton izango da.


10.- Erramun Landak egin dau Eako Poesia Egunen aurtengo kartela be, ezta?

Bai, kartela Erramun Landa Eako artisteak egin dau, eta Zaldiarri bildumearen diseinua be berak sortu dau. Kartelean grabadu bat agiri da, Landarena da, eta guri eskaini deusku.


11.- Behin baino gehiagotan aitatu dozue auzolana behar-beharrezkoa dozuela jaialdia prestetako, osterantzean ezinezkoa izako litzatekela.

Taldeko lana da hau danau, auzolanean egindakoa: batzuk herri bazkaritako atuna erosten joaten dira, beste batzuk eszenatokiak ipinten... Hainbat eta hainbat herritarren lana dago tartean. Hemen neu nago berbetan, baina honen atzean makina bat herritarren lana dago. Herritar asko inpliketan dira, eta debalde, ganera. Kanpotik datozenek galdetzen deuskue ea nor dan produktorea, hemen danok gara produktoreak eta antolatzaileak. Herritarrei esker dira posible Eako Poesia Egunak, bestela ezinezkoa da. Babesleen laguntasuna be beharrezkoa da. Bizkaiko Foru Aldundiak, BBK Fundazinoak, Eako Udalak, Eusko Jaurlaritzeak eta Egoin enpreseak euren babesa emon deuskue, eta eurei be, eskerrik asko. Ezinbestekoa da danen laguntasuna.


12.- Aurton be hiru eguneko jaialdia egingo dozue, aurrera begira zabaltzeko asmorik daukazue?

Ez, ez dogu egun gehiagorik egin nahi, eta ahal be... Egun bategaz hasi zinan, gero ikusi genduan baegoala Arestiren ganeko zaletasuna, eta segiduteko erabagia hartu zan. Hiru egun dira, bariku arratsaldea kontuan hartuta. Baina, ez, gure asmoa ez da gehiago egitea, badira beste plaza batzuk be, Literaturia, Mikelazulo eta abar. Barikuan Xabier Amurizak ekingo deutso egitarauari, Arestiren koplak eta berak buztartuko ditu, eta ostean, Norte Apache taldekoek Arestiren poema batzuk rapeauko ditue. Gustu guztietarako egitaraua atontzen ahalegintzen gara, beti be euskeraz.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu