Xabi Agote: 'Itsas ondarearen defentsak eroan gaitu giza eskubiden aldarrikapenera'
2012-07-02 11:15 BarriketanBake prozesua haizearen eta besoen indarragaz bultzatzeko asmoz Albaola Itsas Kultur Erakundearen eta Causeway Coast Maritime Heritage Society alkarte irlandarraren ekimenez, Arraunean konponbidean lemapean, Gernika eta Donostia arteko itsas bidea arraunean egingo dabe garagarrilaren 3tik 5era; tripulazinoan irlandarrak eta euskal arraunalariak izango dira, tartean Andoni Egaña eta Amets Arzallus. 2003an, Causeway-k antolatuta, Navigating Peace, bakearen eta alkarbizitzaren alde Irlandari buelta osoa emon eutsien itsasoz eta han izan ziran Albaolakoak be. Oraingo ekimena laburragoa baina sano interesgarria izango da.
Arraunean konponbidean ekimenaren eta Albaola alkartearen jardueraz, hona hemen Xabier Agote alkarteko presidenteak kontau deuskuzanak:
1.- Alkartekideen artean katolikoak eta protestanteak dituan Causeway alkartearen mezua eta abiaburua da enbarkazino baten espazio mugatuan desbardinen arteko alkarbizitzea posible bada, lehorrean errazagoa izango dala... Horregaz bat egiten dozue?
Bai. Gu aspaldi gabilz ontziganerik bako itsasontzietan, arraunean, baita belakaz be eta zeozer adierazgarria badauka nabegazino mota honek da nahitaezkoa dala alkarlana, ez dago babesik, bata bestearen ondoan zoaz eta alkarbizitza oso gogorra izan daiteke. Guk orain urte batzuk irlandarrak ezagutu genduzanean, aitatu berezitasun eta gaitasun hori ebela jaubetu ginan, sano desbardinak izan arren bikain konpontzen zirala. Abiaburu interesgarria da, lehorrera eroateko modukoa.
2.- Irlandako esperientzia harek sekulako oihartzuna izan eban eta orduko Irlandako Errepublikako buru Mary Mc Aleesek harrerea egin eutsien parte-hartzaileei. Gurean zelako erantzuna espero dozue?
Ez dago jakiterik. Kontua da Irlandako egoera politikoa eta gatazkak eta hemengoak desbardinak dirala, hango eta hemengo gizarteak eta personak desbardinak dira. Gu hara joan ginanean, konbidadu moduan joan ginan, holako aldarrikapenik ez genduan sekula egin; kontuan hartu, gurean, 2003an bakea aldarrikatzea ez zala bape samurra baina zorionez egoerea asko aldatu da. Sasoi haretan, batzuk mamu politikoak bilatu nahi izan zituen gure ekintzan eta guk argi itxi nahi dogu Irlandara begirale moduan joan ginala, lehen aitatu dogun euren kontzeptu horretatik ikastera. Irlandan danak egozala bakearen alde ikusi genduan eta gizarte mailan ekimen asko egozala martxan. Han ez genduan interpretazino politiko ezkuturik igarri eta hemen, barriz, egon zan jentea kolore desbardinetakoa guri etiketea jarri euskuena eta hori gure zoritxarrerako da, besterik ez.
3.- Bakea aldarrikatzea ez da politikoen zeregina bakarrik, herritarrek be badaukie zeresana nahiz eta askok jakin ez zelan eragin, zer egin bakearen alde...
Hori da. Albaola alkartearen helburu nagusia da Euskal Herriko itsas ondarea defendidutea eta horretan buru belarri lan egiten dogu arlo desbardinetan, ontzigintzan, nabigazinoan eta abar baina konturatu gara hau izan daitekela tresna bat gure nortasuna, bakea eta beste balore batzuk aldarrikatzeko. Kontzeptu hau irlandarrakandik ikasi genduan. Beraz, izan daiteke bide bat gizarte mailan, modu altruista batean, bakearen alde lan egiteko. Giro bi dagoz, batetik politikoen arteko liskar erta gorabeherak eta, bestetik, gizartea bera eta gure ustez gizartea ez da hain liskartsua, horri etekina atara behar jako.
4.- Arraunean konponbidean ekimenagaz Gernikako Bakearen Museoa (Bonbardaketearen 75. urteurrena da aurten) eta Donostiako Aieteko Bakearen Etxea lotzea da asmoa. Euskaldunak eta irlandarrak, enbarkazino bi eta helburua bat. Zelan endredau dozuez abenturan Andoni Egaña eta Amets Arzallus?
Bi ekimen horreek buztartzea otu jaku, izan be, bi herri horreetan bakea aldarrikatzeko pausuak emon dira eta, beraz, gure asmoa da, batetik bonbardaketearen urteurrenagaz bat egitea, koantuan hartuta, 75 urte joan diran arren, oraingoz ez dauela inork parkamenik eskatu, zauria zarratu barik dago eta hori gogoratu behar dala pentsetan dogu; bestetik, bake prozesua zabalik dagoanez, gure asmoa da horri bultzadatxua emotea, maila apalean baino ez bada be.
Beste alde batetik, bertsolariei konbita luzatzearena ez da kasualidadea, izan be, bertsolariak dira Euskal Herriko kronistarik onenak, indar handia dabe gizarte mailan, komunikazinoaren arloan eta pentsetan dogu esaten dituen gauzak ondo pentsau eta hausnartutakoak izaten dirala, horretara ohituta dagoz eta gure mezua zabaltzeko oso egokiak dirala uste dogu.
5.- XVI. eta XVII. mendeetan euskal arrantzaleek Kanadako Ipar Atlantikoko uretan eginiko balearen arrantzaren kronikea berreskuratu guran, Apaizac Obeto espedizinoa Ternuara abiatu zan orain 6 urte. Esperientzia sano aberasgarria izango zan, ezta? Tartean Jon Maia bertsolaria be izan zan...
Bai. Jon laguntza handia izan zan guretzako, berari esker zabaldu genduan gure abenturea, berak egin euskun Apaizac Obeto dokumentalaren gidoia, liburua be Jonek idatzi eban eta hainbat berbaldi emon zituan Euskal Herrian zehar. Lehen esan deutsudan moduan bertsolariek sekulako lana egin leikie gure kulturea zabaltzeko. Albaolaren helburua da horixe, Euskal Herriko itsas iragana gogorarazotea eta horri balioa emotea
6.- Arditurri eta Ameriketatik izeneko enbarkazinoetan egingo dozue Gernika eta Donostia arteko bidea. Zelako enbarkazinoak dira?
Ameriketatik, XIX. mendeko arrantzarako traineru bat da, 97an hasi ginan eregiten AEBetan eta izenaren arrazoia da Ameriketako euskaldunek finantzau ebela. Gero Euskal Herriari erregalau eutsien eta horren inguruan sortu zan Albaola. Hortik aurrera, aukerea izan genduan Pasai Donibanen ontziola, itsasontzi tradizionalen ikerketa eta eraikuntza zentroa sortzeko eta horren bueltan txalupa batzuk eregi genduzan, besteak beste, Apaizac Obeton erabili genduan XVI. mendeko txalupea eta orain erabiliko dogun Arditurri be bai; azken hau XIX. mendeko arrainontzi txiki bat da, 8 bat metroko luzerako potina.
Eskifaikideak 25 bat izango dira, irlandarrak 10; ganerakoak euskaldunak; edade guztietakoak, gizonezkoak eta emakumezkoak, danak alkarregaz eta norabide bakarrean bultzaka.
7.- Albaola 1997an sortu zan antxinako nabigazino moduak eta enbarkazinoak berreskuratu eta ondare horren zabalkundea bultzatzeko. Bestelako helbururik nabarmenduko zeunke?
Bai. Hasierako asmoa horixe zan, Euskal herriko garai bateko itsasontziak berreskuratu eta itsas ondare hori zabaltzea. Ahaztuta daukaguz, itsasontzien biziraupena laburra dalako, ez dago lehorreko ondareagaz bardintzerik, izan be, harrizko etxeek beharbada milaka urteko iraupena izan leikie eta itsasontziak, barriz, biziraupen laburrekoak dira. Halan dabe, interes handikoak dira, hemen sortutakoak dira, gure kostaren ezaugarriei erantzuteko eta beraz, gure asmoa da itsasontzi horreek, itsas arkitektura eta teknologia horreek berreskuratu eta itsasoratzea zein galdutako nabigazino teknika zaharrak bereskuratzea.
Kontua da ze helburu horrek leku askotara eroan gaituala eta azkenean, helburu baino bide bihurtu jaku; berbarako, itsas ondarearen defentsak eroan gaitu giza eskubiden aldarrikapenera, ingurumena hurretik sentidu eta maitatzeko aukerea emon deusku; bardintasunaren arloan be asko ikasi dogu ze hasi ginanean emakumezkoek ez euken leku askorik itsasoaren jardueretan, traineruetan ez ziran ibilten eta gaur egun bestelakoa da egoerea.
Gazteakaz be aukerea izan dogu hezkuntzearen alorrean proiektu politak lantzeko. Laburzurrean, konturatu gara itsas ondarearen defentsa oso plataforma ona dala gauza asko lantzeko.
8.- Albaolak kudeatzen dau Ondartxo itsas kultura eta ondarearen zentroa. Zaharbarritutako ontziak zein eregitako erreplikak itsasoratzeko asmoaz gan, zeintzuk dira zuon egitekoak?
Orain XX. mendeko arrantza txalupa bi zaharbarritzen gabilz gero itsasoratzeko asmoagaz. Ondare balioa daben egurrezko azken aleak dira, oso gitxi dagoz holakoak, Ondartxon daukaguzanak dira azkenengoetarikoak. Ondare materialaren zaintzagaz batera, oso inportantea da ondare inmateriala be zaintzea, izan be, itsasontzia uretara itzultzean ondarea bizirik mantentzen da.
Zaharbarritzen gabilzan bi horreetako bat 1914an eregitakoa da, Lapurdiko Sokoako Hiribarren Onrtziolan; bestea, barriz, 7 metrokoa da, orain 35 bat urte hemen Pasai San Pedron eregitako motora bat.
9.- Gurea herri arrantzalea, itxasoagazko lotura estua izan dauen herria izanik, itsas ondarea ez al daukagu apur bat baztertuta?
Apur bat baino gehiago, guztiz baztertuta daukagula esango neuke. Egoera ezin dot ulertu, ezta onartu be ze beti esaten dogu euskaldunok zeozer izan bagara itsasoan izan garela. Euskal Herriko itsas teknologia mende askotan oso garrantzitsua, goi mailakoa izan da, maisuak izan gara euskaldunak arlo askotan itsasoan, ontzigintzan, baita nabigazinoan be eta hori danori guztiz galduta daukagu; gure itsas historiaren ezagutza oso eskasa da, itsas ondarea oso gitxi landu da eta hutsune horri erantzuteko asmoz sortu zan Albaola 97an. Gure bidea egiten gagoz baina hor jorratu beharreko zor handia dago.
10.- Zu zeu arraunlaria, Atlantiko itsasoa arraunean zeharkatu dauena, munduan zehar ibilitako itsas-gizona eta ontziolako arotza zaitugu, ia-ia desagertuta dagoan ogibidea. Zelan sartu zinan saltsa honetan?
Ondo informauta zagoz... Donostiarra naz eta txikitatik zaletasun handia izan dot. Beti hartu-emon estuak izan dodaz itsasoagaz eta beti saiatu naz itsas esparru asko jorratzen, bai kirolean, baita nire beharrean be eta horixe maite dot; ez dot ulertzen itsaso eta itsasoagaz lotutako guztia hain baztertua izatea. Itsas kutsu hori berreskuratu egin behar dogu Euskal Herriarentzat; gaur egun pertzepzino okerra da nagusi, itsasoagazko kontuak kostagaz lotzearena, hain zuzen eta hori ez da holan, mendeetan zehar Euskal Herri osoa guztiz sartuta egon da itsas industrian, itsasontziak egiteko baliabide guztiak lehoarrean egozan, basoetan, meategietan, burdinoletan eta abar. Euskal Herria itsas potentzia handia izan danean, gure gizarte osoa egon da sartuta eginkizun horretan eta, beraz, itsas ondarea ez da bakarrik kostaldeko kontu bat Euskal Herri osokoa baino. Hori da aldarrikatu nahi dodana, ia gure gizartea esnatzen dan eta jaubetzen dan ze garrantzitsua izan dan itsasoa guretzako.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!