Joan Mari Torrealdaik ingurukoak izan ditu gogoan Manuel Lekuona saria jasokeran
2016-03-14 13:14 sariak-autortzakJoan Mari Torrealdaik Eusko Ikaskuntzaren 2015eko Manuel Lekuona Saria jaso dau astegoienean. Euskerearen eta euskal kulturearen alde egin dauen lana goretsi dau epaimahaiak, gizarteari egin deutson ekarpena eredugarria dala azpimarratuz.
Joan Mari Torrealdaik Eusko Ikaskuntzaren 2015eko Manuel Lekuona Saria jaso dau astegoienean. Euskerearen eta euskal kulturearen alde egin dauen lana goretsi dau epaimahaiak, gizarteari egin deutson ekarpena eredugarria dala azpimarratuz.
Xalbadorrek 1975ean Usurbilen egindako saio batean Ni naiz... gaia jarri eutsienean emon eban erantzunagaz hasi dau eskerrak emoteko berbaldia Joan Mari Torrealdaik; Ez naiz izar bat, ezta eguzkia be, esan dau. Gehiago sentiduten da, irudia Chartresko Bernardo Erdi Aroko filosofoari hartuta, ipotx bat erraldoien bizkar ganean. Hau da, aurretik izan dituan erraldoien lanei emon deutsela berak jarraipena, hareek jarritako zimenduetan oinarrituta, eraikina handitzen jarraituz. Nire bizitzako erraldoiak asko dira: familia, Arantzazu, Jakin, Elkar, Egunkaria, Euskaltzaindia. Eskerrik asko guztioi.
Saria emoteko ekitaldian izan ziran, besteak beste, Bakartxo Tejería, Eusko Legebiltzarreko burua; Ana Ollo, herritarrakazko eta erakundeakazko harremanetarako kontseilari eta Nafarroako Gobernuko bozeroailea; eta Cristina Uriarte, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua, Kulturako sailburuorde Joxean Muñozegaz batera. Gipuzkoako Foru Aldundiaren izenean, Markel Olano Diputadu Nagusia eta Mikel Irizar Hizkuntza Bardintasunerako zuzendaria, baita hainbat udaletako ordezkariak be. Euskalgintzeak ordezkaritza zabala izan dau, oso gitxi baitira azken bost hamarkadetan Joan Mari Torrealdairen esku-hartzea eta bultzadea izan ez daben ekimenak. Hiru nagusiak aitatzekotan nabarmendu beharko litzatekez Jakin, Euskaldunon Egunkaria eta Euskaltzaindia. Baina, batez be, familiagaz batera lagunak izan ditu inguruan Joan Mari Torrealdaik, miretsi ez eze estimau eta maitatzen daben lagunak.
'Laudatio' edo saridunaren merezimenduen aitamen zehatza egin dauen Andres Urrutia euskaltzainburuak Joan Mari Torrealdairen lanaren izakera kolektiboa nabarmendu dau. 1942 urtean Foruan (Bizkaia) jaiotako Joan Mari Torrealdaik sekulako jakinduria pilatu dauenik ezin uka. Nahikoa da horretarako Arantzazun (Iñaki Dorronsororen berbetan pobreen unibersidadea zan haretan), Foruan bertan, Parisen edota, besteak beste, EHU/UPVn egindako karrerak, tesiak eta beste, edo ikerlan eta argitalpen ugariak. Urrutiak ibilbide hori laburbatzeko esan bezela, barriz, Torrealdaik ez ditu beretzat gorde ikasitakoak, nahiago izan dau beti igarotea jakintzetatik ekintzetara, ikasi dauen hori herriari itzultzea. Horregaitik da horren ugaria eta oparoa haren arrastoa iragan mendeko 60ko hamarkadako euskal kulturearen berpizkundetik gaurdaino. Ugaria, oparia eta barritzailea, sistema akademiko eta instituzioanalaren babesetik kanpo jardun dauen Joan Mari Torrealdaik, hasiera-hasieratik, haize barria ekarri deutsolako euskal kultureari, Jakin aldizkariaren eta beste hainbet ekimenen bitartez. Beti, azpimarratu dau Urrutiak, herriaren onura eta zerbitzura.
Euskaltzainburuari iruditu jako ondo islatzen dauela Joan Mari Torrealdaik ehungarren urteurrena betetzear diran Eusko Ikaskuntzaren eta Euskaltzaindiaren espiritua, eta bien leloak bat eginda esan deutso asmoz eta jakitez, ekin eta jarrai.
Amaierako berbaldian, Markel Olanok be ekarri dau gogora Joan Mari Torrealdairen eta beste hainbaten ibilbidea ikuspegi askotatik baldintzatu dauen euskerazko lehen egunkariaren kontrako erasoaldia. Euskaldunon Egunkaria zarratu ebenetik hamairu urte igaro diran honetan (2003ko zezeilaren 20an zarratu eban Guardia Zibilak, hamar lagun atxilotuz), Joan Mari Torrealdaik sartuta daukan arantzea ekarri dau gogora Olanok, eta del Olmo epailearen aspaldiko erabagia salatzeaz batera, goretsi egin dau omenduaren ibilbide guztia, salbuespenik barik. Euskerea eta euskal kulturea momentu honetan dagozan bidegurutzean, Joan Mari Torrealdai lako errenferenteak izatearen balioa nabarmendu dau Markel Olanok.
Iñaki Dorronsorok nabarmendu dau ez dirala bakarrik merezimendu objektibo horreek izan epaimahaia saria Torrealdairi emotera bultzatu dabenak. Azken erabagia hartu dabenen izenean egin dau berba Igone Etxeberriak be eta beste horrenbeste esan dau, batez be konpromiso personala balorau dogu, Manuel Lekuonaren helburua zalako ez bakarrik ikertzea, euskerea eta euskal kulturea biziarazotea baino.
Ibilbide personala patu kolektiboagaz lotu izana eskertu deutso Dorronsorok Torrealdairi, eta honakoa esan deutso: Ez zara zeurea bakarrik. Gurea dan zeozer zarela sentiduten dogu. Zeure obrea euskal izaki kolektibo baten obrea da, eta Torrealdairen izena daroa.
Eusko Ikaskuntza 1983an hasi zan Manuel Lekuona sariak emoten (lehenengoa Lekuonak berak jaso eban). Saria emon izan da udaletxeetan, kultur etxeetan, foru eta bestelako jauregietan. 2015ekoa, barriz, Andoaingo Martin Ugalde Kultur Parkean jaso dau Joan Mari Torrealdaik, bere kultur konpromiso askoren gunean, alkarlanaren balio praktiko eta sinbolikoak islatzen dituan lekuan, izan be, hor batzen dira Martin Ugalderen izena betikotuz bide batez, danen artean 400 langile dituen 28 enpresa. Parkeko apaindura handirik bako areto nagusian batu dira, Joan Mari Torrealdairen inguruan, euskalgintzako eragile nagusi asko, momentu honetan erakundeetan egotea egokitu jakenak zein Torrealdai bidelagun, bidegile edo gidari izan daben hainbat erakunde eta ekimenetako ordezkariak.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!