Juan Mari Beltran Argiñenak Manuel Lekuona Saria jaso dau

Bizkaie! 2025-03-26 12:28   sariak-autortzak

Oiartzungo Landetxe Kultur Aretoan.

Eusko Ikaskuntzearen Manuel Lekuona Saria Juan Mari Beltran Argiñena musikari, musikologo, konpositore, etnografo eta irakasleari emoteko ekitaldia Oiartzungo Landetxe Kultur Aretoan izan da.

Euskal musikearen eta folklorearen hainbat arlotatik etorritako jenteek, lagunek eta erakundeetako ordezkariek, esaterako, Aitor Aldasoro Hizkuntza Politikarako sailburuordea, Xabier Ezeizabarrena Gipuzkoako Batzar Nagusietako lehendakaria eta Javier Arakama, Euskarabideako zuzendari-kudeatzailea, Juan Mari Beltrani babesa emon deutse. Horrezaz gan, musika kontzertua eta testigantzak izan dira.

Oiartzungo alkate Joana Mendiburuk egin deutso ondoetorria. Halanda ze, Beltrani eskerrak emon deutsoz azken hogeita hamar urteetan Soinuenea Fundazinoan egindako lanagaitik eta musikearen aurrean dauen pasinoa herrian zabaltzeagaitik.

Ondoren, Luis Elícegui Mendizabal Epaimahai Instituzionaleko bozeroaileak 2024ko Manuel Lekuona Saria emoteko aktea irakurri dau.

Eusko Ikaskuntzako lehendakari Ana Urkizak Manuel Lekuona Etxabeguren oiartzuarra ekarri dau gogora hasieran, izan be, harek emon eutson izena sariari, 1983an jaso eban lehena. Holan definidu dau Urkizak Juan Mari Beltran: gure joanaren onena hartzen dauen artistea da, eguneratzeko eta belaunaldi barriei transmitiduteko. Euskal Herriko kultur transmisinoaren arloko errealizazino sendo eta iraunkorrenetako baten sustatzailea da, Soinuenea Fundazinoarena hain zuzen be. Musika tradizionala eta garaikidearen artean eta euskal folklorearen eta bestelako generoetan lan bikaina egin dau. Halanda ze, integrazinoa, alkarrizketea eta lengoaia unibersalenaren ulermen globala musikea da.

Remigio Mendibururen eskulturea jaso ondoren, Juan Mari Beltranek eskerrak emon deutsee haren ibilbide musikalean lagun izan dituan persona guztiei. Etxarri Aranatzen hasi zaneko garaiak ekarri ditu gogora. Urte batzuk aurrerago, Donostian, Argia taldeko kide zala, kultura herrikoiaren balioa eta oraindino bizirik dagozan lekuetan musikea eta jantzak batzearen garrantzia ezagutu eban.

1985etik aurrera, Hernaniko Udal Musika Eskoleak bertoko herri-instrumentuen irakaskuntza arautua sartu ebanetik, Juan Mari Beltranek interprete ugari trebatu zituan berton, albokea, txalapartea eta dultzainea ikasteko sortutako metodoak aplikauta. Soinuenea-Oiartzungo Herri Musikearen Txokoa martxan jarri zala hogeita hamar urte bete dirala be gogoratu dau.

Amaitzeko ondokoa esan dau: musikeari asko emon deutsodala esaten deuste, holan izango balitz be, dudarik barik esaten dot askoz gehiago emon deustala musikeak neuri. Orhiko xoria bezela, zoriontsu sentiduten naz biziteagaz, familia, lagunak, lurra, gizartea, hizkuntzea eta kultureagaz.

Gipuzkoako Diputadu Nagusi Eider Mendozak be egin dau berbea: musikearen funzinoa ordezkaezina da komunidade baten bizitzan, baita sorkuntzan eta hizkuntzearen transmisinoan be. Juan Mari Beltranen lanek eta jardun nekatuezinak erakusten deuskue musikeak batu egiten gaituala herri bezela. Horregaitik, herriari emondako guztiagaitik, jaso dau saria.

Ondoren, kontzertuak izan ziran Ander Barrenetxea eta Aitor Beltran txalapartariak, Errege Belda akordeoilaria, Fernando Jalon dultzaina eta kornamusa, Mendigaña Gorostiaga gitarra eta panderoa, Aitor Gabilondoren ahotsa eta Andoni Salamondo errezitatzailearen eskutik.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu