Euskerearen kale-erabilerea trabatuta dago

Bizkaie! 2012-07-09 11:12   Euskerea berbagai

Orain hamar urtetik hona euskerearen kale-erabilerea bere horretan dagoala esan daiteke, trabatuta. 2011ko udagoienean egindako kale-neurketan erabilerea % 13,3koa izan da. Euskal Herriko Kale-Neurketea egiten hasi zanetik, hogeita bi urteko epean, 2,5 puntu egin dau gora euskerearen erabilereak Euskal Herriko batez bestekoan.

Euskerearen kale-erabilerearen VI. neurketearen emoitzak aurkeztu barri ditu Soziolinguistika Klusterrak; Euskal Herri osoko 97 udalerri neurtu dira, eta 154.277 alkarrizketaren nahiz 363.616 hiztunen informazinoa batu da. Prentsaurrekoan, Olatz Altuna, Xabier Isasi, Iñaki Iurrebaso, Iñaki Martinez de Luna eta Rosa Ramos ikerketearen batzorde teknikoaren kideek azaldu ditue emoitzak.

Orain hamar urtetik hona euskerearen kale-erabilerea bere horretan dagoala esan daiteke, trabatuta. 2011ko udagoienean egindako kale-neurketan erabilerea % 13,3koa izan da. Euskal Herriko Kale-Neurketea egiten hasi zanetik, hogeita bi urteko epean, 2,5 puntu egin dau gora euskerearen erabilereak Euskal Herriko batez bestekoan. Hasierako edizino haretan, 1989an, % 10,8ko erabilerea jaso zan. Azken hamar urteko epea hartu ezkero, erabilerea trabatu egin dala esan behar da. Geldiune batean dago. 2001eko erabilerea 2011koaren bardina izan zan: % 13,3.

2006an, % 13,7ko euskerearen erabilerea jaso zan. Dezimal horreen gorabeherea errore-tartearen barruan sartzen da, eta esan daiteke erabilerea bere horretan mantendu dala gitxi-asko.

Kontuak kontu, egungo baldintza soziolinguistikoakaz euskerearen erabilereak goia jo dauela esan daiteke. Ez dago hobekuntza tarterik euskal hiztunen kopuruak nabarmen gora egiten ez badau eta, aldi berean, hiztun barri horreei euskerazko hartu-emonetan txertatzeko aukerarik eskaintzen ez bajake. Hau da, erabilereak ezin leike gora egin elebidunen masa soziala eta euskerearen erabilerea ahalbidetzen daben sare zein guneen kopurua handitzen ez badira.

Euskaldunen zenbatekoa kontuan hartuta, erabilera datuak estatistikoki espero eitekezanak baino hobeak dira. Oro har, euskaldunok hizkuntzeagazko fidelak gara, bestela, eta probabilidade estadistikoen arabera, are gitxiago erabiliko geunke euskerea. Bigarren baieztapen honen oinarrian, Txillardegik garatutako erabilera isotropikoaren teoria dago.

Beste alde batetik, hizkuntza-aniztasuna gero eta presenteago dago gure kaleetan, Bosturteko honetan euskera, gaztelania eta frantsesa ez diran hizkuntzen erabilereak modu esanguratsuan egin dau gora: % 2,6tik % 3,7ra. Azterketa hau azken bi neurketetan baino ez da egin; aurretik ez ziran beste hizkuntzen erabilpenak jasoten.

Lurraldeka, Gipuzkoan jaso da erabilera-mailarik altuena, % 32,7; Bizkaian % 9,4; hirugarren multzoan Iparraldea eta Nafarroa doguz, hurranez hurran % 6,2 eta % 5,7; Azkenik, gitxien erabilten dan lurraldea Araba da, % 4,0.

Lurralderik euskaldunena da Gipuzkoa, eta hogeita bi urtean goranzko joerea nabarmendu da. Joera hori etenik bakoa da, nahiz eta apaldu egin dan azken bosturtekoan.

Bizkaian eta Araban, erabilera-indizean ez da aldaketarik igarri 1993tik. Ez atzera ez aurrera dago euskerearen erabilerea eta azken bost urtean behera egin dau apur bat.

Nafarroan behera egin eban euskereak 90eko hamarkadan, baina 2001etik geldirik dago, aldaketa esanguratsurik barik.

Iparralden, 1997tik 2006ra bajatu egin zan euskerearen erabilerea, baina joera hori aldatu egin da azken bosturtekoan, eta 2011ko datuak orain bost urtekoen bardinak dira.

Euskal Herriko hizkuntzen-erabileraren VI Kale neurketaren emoitza guztiak ikusteko klik egin hemen.

Edozelan be, ikerketearen emoitzak sakon aztertuko dira EHUren Uda Ikastaroetarako antolatutako ikastaroan: Euskerearen erabilerearen bilakaerea, egoerea eta norabidea datuen argitan. Ikastaroa garagarrilaren 16an eta 17an egingo da Donostiako Miramar Jauregian.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu