UPV/EHUren ikasle barrien % 88k izan dau aurten osorik euskeraz emoten diran graduetan matrikuletako aukerea
2012-06-22 15:21 Euskerea berbagaiUPV/EHUn matrikulau diran ikasleen % 96,51k izan dau euskeraz ikasteko aukerea. Hauxe da egunotan Gobernu Kontseiluan aurkeztutako UPV/EHUko Euskerearen Plan Gidariaren (2007/08-2011/12) jarraipen ebaluazinoaren emoitzetako bat. Jarraipen ebaluazinoagaz batera, 2013 urterako luzapen-egokitzapena be aurkeztu da bileran.
2011-12 ikasturtean UPV/EHUko lehenengo kurtsoan matrikulau diran ikasleen % 87,92ri eskaini jako ikasketa guztiak euskeraz egiteko aukerea. Hau da, aurtengo ikasle barrien ia % 88k aukeratu dituan graduak C (gradu osoa euskeraz), D (euskerazko eskaintza gaztelaniazkoaren ainakoa) edo D+ (euskerazko eskaintza gaztelaniazkoa baino ugariagoa) ereduetakoak dira. Horreei B eredua gehitu ezkero (derrigorrezko irakasgai guztiak euskeraz), UPV/EHUn matrikulau diran ikasleen % 96,51k izan dau euskeraz ikasteko aukerea. Hauxe da egunotan Gobernu Kontseiluan aurkeztutako UPV/EHUko Euskerearen Plan Gidariaren (2007/08-2011/12) jarraipen ebaluazinoaren emoitzetako bat. Jarraipen ebaluazinoagaz batera 2013 urterako luzapen-egokitzapena be aurkeztu da bileran.
UPV/EHUko Euskararen Plan Gidaria 2007ko bagilean onartu eban Gobernu Kontseiluak. Planak unibersidadearen hizkuntza-politikearen ildoak finkatu zituan. Helburu nagusiak hiru ziran: UPV/EHUko kide guztien aukera-bardintasuna bermatzea, unibersitario euskaldunen erkidegoa sendotzea eta, unibersidadea, euskerearen garapen eta normalizazinoari begira, aitzindaria izan daiten, euskerearen corpusa barritu eta erabarritzea. Planak hamar ataletan banatzen eban eginbeharra, alor bakotxean helburu espezifikoak jarri ziran. Iñaki Goirizelaia errektoreak adierazo dauenez, 'Planaren ebaluazino zintzoa eta zehatza egin da, eta pozik egoteko arrazoiak dagoz. Euskereak gora egin dau unibersidadean alor guztietan, eta, ahulguneak doguzan arren, adierazle gehienak positiboak dira. Graduko ikasketen eremuan ezin izango da, hurrengo urteetan, askoz aurrerago joan; baina oraindino erronka barriak doguz: graduondoko ikasketak, adibidez'.
Kontuak kontu UPV/EHUk euskerazko irakaskuntzearen aldeko apustu argia egin dau 2007-12 aldian, eta eskaintza orokorrak nabarmen egin dauela gora esan daiteke. Graduko tituluak euskeraz eskaintzea zan helburua, baldin eta eskaera nahikoa bazan. 2011-12 ikasturtean nahitaezkoetan eskaini diran kredituen % 78 euskeraz eskaini da, eta 2011-14 Unibersidade Planean jarritako helburua (% 76,5) be gainditu da. Aurtengo 2011-12 ikasturtean ikasleen % 46,72 matrikulau da euskeraz lehen kurtsoan, aurreko urtean baino 4 puntu gehiago.
Plan Gidariak graduei jarritako ereduei (aitatutako D+, D, C, B eta A, azken hori lehenengo bi kurtsoak euskeraz izanik), UPV/EHUk eskaintzen dituan 85 graduetatik, 12 dira B, eta A eredukoak bakarrik 10.
Kontuan hartu behar da, A ereduko batzuk, C edo D ereduan eskaintzen dirala beste campus batean. Bestalde, eredu bakotxak ezartzen dituan helburuak hitzez hitz hartuta, hau da, ikasle kopuruak kontuan hartzen badira, ia ehuneko ehunean bete dira, zehatzagoak izateko, gradu guztietako % 82an bete da helburua oso-osorik.
Dana dala, ahulguneak bere igarri dira, eta horreetatik nagusia ikasle kopuru txikiak -orohar 15 ikasle baino gitxiago- dituen taldeetan izan da. Bestalde, Medikuntzearen bigarren zikloan euskerazko irakaskuntzea bermatzeko dagozan arazoei jagokenez, gogorarazo behar da ospitaleetako irakasguneetarako irakasleen plazak hornitzea ez dagoala unibersidadearen esku bakarrik, Osakidetzaren eta UPV/EHUren arteko hitzarmenak zuzentzen dauelako. Beste ahulezia bat topau da graduondokoetan, ez baita lortu euskerearen presentzia nabarmena bermatzea. Egoerea ikusirik, Eusko Jaurlaritzeagaz adostutako 2011-14 Unibersidade Planean definidu da masterretan eskaini beharko litzatekezan kredituen kopurua, eta 2011n erraz gainditu da helburua (512 kreditu), 546,13 eskaini dira eta.
Irakasle-ikertzaileen atalean be goranzko joera nabarmena izan da. 1989an irakasleen % 13 zan elebiduna. Plan Gidariak irakasle elebidunen kopurua gitxienez % 43ra igon nahi eban, eta 2011-12an % 45,10era heldu da; irakasle elebidunen artean doktoreen ehunekoa be igon da, % 61,49ra, beraz, 2011-2014an Unibersidade Planean jarritako helburua be (% 61) gainditu da.
Izan ere, ikerketa eta zabalkundearen arloan, euskerazko tesiak sustatzea zan helburuetako bat, eta nabarmen igon da kopurua: 2007an 19 izan ziran euskeraz irakurritakoak, eta 2010ean, 29, nahiz eta tesi guztiakaz alderatuta euskerazkoen ehunekoa txikia izan oraindino (% 8,84). 2011-14 Unibersidade Planean euskerazko tesia egiteko emondako beken kopurua adierazle bat izango da. 2011n helburua gainditu da: 24 emon behar ziran, eta 25 emon dira.
Bestalde, Plan Gidariaren arabera, 2011-12rako Administrazino eta Zerbitzuen lanpostuen % 52k derrigortasun data izan behar eban bere hizkuntza-eskakizunarentzat, eta helburu hori bete da; gainera langileen % 58k egiaztatu dau jagoken hizkuntza-eskakizuna.
Beste lorpen batzuk be aitatu daitekez: 'Euskal Herriko Unibersidadea harro egon daiteke testugintzan eta gehienbat testuliburuen itzulpenetan egin dan aurrerapenagaz. Bosturteko honetarako aurreikusitakoaren bikotxa egin da, eta esan daiteke, testuliburuen itzulpenak eta ZIO eta Legeak bildumetako itzulpenak batu ezkero, gaur egun Euskal Herrian ez dagoala hain asmo handiko beste itzulpen-proiekturik. Holako lanak ez dira hain ikusgarriak, baina ezinbestekoak dira etorkizunerako oinarri sendoak jarteko', adierazo dau Euskera eta Eleaniztasuneko errektoreorde Gidor Bilbaok.
Etorkizunari begira, 2013. urterako Plan Gidariaren luzapen-egokitzapena proposatu da, Plan Gidariaren lerro nagusiek balio dabela ikusi dalako ebaluazinoan, hutsartea izatea ebitauko dalako, 2013an aukeratutako errektoretza talde barriak plan barria osotzen dauen bitartean, eta oraindino ezagutzen ez diralako Herri Administrazinoetan Euskerearen Erabilerea Normalizetako 2013-17 aldirako plangintzaldiko erispideak oraindik ezagutzen ez doguzalako. Dana dala, luzapen-egokitzapenean barrikuntza bi nabarmendu daitekez: administrazino kontratuak gauzatzeko orduan bete behar diran baldintzak jaso dira lehenengo, eta UPV/EHUren esparruan, eskoletatik kanpo, bi hizkuntza ofizialen erabilerea arautzen daben jarraibideak eta erispideak ezarri dira, ahozko zein idatzizko hizkuntzan. Plan Gidariaren 2013ko luzapen-egokitzapenari zuzenketak egiteko epea zabaldu da, eta garagarrilaren 19ko Gobernu Kontseiluan onartzea proposatuko da.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!