Gotzon Barandiaran: 'Gaur egun euskal kultureari buruzko erabagiak hartzen diran guneetan ez dago sortzailerik'

Nagore Ferreira Zamalloa 2012-06-25 12:31   Barriketan

Euskeraz jarduten daben sortzaileak Azpeitian batuko dira garagarrilaren 2an eta 3an. Euskal sortzaileen eta sorkuntzearen diagnosia egitea da euren helburu nagusia, eta horri urtenbideak topetea. Egoerea ganezka egiten dabil eta. Euskeraz sortzen daben kultura adierazpide guztietako sortzaileei egin deutse deialdia Ahotseneatik, idazle, musikari, jantzari, zinemagile, eskulturgile, margolari eta ganerako guztiei. Gotzon Barandiaran Sortzaileon I. Topaketen arduradunetakoa eta sortzailea da.


1.- Zein da Sortzaileon I. Topaketen helburua? Zer dala eta antolatu dozuez?

Topaketak Ahotsenearen ekimena dira. Ahotsenea euskeraz sortzen dogunentzako plaza bat da, orain arte Durangoko Azokan egin dana. Aurten, bosgarrenez zabalduko ditu ateak Ahotsenean. Eszenatoki huts izatea baino, hori baino gehiago gura geunke egin. Euskeraz sortzen dogunok gogoeta egiten hastea, hori da topeketen helburua, baina gogoetea kolektiboa izatea nahi dogu. Jakin badakigu, bakotxak bere kultura adierazpidearen barruan egin egiten dauela hausnarketea, baina igual ez dau konpartiduten bere arloan jarduten dabenekaz, modu sistematikoan edo organikoan. Aspaldiko urteetan danok dakigu zein dan euskerazko kulturgintzearen eta kulturearen egoerea. Orain egun batzuk Berria egunkarian euskal musikari batzuk argi azaldu eben euren eretxia: musikagintzearen egoerea gero eta txarragoa dala salatu eben, baldintzak gero eta okerragoak dirala, euskerazko musikariek ez daukiela ziurtauta kontzerturik izatea, gero eta disko gitxiago saltzen dabela... Eta bardin antzera dabilz ganerako kultura adirazpideetako sortzaileak bere.

Benetan gure errealidadea zein dan jakin gura dogu; zelan sentiduten garen alkarri kontau, ze baldintzatan gagozan sortzen, zer egin geinken, alkarregaz gauzak egiteak lagunduko leuken. Horretxek dira gure helburuak. Lehenengo topaketak dira, beraz helburuak xumeak dira.


2.- Arlo guztietako euskal sortzaileak deitu dozuez, ezta?

Alkar ezagutu gura dogu, horregaitik kultur adierazpide guztietako sortzaileak deitu doguz. Eskulturgileak, antzerkigileak, idazleak... ze egoeratan dagozan jakin nahi dogu. Gaur eguneko egoerea zein dan kontuan izanda, zer egin geinken pentsau behar dogu. Euskal kulturgintzearen ahulguneak eta indarguneak zeintzuk diran ezagutu behar dogu. Horrezaz guzti horrezaz berba egitea da gure asmoa, baina patxadaz eta astitsu.

Askotan, jardunaldi batzuetan euskal kulturgintzearen egoerea berbagai izan da, baina gure ustez oso gitxitan izan da sortzaileen ekimenez, eta gitxiago kultur adierazpide guztietako sortzaileen ekimenez. Gogoetea geuk egin barik beste batzuk geure ordez egiten dabilzala begitantzen jaku, eta beste batzuk hartzen dituela erabagiak sortzaileen eretxia kontuan hartu barik.


3.- Euskal sortzaileak erabagiguneetatik kanpo dagozala salatu dozue.

Hori argi dago, gaur egun euskal kultureari buruzko erabagiak hartzen diran guneetan ez dago sortzailerik, akaso egongo da baten bat, baina askotan testimoniala da. Kultura adierazpide guztietako sortzaileei aukerea emongo deutsen erabagigunerik ez dago. Alderdi politikoek hartzen ditue, sarritan euskal kultureari buruzko bape ezagutzarik ez daukienek, eta euskal kulturea sustatzeko bape motibazinorik ez daukienek, ganera. Bueno, motibazinoa badaukie, euskerazko kulturea ez sustatzeko motibazinoa. Azkenengo hileetan adibide bat baino gehiago ikusi dogu. Hor dago Askoren izanean: Pido la paz y la palabra poesia jaialdia. Eskandaluzko diru kopurua gastau dabe, orain intelektualen topaketea egingo dabe Bilbon, eta hor be dirutza ikaragarria gastauko dabe seguruenik. Hori mezu politiko bat zabaltzeko egingo da, PSEE eta PPren mezu politikoa, alderdi españolisten mezu politikoa, hain zuzen be.

EITB irrati-telebista publikoa lotsa barik PSE eta PPren diskurtsoa zabaltzen dabil. Oso kuriosoa da; kulturearen eta politikearen aldetik, mezu bardina zabaltzen dabilz. Euskerazko kulturgileek hor parte hartzen dabe, baina gitxiengo batek, hortik kanpora ehunka, milaka esango neuke, gagoz. Gu ez gaitue ezertarako kontuan hartzen, eta guk hori aldatu gura dogu.


4.- Horren guzti horren aurrean eragitea ez da erraza izango...

Hori da helburuetako da. Gure abiapuntua hainbat galdera dira, eta sortuko dira beste hainbat topaketetan. Ondorioak aintzat hartuta, erabagi beharko dogu konponbidea, ea zeozer egiten dogun edo orain arte moduan segiduten dogun. Argi dago batzuk proposamenak egingo doguzala, ezin da orain arte lez segidu. Hemen indarra erakusten dozunean bakarrik egiten deutsue kasu, eta asko garenean; atomizauta, eta bakotxa bere arloan dagoala, ez gaitue kontuan hartzen. Askotan barre be egiten gaitue, ez gara ezer eurentzako.

Nik neuk sortzaile moduan proponiduko dot honeri konponbidea emon behar deutsagula; nire ustez, modu bakarra da euskeraz sortzen dogun guztiok alkartzea. Orain arteko jarrerea aldatu behar da, gauzak exijiduten hasi behar dogu, nahikoa da, sortzaileak azkenengo pringauak izan gara arlo guztietan. Kokoteraino gagoz, hemendik aurrera geuk erabagiko dogu euskerazko kultureak nondik nora jo behar dauen.


5.- Horretarako, antolatzea beharrezkoa izango da, ezta?

Nik halan ikusten dot, bai. Ez dakit ze antolaketa modu, hori da eztabaidatu beharko dana. Kultura adierazpide batzuetan alkarteak egon badagoz, idazleek badaukagu, bertsolariek, jantzariek... Baina bakotxak bere alkartea eukinda be, bakotxak bere helburuak lortzeko lan eginda be, ez dau gura esan bestelako helburu komun batzuk izateko alkartu ezin garenik.


6.- Euskal Herria hain handia izan barik be, sortzaileok ez zarie lar ondo ezagutzen, akaso?

Zu sortzailea izan zeintekez, eta beste sortzaile bategaz eszenatokian egon, kontzertu baten, berbaldi baten edo dana dalakoan. Beste kultur adierazpideetako lagunak izateak ez dau gura esan haren egoerea ezagutzen dozunik, zein baldintzatan sortzen dauen dakizunik. Lehenengo pausua alkar ezagutzea izan behar da. Norberak beti pentsetan dau bere arazoak dirala larrienak, gure helburuak dirala estrategikoenak, baina beste batzuen egoerearen barri daukazunean, akaso apaldu egiten zara, gangarra hain tente euki barik apurtxu bat makurtu egiten da.


7.- Egoerea benetan be eskasa izan arren, euskal sortzaileok sortzen segiduten dozue.

Sortzen gabilz, sortzen eta sortzen. Sortzen gabilz, sortzen eta sortzen gure herrian, baldintza txarretan, eskasetan, ez duinak diran baldintzetan gehienetan. Igaz Durangon krisiari buruz berba ez egitea erabagi genduan, sorkuntzea ez dago-eta krisian Euskal Herrian. Krisia ekonomikoa da, egiturazkoa, sistemearena. Hemen badagoz 40 bat urtean, modu profesionalean baina baldintza txarretan beharrean dabilzan sortzaileak, urtero itxi ez itxi dagozanak, hurre-hurreko jentea. Euskal kulturgintzeari emondako jentea da, eta orain ez dakie datorren urtean aurrera egingo daben be. Segurtasun faltea ikaragarria da. Euskal Herrian, hiru-lau pribilegiau kenduta, eta poderearen sokakoak kenduta, ganerako sortzaileak egoera kaskarrean dagoz.


8.- Topaketan berba egindakoak plazaratuko dozuez?

Bai, jakina. Gure asmoa ahal danik eta gehien zabaltzea da. Guk ez dogu ezer ostenduko. Lehenengo eta behin Azpeitiara etorri ezin izan daben sortzaileei bialduko deutseguz ataratako ondorioak, eta ostean publiko egingo doguz. Guk argi daukagu kulturea ongizatearen parte dala. Guk sortzen doguna konpartiduten dogun momentuan kolektibo bihurtzen da, euskaldunon komunidadeari eta euskal herritar guztiei zuzentzen deutsegu. Derrigor jakinarazo behar deutsegu gure herrikideei atara doguzan ondorioak.


9. Izan be, sortzaileen egoereak danori eragiten deusku. Zuk ezin badozu liburu bat idatzi, nik ezin neike irakurri. Hor hutsune bat egongo da.

Hori argi dago. Sortzaileak deitu doguz orain, baina hurrengoa, gure ustez behintzat, ezinbestekoa da kulturgintzeagaz zerikusia daukien eragile guztiek parte hartzea. Hedabideak ezinbestekoak zarie euskal kulturearentzat, gure lana baten batek zabaldu behar dau. Trasmisinoa be funtsezkoa da, horren gakoa hezkuntzea da: hezkuntzako eragileakaz be alkarlanean ibili beharko dogu. Erakunde publikoak, enpresa pribadua, diskoetxeak, argitaletxeak, promotorak... horrekaz danakaz be egon beharko dogu. Eta hartzaileak eurak be kontuan hartu behar dira. Euskerazko kulturgintzea sare bat da; gure artean hasiko gara, eta hurrengo pausua sarea osotzen daben eragile guztien artean berba egitea izango da.


10.- Garagarrilaren 2an, itaun honi erantzuten ahaleginduko zarie: Zergatik ez da ikusgarria euskal kultura hedabideetan? Zeozer aurreratu zeinke horren ganean?

Askara izeneko Durangoko Azokeak antolatutako mahai-inguruen zikloaren barruan egingo dogu. Alberto Barandiaran izango da moderatzailea, eta hizlariak Irati Jimenez idazlea, Inguma Martinez EITBko albistegietako kultura arduraduna eta Koldo Almandoz zinemagile eta kazetaria dira. Kezka itzela daukagu. Kontu deigarri bat: sortzaile askogaz berba egin ostean, konturatu gara erakunde publikoa dan ETBko kamara bat gure ekitaldi baten egotea gauza berezia dala guretzat, itzelezko lorpentzat daukagu. Hori oso adierazgarria da. Hainbeste urteren ostean, komunikabide publiko batek bere kultureari kasurik ez egitea aztertu beharrekoa da. Oraindino be guretzat gauza miresgarria izatea... Horren ganean be egingo dogu berba, zer konponbide emon horri. Eta inork ez badeusku kasurik egiten, igoal geuk sortu beharko dogu gure komunikabidea.


11. Ahotseneak berak bost urte beteko ditu aurten. Bere lekua egin dau Durangoko Azokan, ezta?

Ni uste dot gaur egun Azokeari buruz berba egiten gabilzanean jente gehienak badakiela zer dan Ahotsenea. Azkenengo urte bietan batez be zabalpen handia euki dau, eta onarpena bere bai sortzaile eta hartzaileen aldetik. Egonkortu egin da, gaur egun ezinbestekoa da Azokan. Orain bosgarrena antolatzen gabilz, apurka-apurka hobeto egin guran. Ahalik eta jente gehien erakarri gura dogu, Ahotsenea izan daitela plaza bat euskerazko sortzaileek euren lana Euskal Herri osoan ezagutarazoteko. Aurten ahalegin berezia egingo dogu programatzaileak eta euskerazko kulturearen antolaketan dabilzanak Ahotseneara deitzeko eta sortzaileakaz hartu-emonetan ipinteko, hasi gaztetxeetatik eta teknikarietara, eta tartean dagozan guztiak. Kultur antolatzaile danak konbidau gura doguz.


12. Eta Literaturia be bada bere lekua egiten dabilen plazea...

Euskeraz bakarrik eta literaturaz bakarrik jarduteko plazea da, gogoetea egiteko, ezagutzeko, esperimentetako plazea. Hor be, apurka-apurka, maila apalagoan, bagabilz lanean. Literatureaz gan, bertsoak, musikea edo antzerkia izaten dira, bain beti literatureagaz loturea daukie. Azkenean plazak betetea gura dogu, plazak euskerazko kultureari eskainita bete geinkez.


13. Plazak euskerazko kultureagaz betetea bera lorpena da, oraindinokarren...

Euskal Herrian euskerazko kultureak plazak bete leikezala erakusten ibili beharra oraindino bizi dogun egoera kaskarraren adierazle argia da. Sintoma oso nabarmena da. Sortzaileok sortzeari ekitea gura geunke, horretara bakarrik egotea, baina guk antolatzen denpora asko emoten dogu. Ondo dago antolaketa lana zer dan jakitea, baina horretan sortzen baino denpora gehiago emotea... Hori be adierazgarria da. Hemen, zoritxarrez, oraindino denpora asko emon behar dogu antolatzen, burrukan.

Topaketetan izena emoteko epea zabalik dago oraindino. Argibide gehiago: www.ahotsenea.net edo info@ahotsenea.net helbidean.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu