Juanito Oiarzabal protagonista dauen 'Entre Juan y Juanito' filmak ekingo deutso Mendi Film Jaialdiari
2025-11-26 08:24 KirolaMikel Urdangarin kantariaren eta Haizea Huegun konpositorearen debutak izango dira aurten.

55 pelikula BBK Mendi Film Bilbao Bizkaia jaialdiko Sail Ofizialean eta Zabalandi sailean eta gogoan hartu behar da 226 pelikula inskribidu dirala Mendi Filmen 18. edizinora.
Kontuak kontu, 45 pelikulek parte hartuko dabe aurten abenduaren 5etik 14ra egingo dan BBK Mendi Film Bilbao Bizkaia zinemaldiko Sail Ofizialean. Mendia, abentura, muturreko kirolak eta natura gaiak jorratzen dituen pelikulak dira, guztiak produkzino barriak, gehienera jota urte 2 baino ez dituenak.
226 pelikula inskribatu dira propio Bilbon parte hartzeko hautagaitza zuzena aurkeztuz. Igazko kopuru bera da, Mendi Filmen langa historikoa bardinduz.
Sail Ofizialeko pelikulez gan, beste 10 pelikula be programauko dira, Zabalandi sailean, lehiaz kanpo, beraz, danetara 55 pelikulez osotutako zinemaldi oparoa izango da aurtengoa.
Mendi Filmen Kontinente guztietako filmak proiektauko dira, Europa, Ipar eta Hego Amerika, Asia, Afrika eta Ozeaniako produkzinoak dagoz. Mendi Film nazinoarteko jaialdi erreferentea da.
Espainia da pelikula gehien dituana, 17, hainj zuzen be. Produkzino frantsesak dira hurrengoak, 12gaz eta Erresuma Batua, Austria, Alemania, Suitza, Italia, Eslovenia eta Belgikako pelikulak gehituz, Europako mendi zinemagintzea da jatorrietan ordezkatuena, danetara 44 pelikulen produkzinoetan parte hartuz.
Jatorri amerikarra dabenen artean, AEBetako 8 produkzino dagoz, Kanadako 2, eta Argentinako eta Brasilgo bana. Ohikoak ez diran lurraldeetako produkzinoak be badagoz, Mendi Film jaialdi anitza izango da: Pakistan (2), Afganistan, Liberia, Sierra Leona, Japonia eta Zeelanda Barria be agiri dira produkzinoen jatorrietan.
13 euskal zuzendari eta nazinoarteko puntako zinegileak
- Zuzendarien artean, euskaldunak dira ordezkatuenak: 13 euskal zuzendariren lanak estreinauko dira. Mendi Filmen jada eskarmentua daben Jesus Mari Lazkano, Jon Herranz, Luis Arrieta, Julen Elorza eta Alfonso Garcíak bere lan barriak aurkeztuko ditute. Egile berrien artean, Mikel Urdangarin kantariaren eta Haizea Huegun konpositorearen debutak publikoa harrituko dau. Zerrendako izen barriek euskal mendi zinemagintzearen uzta bikaina ekarriko dabe: Ibon Gaztañazpi, Nagore Eceiza, Imanol Lamana, Unai Jaureguibeitia, Jon Mendizabal eta Gorka Ipiñazar estreinako aldiz ibiliko baitira lanak aurkezten Mendi Filmen.
- Horreezaz batera, mendi zinemagintzako nazinoarteko puntako zuzendariak dagoz hautatuen zerrendan: Ben Sturgulewski, Bertrand Delapierre, Lapied familia, Yannick Boissenot, Ben Knight, Iara Lee, Jochem Schmoll, Marco Zingaretti, Javier Álvaro Palomares…
- Junji Sakamoto fikzinozko zine zuzendari japoniar ezagun eta emonkorrak bere azken lana aurkeztuko dau, Junko Tabeiri buruzko Climbing for Life, Donostiako Zinemaldiko sail Ofizialean parte hartu dauena. Goya sariduna dan Rodolfo Montero zuzendariaren Javier y la Montaña be Sail Ofizialean izango da.
- Aurtengo IAMF Sari Nagusia jasotako Seb Montazek be izango dau bere autortzea. Davina Beyloos eta biek sinatutako Out of the Blue pelikula liluragarria (Epaimahaiaren Aitamen Berezia Mendi Film 2020) barriro ikusi ahal izango da Mendi Filmen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
