'Leioako leku-izenak' liburua aurkeztu dabe Udalak eta Euskaltzaindiak

Bizkaie! 2012-07-04 15:21   Euskerea berbagai

Leioako leku-izenak liburu Leioako Udalaren eta Euskaltzaindiaren arteko lankidetzaz kaleratu da. Lan horretan herriko 800 bat lekuren izenak jaso dira, gaur egun bizirik dagozanak ez eze, desagertutakoak be batu ditue.

Gaur, garagarrilak 4, Leioako leku-izenak liburua aurkeztu dabe Bilbon, Euskaltzaindiaren egoitzan. Liburuan, azken hiru urteetan egin dan Leioako toponimia ikerketa-lanaren emoitzak batu eta herritarren esku ipini ditue Leioako Udalak eta Akademiak. Lanaren egileak Mikel Gorrotxategi, Iratxe Lasa eta Goizalde Ugarte dira. Horreetako batek, Goizalde Ugartek, ikerketearen nondik-norakoak azaldu ditu gaurko aurkezpenean. Beragaz batera izan dira: Eneko Arruebarrena Leioako alkatea, Andres Urrutia euskaltzainburua eta Andres Iñigo Euskaltzaindiaren Onomastika Zerbitzuko burua.

Eskerrak adierazoteaz gan -Akademiari, Udalari, egileei, informazinoa emon daben herritar danari- guztiek euren poza adierazo, eta egindako lanaren garrantzia azpimarratu dabe. Holan, euskaltzainburuak goraipatu egin dau toponimia normalizetako Euskaltzaindiak egiten dauen lana eta Arruebarrenak adierazo dauenez, argitalpen honetan batzen diran izen guztiek eta geroko lanek gure ezagutza aberasteko atarako dituen beste batzuek be, Leioak eta leioaztarrek, belaunaldietan, bizi izan daben mundua ulertzea ahalbidetzen deuskue. Azken berrogeita hamar urteetan aurreko mila urteetan baino aldaketa gehiago izan dituan mundua hain zuzen be. Leioa goitik behera aldatu da, baina Leioa da oraindino be.

Andres Iñigok azpimarratu dauenez, herriaren izana dago leku-izenetan eta, beraz, Leioako toponimo historikoak, horreetako asko galduak edo ahaztuak badira be, eta egun bizirik dirautenak leioaztarren izanaren eta euren hizkerearen lekukotasun adierazgarriak dira. Gertatzen dana da biziaren bilakaereak, urigintzearen hazkundeak eta paisaia geografikoaren aldaketa sakonak eragin zuzena izan dabela mendeetan zehar iraun daben izen ugariren galtze eta desitxuratze prozesuakaz.


Herritarrei zuzendutako lana

Leioako leku-izenak Euskaltzaindiak argitaratzen dauen Izenak bildumako 2. liburukia da eta Leioako Udalaren eta Euskaltzaindiaren arteko lankidetzaz kaleratu da. Lan horretan herriko 800 bat lekuren izenak jaso dira, gaur egun bizirik dagozanak ez eze, desagertutakoak be batu ditue. Ikertzaileek adierazo daben lez, ikerketeak iraun dauen bitartean, informazino eta dokumentazino ugari batu dabe. Artxibo zaharrak arakatzeaz gan, ahozko informazino iturriak erabili dira. Ikerketa honetan leioaztar batzuek modu aktiboan hartu dabe parte, eta euren memorian gorderik euken informazinoa emonda, euren laguntzinoa eta ekarpena funtsezkoak izan dira lan hau egin ahal izateko. Modu berean, Goizalde Ugartek esan dauenaren arabera, liburua 'herritarrei zuzendutako lana da. Ez da nahikoa artxibategian izenak batzea, gure kulturearen zati hau desagertzea nahi ez badogu. Toponimoen jaube diran herritarren esku jarri behar dira ezagutu deiezan, ezagutzak ziurtatzen dauelako izenak ez desagertzea.

Balio linguistikoa eta balio historikoa dira toponimiaren bi balio nagusiak. Holan, bada, ikerketa honen emoitzak askotarikoak dira: Leioako leku-izenak sendotzeaz gan, herriko toponimia historikoaren ia % 100 euskalduna dala erakusten deusku, 'baina euskerearen eta gaztelaniaren arteko alkarbizitzak eragin zuzena izan dau toponimian be, eta jatorrizko izenak aldatu edo desitxuratu egin dira alkarreragin horren ondorioz. Bestalde, Leioako euskerea aztertzeko be balio handiko informazinoa emoten dau toponimiak.

Leioako leku-izenak liburuan udalerriaren izenari buruzko informazino zehatza dago hasieran, eta ondoren auzo-, etxe- eta kale-izenen barri. Leioako etxaldeei -baserriei- arreta berezia emon deutsie libururen egileek, toponimian altxorrik handienak eta emonkorrenak diralako. XVI. mendeko etxe-izen batzuk batu dira, eta XVIII. eta XIX. mendeetako baserri zerrendak eskaintzen dira, informazino osogarriagaz: baserriari buruzko datuak (desagertua dagoan, adibidez), izenaren historia, gaur egungo kokapena eta baita argazki ugari be. Azkenik, Beste leku-izen batzuk izenburupean, mendien, basoen, erreken eta lur sailen izenen azalpenak batu dira. Zehatz-mehatz, izen bakotxari atxiki jakon fitxeak ondoko informazinoa dakar: izen arautua, ahozkoa, kokapena, sinonimoak, etimologia, izenaren historia eta, ahal danean, argazki zaharra.

Aurrerantzean, euskarri digitalean be kaleratuko dira ikerketearen emoitzak, CD batean batuko diralarik.

Euskaltzaindiak eta Leioako Udalak 2011ko apirilean sinatu eben Leioako leku-izenak kaleratzea helburu eukan lankidetza hitzarmena.


Izenak bildumea

Leioako leku-izenak liburua Izenak izeneko bilduma barruan argitaratu da. Bilduma horren asmoa euskal toponimia ezagutarazotea da. Izan be, Euskaltzaindiaren Onomastika lanak euskal izenen ikerketa dau helburu, bai antroponimoena (ponte izenak, deiturak...) baita toponimoena be (toponimia nagusia, txikia, exonimia, kale izendegiak, etxe izenak...). Izen horreek batu, sailkatu, ikertu eta arautu ondoren, beharrezkotzat joten du Euskaltzaindiak izenen forma zuzenak plazaratzea, euskerearen erabileran eta normalizazinoan eragina izan deien.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu