Bergarako Laboratorium Museoa saritu dabe XIII. Ibermuseoak Hezkuntza Sarian

Bizkaie! 2025-11-25 13:21   sariak-autortzak

Lorategiaren taupadak, museoaren oihartzunak: inklusiorako bidaia sentsoriala proiektuagaitik.

Laboratorium Museoa saritu dabe Ibermuseoak Hezkuntza Sariaren XIII. edizinoan. Lorategian taupadak, museoaren oihartzunak: inklusiorako bidaia sentsoriala proiektuagaitik jaso dau autortzea Bergarako museoak, zentzumenen estimulazinoan oinarritutako hezkuntza inklusiborako egindako proiektuan.

Sariak Iberoamerikako hezkuntza-lanak autortzen ditu. Komunidadeakaz, narratzeko moduekaz eta aldaketa-eragile bezela daben funtsezko eginkizunekaz daben konpromisoagaitik nabarmentzen dituen proiektuak dira saridunak. Aurtengoan, 17 herrialdeetatik jasotako berrehundik gora proposamenetatik hamar proiektu saritu ditue: Brasilgo, Argentinako, Kolonbiako, Ekuadorreko, Txileko, Dominikar Errepublikako, Uruguaiko eta Espainiako museoetakoak hain zuzen be. Halanda ze, Laboratorium Museoak hirugarren saria eskuratu dau.

Rosa Errazkin, Laboratorium Museoko zuzendariak, ondokoa adierazo dau: proiektuak dauen izaera barritzaileagaitik, jasangarritasunagaitik eta jorratzen dan testuinguruan sortzen dauen eragin positiboagaitik jaso dogu autortzea. Mundu mailako izen handiko museoekaz batera izan gara sarituak. Sekulakoa da hori. Pozarren gagoz eta ondo egindako lanaren emoitza da. Saria momentu berezian heldu da gainera, gure hamargarren urteurrenaren ospakizunen azken txanpan

Ikusi azpalpen bideoa hemen.

Lorategian taupadak, museoaren oihartzunak: inklusinorako bidaia sensoriala

2024an, Laboratorium Museoak Zentzumenen lorategia egitasmoa jarri eban martxan, Laboratorium Museoaren egoitza dan Bergarako Errekalde Jauregiko ingeles estiloko lorategian egindako hezkuntza inklusiboko proiektu barritzailea. Hasieran, alzheimerra daben personentzat sortu zan programea. Proiektuaren irismena zabaldu eta gizarte-bazterketa jasateko arriskuan dagozen kolektiboak be gehitu ziran programara, museoak irisgarritasunagaz eta komunidade-ondoizateagaz dauen konpromisoa indartzeko.

Proiektua EHUk, Eusko Jaurlaritzeak eta Gertu Kulturak jorratutako egitasmo bategaz lankidetzan sortu zan eta EHUko psikologiako adituek parte hartu eben bertan. Horreek, parte-hartzaileen beharretara egokitutako esperientzia multisensoriala sortzeko aholkuak emon ebezen. Fase pilotua Bergarako edade nagusikoen zentroko egoiliarrekaz egin zan eta eragin oso positiboa izan eban.

Zentzumenen lorategia proiektuaren arrakasteak susatu dau Laboratorium Museoa 2025ean programa zabaltzera, Lorategiaren taupadak, museoaren oihartzunak: inklusiorako bidaia sentsoriala egitasmoa martxan jarriz. Kolektibo barriak parte-hartzen dabe programan, esaterako, autismoa daben ume eta gazteak eta bakardade egoeran dagozen personak.

Ikusmen, ikutu eta entzumen-estimuluko elementuak dituen zentzumen-espazioak egokitu dira. Material eskuragarriak landu dira (irakurketa erraza, piktogramak) eta bitartekaritza-taldeari prestakuntza espezializatua eskaini jako. Proiektu horrekaz, Laboratorium Museoak gizartea eraldatzeko espazio bezela dauen zeregina indartzen dau, hezkuntzea, inklusinoa eta jasangarritasuna kulturearen bidez sustatuz.

10 urte

Laboratorium Museoa euskaltzaletasuna eta unibersaltasuna da. Ekintzailetzea eta ezagutzea. Eraginkortasuna, gizartegintzea eta jakinmina. Aurrerabidea. Hori eta gehiago da Errekalde Jauregian kokatutako museoa. Euskal Herriko zientziaren erdiguneetako bat da, ondarea batu, jagon, ikertu eta ezagutzera emoten dauena. Zientzia bildumen, kimikearen, fisikearen zein zoologiaren bitartez.

Laboratorium Museoak, jakintza eta barrikuntzea bultzatzeko bere ahaleginean, gizarteari teknologia aurreratuen eta etika arloko hausnarketearen inguruko ikuspegi zabala eskaintzen jarraitzen dabil, izan be, museo hau ezagutza eta barrikuntzearen motorra da. Historian zehar izandako ekarpen horreek gogoratuz, etorkizunera begira jarraitzen dau, gizarte hobe eta jakintsuago baten alde lanean.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu