Euskaltzaindiak eta Mundakako Udalak Jose Manuel Etxeita omenduko dabe garagarrilaren 10ean
2015-07-01 16:21 sariak-autortzakAurten bete dira 100 urte Jose Manuel Etxeita idazle mundakarra hil zala. Hori dala-eta, garagarrilaren 10ean, haren omenezko jardunaldia egingo dabe Euskaltzaindiak eta Mundakako Udalak. Omenaldia arratsaldeko 19:00etan hasiko da, Juan Tribisarrospe Kultura Etxean. Egun berean, Akademiaren Literatura Ikerketa batzordeak be bilerea egingo dau, 13:30ean.
Aurten bete dira 100 urte Jose Manuel Etxeita idazle mundakarra hil zala. Hori dala-eta, garagarrilaren 10ean, haren omenezko jardunaldia egingo dabe Euskaltzaindiak eta Mundakako Udalak. Omenaldia arratsaldeko 19:00etan hasiko da, Juan Tribisarrospe Kultura Etxean. Egun berean, Akademiaren Literatura Ikerketa batzordeak be bilerea egingo dau, 13:30ean.
Ondokoa izango da egitaraua:
Aitor Egurrola alkatea. Sarrera-hitzak.
Jon Kortazar: Josetxo eta Etxeitaren biografia berbaldia.
Ana Toledo: Ardibasotik Ardibasorako joan-etorria berbaldia.
Andres Urrutia euskaltzainburua. Agur-hitzak.
Jose Manuel Etxeita eta Luzarraga 1842ko abenduaren 13an jaio zan Mundakan. Gaztetatik ibili zan itsasoan, eta gerora Bilbora joan zan Nautika ikasketak egiten. Pilotu titulua eskuratuta, mundu zabaleko itsasoetan ibili zan hainbat urtetan.
Manilan (Filipinak) 16 urte emon zituan Larrinaga eta Compania etxekoakaz lanean. Han, besteak beste, Kaia Batzordeko partaide izan zan; Filipinetako Administraritza eta Tabako Elkarteko aholkulari; Itsas Bazkuneko zuzendari eta Merkataritza Ganbarako lehendakari. Eta baita uriko alkate bere.
Halan da be, Mundakara bueltetea erabagi eban, eta hor geratu zan betiko. Bertan, itsas-astronomia, musikea eta euskerea lantzeari ekin eutson. Idazle oparoa izan zan eta ipuinak, olerkiak, eleberriak eta itzulpenak egin zituan, eta kazetari jardun eban. Bere lanik ezagunenak Josetxo (1909) eta Jayoterri maittia (1910) nobelak dira.
Horreez gan, Mari-Jesus ta Iru artzañak ipuina (1908); Oroitzapenak nobelea; Ziñistuten dot Jaungoikoa'gan itzulpena (1914); Urikoa (1914) Komedia eta Itsasoa (1912) eta Au, ori ta bestia (1914) olerkiak idatzi zituan.
Mundakan hil zan, 1915eko maiatzaren 1ean.
Jose Manuel Etxeita omentzeko egitaraua bagilaren 10ean abiatu zan Mundakan, izan be, egun horretan ekitaldi bi egin ziran: batetik, Edorta Jimenez idazleak Etxeitaren negua Irlandan izeneko berbaldia emon eban; bestetik, Jose Manuel Etxeita, 100 urte erakusketea zabaldu zan eta abuztuaren 10era arte egongo da zabalik, idazle omenduaren izena daroan Udal Liburutegian.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!