Hiru euskal unibersidadeek eta CIRIEC-Españak antolatu ditue Gizarte Ekonomia eta Ekonomia Kooperatiboaren arloko Ikertzaileen XIV. Jardunaldiak

Bizkaie! 2012-06-20 11:39

Gaur, bagilak 20, hasiko dira Gizarte Ekonomia eta Ekonomia Kooperatiboaren arloko Ikertzaileen XIV. Jardunaldiak Kooperatiben nazinoarteko urtea: Gizarte Ekonomiaren erronkak eta proposamenak, eraldatzen ari dan mundu batean lemapean.

Gaur, bagilak 20, hasiko dira Gizarte Ekonomia eta Ekonomia Kooperatiboaren arloko Ikertzaileen XIV. Jardunaldiak Kooperatiben nazinoarteko urtea: Gizarte Ekonomiaren erronkak eta proposamenak, eraldatzen ari dan mundu batean lemapean. Hiru egunez, berbaldi magistralak, tailerrak eta komunikazinoak izango dira. Egoitzak UPV-EHUko Carlos Santamaría Zentroa eta Oñatiko Mondragon Unibersidadearen egoitza izango dira. Euskadiko hiru unibersidadeek, UPV-EHU, Deustuko Unibersidadea eta Mondragon Unibersidadea, indarrak batu ditue beste behin be, CIRIEC- Españaren jardunaldi honeek sustatzeko. Dagoeneko erreferente bihurtu dira gizarte ekonomiaren arloan eta nazinoarte mailan, enpresa-zuzendari, profesional, unibersidade mailako ikertzaile eta agintari politiko eta sozialentzat.

Jardunaldiak holan egituratu dira: osoko bilkurak, zazpi tailer orokor eta hamabost bat tailer tematiko. Inaugurazio-ekitaldia gaur, hilak 20, izango da, 11:30ean, Carlos Santamaría zentroan. Bertan izango dira hiru unibersidadeetako errektoreak, Iñaki Goirizelaia (UPV-EHU), Iosu Zabala (Mondragon Unibersidadea) eta Jaime Oráa (Deustuko Unibersidadea); CIRIEC-Españako presidentea, Jose Luis Monzón, GEZKI-ko zuzendaria, Baleren Bakaikoa, ENUIES Sareko presidente eta Valentziako Unibersidade Politeknikoko Errektore den Juan Francisco Juliá, eta CEPESeko presidente Juan Antonio Pedreño.

Programearen barruan nabarmendu behar dira ondokoak: Deustuko Unibersidadeko Javier Dívarrren berbaldia, Kooperatibak, alternatiba ekonomiko bat; eta Pompeu Fabra Unibersidadeko Vicenc Navarroren Kooperatibismoa, politika publikoak eta Ongizate Estatua. Amaierako berbaldia Mondragon Unibersidadeko Enpresa Zientzien Fakultadean izango da, Oñatin, bagilaren 22an.


Jardunaldietako bertaratze eta parte-hartze errekorra

Euskadin antolatutako CIRIEC-Españaren jardunaldiek bertaratze eta parte-hartze errekorra hausiko da aurten. Hamalau edizinoren ondoren, gaur hasiko dan topaketarako 200 kongresistak emon dabe izena, eta komunikazinoetarako 190 proposamen onartu dira. Horreetatik, 140 emongo dira, tailer desbardinetan (beste errekor bat).

Gainera, oraingo honetan sari bat emongo jake azken urteetan gizarte ekonomiaren arloan defendidutako bi tesirik onenei, eta jardunaldietan 35 urtetik beherako ikertzaile gazteek aurkeztutako bi komunikazino onenei.


Gizarte Ekonomia eta krisi ekonomikoa

Gizarte Ekonomiako Euskal Behatokiak (OVES-GEEB) Euskal Gizarte Ekonomiari buruzko Txostena egin dau, eta lan horretan parte hartu dabe ASLE, ELABE, Gizatea, Konfekoop eta Reas Euskadik. Txosten hori oinarri hartuta, adierazoten da Euskal gizarteak ekonomia krisiari eusten deutsola, eta enpresa kapitalistek baino hobeto mantentzen dagoala enplegua. Egoera horretan, Gizarteratze Enpresa eta Enplegu Zentro Berezien egoerea nabarmendu behar da, enplegu garbia sortzen dagozalako. Lan Soziedadeek euren estrategia sendotu egin dabe krisiaren aurrean.

Euskadiko Kooperatiben Konfederazinoa osotzen daben 868 kooperatibek 9.983 miloe fakturau zituen pasa dan urtean, 2010ean baino % 5 gehiago, eta 503 lanpostu sortu zituen. Pasa dan ekitaldian 117 kooperatiba sortu ziran, eta 2012an, bagilera arte, 93; beraz, pentsau leike urte amaierarako errekor bat hausi daitekeela, Konfekoop-ek bagilaren 6an emondako datuen arabera.

Emoitzen arabera, kooperatibak aurrea hartzen dagoz Euskadiko eremu sozioekonomikoan. Kooperazino, gizarte erantzukizun, demokrazia eta bardintasunaren balioak oinarrizko bihurtu dira, desbardintasunak bultzatzen dituan sistema kapitalista baten krisi ekonomikoaren testuinguruan.

Eredu kooperatiboaren aldeko interes hau hezkuntza eta ikerketa arloan ikusten da islatuta. Urtez urte, gero eta doktore-tesi, argitalpen eta ikerketa gehiago egiten dira arlo horretan. Holan dinoe GEZKI, EHU-UPVko Euskal Gizarte Ekonomiako Behatokiak eta Deustuko Unibersidadeko Ikasketa Kooperatiboen Institutuak.

Mondragon Unibersidadea, bere aldetik, benetako erreferentea da bai hezkuntza mailan, baita eredu kooperatiboari jagokonez be. Urtero 3.750 ikasle eta 3.500 profesionalek hartzen dabe parte unibersidade honetan, 4 fakultade eta kooperatibismo arloko gaiak ikertzen dituan 2 zentrotan.


Kooperatiben Nazinoarteko Urtea

Nazino Batuen Batzar Nagusiak Kooperatiben Nazinoarteko urtea izentau eban 2012a, eta kooperatibek garapen ekonomiko eta sozialari egiten deutseen ekarpena nabarmendu nahi izan eban, batez be pobrezia murrizteko, kalidadeko enpleguak sortzeko eta gizarteratzeko daukan eraginari jagokonez. Kooperatiba enpresek mundu hobea eregiten dabe lelopean, Kooperatiben Nazinoarteko Urtearen helburuak ondokoak dira: gizartea gehiago kontzientziatzea kooperatiben lanaren gainean, horreen hazkundea sustatzea eta gobernuei kooperatiben sorkuntzea eta hazkundea ahalbideratuko dituen politikak ezartzeko eskatzea.

CIRIEC-Españak eta Euskadiko hiru unibersidadeek aukera hau erabili nahi izan dabe jardunaldia gai horretan zentratzeko. 2012a hausnarketa eta azterketa urte lez planteau dabe, etorkizuneko erronka eta desafioak eta eraldatzen dagoan mundu honetan gizarte ekonomikoa sustatzeko politika publikoak definiduteko.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu