Basque Culinary Centerrek ia 1.300 ikasle izan ditu lehenengo ikasturtean

Bizkaie! 2012-07-05 11:41   Jan edanak

Ikasturtea amaitu da Basque Culinary Centerren. Hamar hileotan, unibersidade-sukaldarien lehenengo promozinoko 70 ikasleez aparte, beste 1.200 ikasle hurreratu dira ikasgeletara. Lehenengo ikasturtearen balantze ona egin dabe zentroko arduradunek.

Ikasturtea amaitu da Basque Culinary Centerren. Hamar hileotan, unibersidade-sukaldarien lehenengo promozinoko 70 ikasleez aparte, beste 1.200 ikasle hurreratu dira ikasgeletara, Mondragon Unibersidadeko masterrak dirala, zein profesionalei nahiz zaletuei zuzendutako prestakuntza-ikastaroak dirala. Lehenengo ikasturtearen balantze ona egin dabe zentroko arduradunek.

BCCek jaso dituan ikasleen artean, gehienak estadu espainiarretik kanpokoak dirala nabarmendu dabe, Basque Culinary Centerrek bere nazinoarteko izaera nabarmenari eutsi deutso, eta horren adibide argia da munduko bederatzi chefik garrantzitsuenek osotzen daben Nazinoarteko Aholkularitza Kontseilua. Bederatzi sukaldariok proiektuaren enbaxadore bihurtu dira nazinoartean.

Gastronomia zientziaren mailara igon da, eta estadu espainiarrean lehenengoz unibersidadeko diziplina bihurtu da. Munduan parerik ez dauen ikastetxea dala erakutsi dau lehenengo urteko balantzeak, azaldu dabe zentroko arduradunek.

Gastronomia Zientzien eta Sukaldaritza Arteen Graduaren lehenengo urteak 70 ikasle izan ditu. Danetara, 340 ikasle aurkeztu ziran. Datorren urtean, 100 ikaslerentzako lekua atonduko dabe. Sukaldarigaiek prestakuntza trinkoa jaso dabe goizez eta arratsaldez, ikasketa teorikoak eta praktikoak tartekatuz. Ganera, zuzenean sukaldaritzeari lotutako arloekaz batera, beste hainbat gai jorratu ditue, berbarako, biologia, estadistikea, informatikea eta abar. Urritik maiatzera bitartean, ikasleek 7.515 zerbitzu egin eta 14.278 plater prestau ditue tailer praktikoetan.

Ikasturte amaieran, Galiziako kulturea, sukaldaritzea, produktuak eta ardaoak bertatik bertara ezagutzeko aukerea euki dabe. Talde-barrikuntzako eta talde-ikasketako tailerra egiteaz gan, ikasleek jatetxe tradizionaletan hilebeteko praktikak egingo ditue.

Gastronomia Zientzien Fakultadearen jarduerea osotzeko, beste bi master eta sukaldaritzako profesionalei zuzendutako etenbako prestakuntzako ikastaroa izan dira. Masterrei jagokenez, Sukaldaritza, Teknika eta Produktuko Masterrak 20 ikasle batu ditu, % 45 estadu espainiarretik kanpo etorritakoak, eta Jatetxeetako Barrikuntza eta Kudeaketako Masterraren bigarren edizinoak, barriz, 40 ikasle izan ditu.

Etenbako prestakuntzeari lotuta, ikasturte honetan 278 ikaslek hartu dabe parte. Sukaldariak ez eze, gerenteak eta jaubeak, kalidadeko edo I+Gko arduradunak, maitreak eta gela-arduradunak, pastelgileak eta gozogileak be izan dira bertan.

Datorren ikasturteari begira, Gastronomiako eta Sukaldaritza Arteetako Associate Degrée izenekoa ipiniko dau martxan Basque Culinary Centerrek. Basque Culinary Center-Mondragon Unibersidadearen titulu propioa da, urte bikoa.

Goi-sukaldaritzako profesionalen eta gastronomiagaz zuzenean eta zeharka lotutako enpresa- eta ezagutza-sektoreen artean barrikuntza eta ezagutza-transferentzia sustatzea izango da Basque Culinary Centerreko I+G+b-ko zentroaren helburua. Sei ikerkuntza-lerro garatuko ditu: Hezkuntzea eta elikadura-ohiturak, Elikadurearen gizarte-ardurea, Elikadura-joerak, Barrikuntza sektoreko enpresa-kudeaketea, Lotutako teknologien garapena eta Elikagaien prestakuntzea, aurkezpena eta konserbazinoa.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu