Josu Cobelo: 'Gure jarrerea da bideojokoak euskeraz egitea'

Koldo Isusi Zuazo 2014-09-01 11:17   Barriketan
Jokoga Interactiveko zuzendaria

Kepa Acero (Getxo, 1980) surflaria ezaguna da gurean, munduan zehar dabil olatu onenak eta ezezagunenak topau guran eta urtea amaitu baino lehen Jokoga Interactive enpresa bilbotarrak plazaratuko dauen bideojoku bateko protagonista izango da. Abentura grafikoa izango da, beroketa globalaren harian, mezu ekologikoa ekarriko dauena.

Jokoga Interactive enpresa bilbotarra dabil bideojokoa atontzen eta Josu Cobelo zuzendariak emon deuskuz azalpen guztiak


1.- Zein fasetan dago Melting Down - Mistery in the ice bideojokoa?

Izena aitatu dozu baina oraindino ez da behin betikoa, beste aukera batzuk aztertzen gabilz oraindino. Hortik aurrera, bideojokua amaitu barik dago baina hasieratik amaierara jokatzeko moduan dago honezkero. Zehetasun txiki batzuk falta dira konpontzeko eta orain momentuan musikearen atala jorratzen gabilz. Okerrik ezean, Bilboko hoPlay lehiaketan bideojokuak aurkezteko epean sartzea espero dogu, irailaren 30a da azken eguna eta ordurako prest egongo dala uste dot.


2.- Beroketa globalaren aurrean jokalariak sentiberatzea da bideojokoaren helburuetako bat baina zelan bururatu jatzuen hau guztia? Idea zelan sortu zan?

Jokoga Interactive enpresearen helburua da bideojoko bereziak egitea, ezaugarri zehatzak dituenak; bideojokoak gozamenerako eta entretenimendurako dira eta alde hori baztertu barik giza eskubideen inguruko baloreak bultzatzea, zeozelako mezua zabaltzea da gure asmoa. Hasierako hasunarketetan bideojokorako armen industria, negozioa, armen esportazinoaren gaia aztertzen ibili ginan baina nahikoa politikoa begitandu jakun, gatazkatsua eta baztertzea erabagi genduan. Berehala gai ekologikoarena subertau zan. Danok ados gengozan aldaketa klimatikoa, beroketa globala nabarmena dala eta gai horretatik tiraka hasi ginan. Ikerketa prozesuan ikusi genduan Ipar Poloa urtzen doala eta hori dala jazoerarik nabarmenena; klima aldaketeak ze eragin daukan bertako herritarrakan eta animalien migrazinoetan, ohitura aldaketak, itsas-mailea goraka doala... horrexek danak izango dira beraz, bideojokoaren osogaiak.


3.- Kepa Acero getxotar surflaria ezaguna da gurean eta azken bolada honetan munduko olatu onenen eta ezezagunenen bila dabil, egunotan Indonesiako olatuetan, hain zuzen be. Zelan hartu eban Kepak bideojokoaren proposamena?

Oso pozik. Eredugarria da Kepa, inbidia puntu bat be badaukat, abenturazalea da, munduan zehar dabilena eta bisitetan dituan herrialdetako jenteagaz hartu-emonetan dagoalako eta hur-hurretik ezagutzen ditualako errealidade eta kultura horreek guztiak. Natureagaz, itsasoagaz lotura estua dauka eta balore horreek asko gustetan jataz. Beraz, bideojokoko protagonistea izateko persona aproposa zala pentsau genduan eta proposamena egin geuntsanean, pozik azaldu zan eta gehien mezu ekologikoarena gustau jakon.

Irudi eskubide eta holakoen harian ez deusku ezelako arazorik jarri eta esan euskun gauza bakarra izan zan babesle dituan surf marka jakin batzuen erreferentziak, surf oholetan inkautako pegatinak eta agertu behar dirala bideojokoan.

Ganerakoan, Kepa Acero buru-belarri sartu da bideoa sortzeko eta garatzeko prozesuan be eta gusto handiz egin ditu bere personaiaren bikoizketa lanak euskeraz, ingelesez eta gaztelaniaz.


4.- Melting Down - Mistery in the ice izena oraingoz behin-behinekoa dala esan deuskuzu baina zeintzuk dira aukeran daukazuezan izenak?

Aldaketa klimatikoaren inguruan saga edo serie bat egin gura geunke eta, Artikoaren gaia jorratzen dauenaren ostean, akaso, itsasoa ardatz hartuta egingo geunke beste bat eta aurrerago Afrikan, basamortuetan oinarrituta. Kontuak kontu, oraingoz ez dakigu Kepa serie osoko protagonistea izango bada, guretzako sano interesgarria izango litzateke, izan be, Kepa Afrikan be egon izan da eta gauza polita izan daiteke. Baina oraingoz zehaztu barik dago hau guztia.

The surfing adventures of Kepa Acero izan daiteke lehenengoaren izenburua eta hortik aurrera izenaren lehenengo partea aldatuko geunke; edota Kepa Acero izenburutik kenduta... Izen personala marka moduan agirian jarteak lizentzia arazoak ekarri leikez eta abar baina badinotsut gauza honeek guztiak eztabaidatu barik daukaguz.


5.- Zeintzuk dira jokoaren berezitasunak eta ezaugarri nagusiak?

Bideojoko dibertigarria da, abentura grafiko klasikoen harian datorrena. Jokalariek objektuak hartu eta konbinazino batzuen bitartez puzleak osotu beharko ditue, personaia desbardinen arteko hartu-emonak izango dira eta aitagarria personaiak nahikoa karikaturizauta dagozala.

Olatu barrien bila, Kepa Acero itsasontziz Artikora heltzen danean hasiko da bideojokoa; iceberg baten kontra joko dau itsasontziak baina surf-oholari esker lehorrera helduko da eta hortxe hasiko da Artikoko herritarrak eta aldaketa klimatikoaren gorabeherak ezagutzen.


6. Abentura grafikoak, buruhausgarriak, estrategiakoak, akzinozkoak... Zeintzuk dira jenteak gehien eskatzen dituanak? Joko erreibindikatiboen eragina zelakoa da?

Gure inguruan bideojokoen industria nahikoa garatuta dagoala esango neuke eta jarraitzaileak edota jokalariak be badirala. Gure kasuan, gai sozialak eta ekologikoak lantzen doguz gehienbat eta orain arte izan doguz bai bideojoko bat egiteko proposamena Gobernuz Kanpoko Erakunde baten aldetik, gai fiskalen inguruan be zeozer egiteko aukerea badago eta Gazteriaren atal batek ludopatiaren gaia jorratzeko beste proposamen bat egin deuskue. Honegaz guztiagaz esan gura deutsut oinarrian mezua daben bideojokoak be eragin handikoak dirala.


7.- Ingelesez, gaztelaniaz eta euskeraz kaleratuko dozue. Zein merkadutan izan leike erantzunik onena?

Euskal Herrian saltzen diran bideojokoak oso gitxi dira. Badira izen potolo batzuk asko saltzen dabenak baina ganerakoan merkatua nahikoa murritza da. Merkatua AEBetan, Asian, Txinan eta Japonian dago. Giro honetan, atara kontuak euskeraz egindako bideojoko batek ze ibilbide izan leiken. Halan da be, banaka batzuk baino salduko ez badoguz be gure jarrerea da bideojokoak euskeraz egitea. Jakin arren maila ekonomikoan ez deutsagula errentagarritasunik aterako asmo horri eustea da gure helburua.


8.- Ezustekorik ezean, urte amaierarako izango da salgai Melting Down baina Bilboko hoPlay jaialdian erabilgarri egotea espero dozue...

Bai. Lehen esan deutsudan lez, bideojokoa erabilgarri dago hasieratik amaierara eta oraindino zehaztasun batzuk falta diran arren, ezusteko handiren bat ez bada, behintzat Bilboko hoPlay lehiaketan parte hartuko dogu. Oraindino ez dakigu Kepa Acero ordurako hemen izango dan baina bestela prentsaurreko berezia egin gura geunke. hoPlay guretzako erreferentzia da, izan be, antzeko ideologia edo jarrerea dogu eta, berbarako, bideojokoetan indarkeria sartzea ez jaku gustetan, mezu sozialak zein bestelakoak zabaltzeko be balio dabe bideojokuek eta guk horren alde egiten dogu.


9.- Zein plaformatan erabili ahal izango da?

Gehienbat plataforma mobikorretan, iOS, iPhone, iPad, Android smartphone eta tabletatan eta ordenagailuetan, barriz, Windows, Lynux eta Macintoshen. Horrezaz gan, leitekeana da Windows Mobilerako eta Nintendo WiiU konsolarako be ataratea. Igaz Tokyon izan ginan eta lizentzia badaukagun arren, bersino horregaz ez gara hasi.


10.- Jokoga Interactive enpresa gaztea da, Bilbon egoitzea dauena. Zein dira zuon ibilbidea eta helburuak?

Jokoga Interactive izenagaz igaz sortu ginan, lau lagun hasi ginan beharrean eta orain arte egindakoaren ganean, pozik gagoz. Igaz Tokyo Game Show ospetsuan izan ginan eta esperientzia ederra izan zan; ganera, Nintendoren lizentzia eskuratu genduan.

Bestetik, bidean arazotxu batzuk izan badira be, Kepa Acero protagonista dauen bideojokoa laster aurkeztuko dogu.

Horrezaz gan, orain momentuan zazpi bideojoko egiteko proposamena egin deuskue eta zarratzea falta bada be, gustora gabilz. Lehen esan deutsudan lez, Gobernuz Kanpoko Erakunde batena da proposamen horreetako bat eta Gazteriako atal batena beste bat. Daukaguzan aukerak ia errealidade bihurtzen diran eta aukera gehiago sortzen jakun.

Errealidade birtualaren alorrean egon daitekeen negozio aukerea be jorratzen gabilz, demo antzeko joku bat be badaukagu eta mundu honetan dagozan beste aukera eta arlo batzuk be ez doguz baztertzen.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu