2023ko Sabino Arana Sariak jakitera emon ditue

Bizkaie! 2024-01-17 08:34   sariak-autortzak

Saridunen artean, Javier Clemente, Antton Valverde eta Euskal Artzainak Ameriketan (EAA) dagoz.

Sabino Arana Fundazinoaren presidenteak, Mireia Zaratek, eta erakundearen idazkariak, Ignacio Etxeberriak, 2023ko Sabino Arana Sarien izenak jakitera emon ditue. Sari horreen bidez, gizartearen alde egindako lanagaitik edo hobetze-nahiak gidatutako bizitza meritudunagaitik nabamendutako personak edo erakundeak aintzatesten dira.

Sari-banaketako ekitaldia datorren urtarrilaren 28an izango da, domekan, Bilboko Arriaga Antzokian, 12:00etatik aurrera. Sarien XXXV. Edizinoak ondokoen lana eta merezimenduak autortuko ditu: Laboral Kutxa-Euskadi Fundazinoa (emakumezkoen taldea), Antton Valverde musikari donostiarra, Armando Llanos ikertzaile eta arkeologo gasteiztarra, Euskal Artzainak Ameriketan (EAA) alkartea eta Javier Clemente futbol entrenatzailea.

Sariak emoten hasi ziranetik, 1989. urtetik, bost sari horreez gan, beste 192 sari emon dira.  XXXV. edizino horretan, Sabino Arana Fundazinoak Laboral Kutxa-Euskadi Fundazinoa UCI Continental-en lana eskertu eta aintzatetsi nahi dau, hainbat balio bultzatzeagaz, besteak beste, laguntasuna, inklusinoa, bardintasuna eta talde-lana, guzti-guztiak ezinbestekoak bizitzan helburu handiak lortu nahi badira.

Mireia Zaratek azpimarratu dauenez, emakumeez eta profesionalez osturiko talde horreek eredugarriak izan nahi dabe nazinoartean, emakumearen irudia indartuz, harrobiko txirrindulari gazteei aukerea emonez eta mundu mailan euskal emakumezkoen txirrindularitzearen aldarria eginez. Eta arlo horretan dabiz lanean, munduko emakumezkoen txirrindularitzako elitean egoteko, tropeleko talde handien artean nabarmenduta.

Euskal musikagintzeari lotutako ibilbide luzeko Antton Valverde musikariak be saria jasoko dau. Sabino Arana Fundazinoak euskal kultureak azken hamarkadetan ekarri deuskun musika erreferente garrantzitsuenetako bat aintzatetsi eta txalotu nahi dau: Antton Valverde Lamsfus. 50 urtetik gorako ibilbide artistikoa dauena, Anttonen lana funtsezkoa izan da euskal musikea barritzeko orduan. Bakarka edo Xabier Letegaz batera, Valverderen musikea bide ezin egokiagoa izan da Euskal Pizkundeko eta XX. mendeko olerkarien lanak zabaltzeko eta ezagutzera emoteko, besteak beste, Esteban Urkiaga Lauaxetarenak, Jose Mª Agirre Lizardirenak eta Bitoriano Gandiagarenak, baita bertsolari handien bertsoak be, besteak beste, Jose Manuel Lujanbio Txirritarenak. Beraz, ez da gehiegizkoa esatea euskaldun askok eta askok euskal kulturako erreferente horreen olerkiak Antton Valverderen lanari esker ezagutu dogula esatea, adierazo dau Zaratek.

Armando Llanos Ortiz de Landaluze ikertzaile eta arkeologo arabarrak be saria jasoko dau datorren urtarrilaren 28an, Sabino Arana Fundazinoaren presidentearen eskutik.

Zazpi bat hamarkadatan, ekin eta ekin, historiaurrearen eta protohistoriaren munduari buruzko ikerketa arkeologikoak egin ditu, landa-ikerketetan Euskal Herri osoa zeharkatu dau eta aztarnategi ugari topau ditu.

Estadu Batuetara emigrau eben artzainak

Sabino Arana Fundazinoak Euskal Artzainak Ameriketan (EAA) alkartea aintzat hartu eta sarituko dau urtarrilaren 28an. Irabaz-asmorik bako alkarte hori lanean dabil 2006. urtetik, Euskal Herritik Estadu Batuetara artzaintzan jarduteko emigratu eben personen bizitea eta ondarea euskal herritarrei ezagutarazoteko helburuz.

Horreek idatzi ebelako, eta ondorengoek be idazten jarraitzen dabelako, nekez eta ahaleginez, geure herriaren historiaren zati garrantzitsu bat, Ameriketan euskal kulturearen eta hizkuntzearen igorle bihurtuz, nabarmendu dau SAFen presidenteak.

Era berean, Mireia Zaratek adierazo dau Euskal Artzainak Ameriketan alkarteak lan bikaina egiten dauela Euskal Herritik joandako artzainen bizitzak, istorioak, argazkiak, dokumentazinoa, idatziak eta ikus-entzunezkoak batzen. Azken batean, etorkin joandako artzain horreen ondorengoetako batek, Robert Laxaltek, sweet promised land izentau eben lurralde haretan itxitako euskal aztarnea.

Entrenatzaile nekatuezina: Javier Clemente

Euskal futbolean, entrenatzaileren batek historia egin badau, Javier Clemente izan da. Athletic Cluben azken titulu ofizialen 40. urteurrenean (1983-1984 denporaldiko Ligea; 1984ko Errege Kopea eta 1984ko Superkopa) Sabino Arana Fundazinoak Javier Clemente Lázaroren ibilbide profesionala gogorau eta aintzatetsi nahi dau. Javier Clementek talde mitikoa gidatu eban, eta horri esker, gabarreak Bilboko itsasadarra zeharkatu eban azken aldiz. Clementen laguntzinoagaz, 80ko hamarkadearen hasieran euskal futbolak izan eban loriaren arrakastea handitu zan. Harrobia zer dan eta euskal futbolari zer ekarten deutson ondo baino hobeto ezagutzen dauen entrenatzailea dogu Clemente, adierazo dau Fundazinoaren presidenteak.

Javi Clemente maisua da futbol-kontuetan eta entrenatzaile nekatuezin eta ekina bere kirol-ibilbide luze eta emnokorrean azpimarratu dau Zaratek.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu