Ainhoa Aranburu: 'Euskaldun barriei doinua ikastea da gehien kostetan jakena'

Nagore Ferreira Zamalloa 2012-06-18 12:21   Barriketan

Iruñeko HEO-ko Bertso-eskolako arduraduna

Euskaldun barrientzako bertso-udalekua antolatu dabe lehenengo aldiz Bertsozale alkarteak, AEK-k etaIruñeko Hizkuntza Eskola Ofizialeko Bertso-eskoleak. Udalekua Foruko barnetegian egingo dabe, abuztuaren 1etik 7ra bitartean. Izena emoteko epea edegita dago. Astebete gitxi bada be, bertsoaren mundura hurreratze interesgarria eskainiko dabe Ainhoa Aranburu, Xabi Paya, Onintza Enbeita eta Esti Alberdi irakasleek. Bestelako sorpresarik be izango ei da...


1-. Euskalduntzeari zuzendatutako I. Bertso-udalekua antolatu dozue Forun. Zelan sortu zan ideia?

Bertsozale alkarteak, AEK-k eta Iruñeko Hizkuntza Eskola Ofizialeko Bertso-eskoleak, bakotxak bere aldetik, euskalduntzea eta bertsoak buztartzeko asmoa dauka. Berbetan hasi ginan, interes bera genduala ikusita, hartu-emonetan hasi ginan eta barnetegia antolatzeko aukerea agertu zan. Holan abiatu zan bertso-udalekua.


2.- Eta zein da zuen asmoa, euskerea erakustea ala bertsotan ikastea?

Biak ikastea da gure helburua. Bertsoak gozetako heldulekuak erakutsiko doguz, estrategiak eta trikimailuak. Bertsoak hobeto ulertu ezkero, errazagoa da bertsoagaz gozetea. Goizetan, batez be, eskola formalak egingo doguz; arratsalde eta iluntzetan, barriz, bertsoagaz zerikusia daben eskolaz kanpoko jarduerak.


3.- Ikasle gehienak, beraz, bertsozaleak izango dira, ezta?

Egia esan ez dakigu zer profil izango daben, ez dakigu nork emon dauen izena eta. Bertsozalea bada, ederto, baina ez bada be, ondo. Izan leike zalea ez izatea bildurra daukalako, bertsoak ez ulertzeko bildurra, eta horregaitik ez hurreratzea bertsoaren mundura. Atetxu bat edegiko dogu eurentzat. Inongo zaletasunik ez badabe, ez harremonik, baina gogoa badabe, barnetegia guztiz aproposa da eurentzako.


4.- Bertsoak ulertzen eta bertsoak egiten, bitzuak erakutsiko dozuez?

Lehenengo eta behin, bertsoaren atzean dagoan teknikea erakutsiko dogu. Goizeko jarduerek hiru helburu nagusi izango ditue; batetik, bertso eta doinu zaharrak, tradizinoak dagoana ezagutzea, mundu horretara hurreratzea; bestetik, bertsoa ulertzeko estrategia eta trikimailuak emotea; eta, azkenik, teknikea apliketan hastea, jolastea. Badakigu, hori danori tajuz egiteko astebete gitxi dala. Hurreratze bat egingo dogu, eta jakin-min berezia daben ikasleei bertsoaren mundua hobeto ezagutzeko aukerea emongo jake.


5.- Zein da udalekuaren helburu nagusia, bertsoaren ganeko jakin-mina biztea?

Hiru erakundeon kezka nagusia euskaldun barriak bertsoaren mundura hurreratzea da. Euskaldun barriak uste dau ez dala gai bertsoagaz gozetako, gatxegia ikusten dau, urrunegi. Horregaitik, gure asmoa da helduleku batzuk emotea: eskutik hartu eta hemendik edo handik joan behar dauela esan, ze hemendik etorrita errazago egingo jatzu, leunagoa, ikusiko dozu... Bertsoagaz ondo pasetan lagunduko deutsegu.


6.- Trikimailuak, heldulekuak... Zein da ba bertsoa ulertzeko sekretua?

Gatxa da esatea. Bertsolariak bertsoa egiten dauenean, teknika bat apliketan dau. Teknika hori hainbat fasetan banatuta dago, eta hainbat elementu hartzen ditu kontuan, bertsoaren egiturea, bertsoaren gitxieneko unidadea, puntua eta abar. Horri guztiorri buruzko inongo informazinorik ez daukanarentzat bertsolariak magia egiten dau.


7.- Bueno, euskeraz dakigunontzat be nahiko magia egiten dabe bertsolariak...

Eta ederra da magia lez ikusten jarraitzea... Bertsolariaren teknikea ezagutzeak bidea emoten deutsu hobeto ulertzeko zer eta zelan dabilen egiten bertsoa. Euskera maila altua ez daukanari asko laguntzen deutso teknikea ulertzeak, faseak jakiteak. Koadro bat ikustea modukoa da: arteari buruz ezer ez badakizu, eta aurrez aurre pintura bat ipinten badeutsue, ez dozu ezer ulertuko. Artea ikusten ikasi beharko dozu. Bertsoa ulertu ezkero, gozetan hasiko zara; zenbat eta gehiago jakin gehiago gustauko jaku. Bertsoari buruz lau pista emon gura doguz, ulertzen eta gozetan hasteko.


8.- Bertso-udalekuan parte hartzeko beharrezkoa da euskera maila bat izatea, ezta?

Hasieran, B2 hizkuntza perfila gainditu beharra ipini genduan, baina maila hori baino bajutxuagoa daukanik animauko balitz, jakin-min handia badauka, ba duda barik, izena emon daiala. Hizkuntza Eskolan talde bi daukaguz, mailearen arabera banatuta: alde batetik, B1 maila dabenak, eta bestetik, B2 eta C1 mailadunak. Beraz, badaukagu esperientzia maila txikia edo handitxuagoa daben ikasleekaz.


9.- Lau irakasle izango zarie, Forun, ezta?

Bai, Xabi Paya, Onintza Enbeita, Esti Alberdi eta ni neu. Bertso-barnetegia ondo urteteko hainbat arlotan esperientzia daukan jentea behar zala ikusi genduan hasiera-hasieratik. Euskaldun barriekaz bertsoa lantzeko, bertsoa guztiz kontrolau behar da, eta taldeen dinamikan ondo konpontzea. Alkarlanean eta alkarrengandik ikasteko programazinoa antolatzeko gaitasunak be garrantzi handia dauka.


10.- Lau irakasleoz aparte, izango ete da bestelako ekarpenik?

Bai, jakina. Hainbat bersolarigaz hartu-emonetan ipini gara, eta batzuk bisitan etorriko jakuz. Maialen Lujanbio, Unai Iturriaga eta Jon Lopategi etorriko dira Forura, eta beste sorpresaren bat be izango da, baina dana ezin da kontau...


11.- Iruñean be bazabiz euskaldun barriei bertsoaren mundua hurreratzen, ezta?

Aurten laugarren ikasturtea da. Urte osoko ikastaroa da, Hizkuntza Eskolearen barruan, modu ofizialean eskaintzen dana. Bederatzi laguneko talde koskorragaz hasi ginan; urterik urte ikasle kopurua handitzen joan da, aurten 15 laguneko talde bi daukaguz. Euskera mailearen arabera banatzen doguz. Maila bajuko taldean ez dogu bat-batekotasuna lantzen, horren ordez, bertso zaharrak kantau, soinuak ikasi eta bertsolaritzearen ingurukoak ikasten doguz. Teknikea be jorratzen dogu, faseak eta kodifikazinoa, baina ez dogu bat-batean kantetan. Boligrafoa eta papelegaz idatzen dogu bertsoren bat, baina bat-batekorik ez. Maila altutxugoa dabenek, B2 eta C1-ekoek, doinu zaharrak eta tradizinoa ikasteaz aparte, bat-batean zelan kantetan dan ikasten dabe.


12.- Gero eta ikasle gahiago daukazue, badago gogoa, beraz, Iruñean.

Bai, bai. Nire ustez, kontua da euskaldun barriari oso gatxa egiten jakola bertsora hurreratzea, urrunegi dago berarentzat. Baina, ezagutzen dabenean gustetan jake. Gure lanketea eta metodologia oso kate motzekoa da. Ikaslearen gaitasuna zein dan asmetan ahalegintzen gara eten barik; helburu zehatzak ipini behar doguz, helburu txiki asko, eten barik baina lortzeko modukoak. Ikasleak kopla txiki bat egiteko kapaz dala ikusten dau, gai dala puntukako saio bat egiteko, eta apurka-apurka aurrera egiten dagoala ikusten dau.


13.- Zer da gatxena ikasleentzat?

Nik garrantzi handia emoten deutsat norbere buruan konfiantzea izateari. Alde hori ondo landu ezkero, ikasturtea ondo joango da. Deskonfiantza puntu bategaz etorten dira, pentsetan dabe ez dirala kapaz izango; horri bueltea emotea oso gatxa da. Kontua ez da ondo egitea, kontua da egitea, gero ikasiko dogu-eta ondo egiten. Lanketa hori oso garrantzitsua da. Bertsotan egiten ikasten dogu, ez bertso onak, bertsoak beste barik. Oinarriz-oinarrizkoa ikasten dogu. Beste kontu bat da hizkuntzea ez dabela guztiz zorroztuta, ezin dabe esan gura daben guztia. Euskerea ikasteko helburu erreala sortzen dau horrek, euskerea ikasteko gogoa.


14.- Eta, irakasleentzat?

Bertsotan egiteko, bat-batean egiteko, doinua menperatu behar da, ondo jakin behar da. Doinuak ez deutsu trabarik ipini behar. Eskoletara datorren euskaldun barriak ez dau doinurik ezagutzen, ez dau hartu-emonik izan. Doinurik ezagunena ipinita be, arrotza da berarentzat. Doinua ikasten dogu, ikasi dogula pentsetan dogu, hasten dira bertsotan, eta konturatzen gara ez dabela menperatzen. Doinua barru-barruan sartuta euki behar da, bertsoaren mapea da doinua. Euskaldun barriei doinua ikastea da gehien kostetan jakena. Ez dira konturatzen zenbateko garrantzia daukan, doinua mapea da, eta mapea ondo ezagutu behar da.


15.- Azkenaldian bertsolaritzea protagonista da hainbat arlotan, bertsolaritzea modan dago?

Nik zazpi-zortzi urte daroadaz Iruñean, lehenago Bartzelonan egon nintzan euskera eskolak eta bertso eskolak emoten. Zazpi urtean aldea igarri dot, eta bertan egon dan jenteak aldea kristorena dala dinoe. Sasoi batean Iruñeak apenas eukan loturarik bertsoagaz, eta gaur egun asko dagoz, saio asko... Iruñerrian helduentzako 4 bertso-eskola dagoz, euskaldun zaharrentzako, eta beste bat, geurea, euskaldun barrientzako. Hori asko da Iruñea baterako. Umeek eskoletan lantzen dabe... Kontxo, hori asko da.

Bertsoa gora eta gora doa. Orain hamar urte egindako lana igarten da orain, garai bateko lanaren uztea jasoten gabilz. Ganera, helduek bertso-eskolekaz hartu-emonak izatea oso garrantzitsua da, bertsoaren mundua nabarmen dinamizetan dalako: eskolan dabilena saioak antolatzen hasten da, saioak proponiduten... Begiratu, Araban oraingo egoerea eta orain 15 urtekoa gauza guztiz desbardin bi dira.


16.- Bartzelonan euskera erakusten ibili zinan, eta bertsotan be bai... Han be bertsozaletu zendun baten bat, beraz.

Betsozale amorratua naz, eta euskera irakaslea bere bai. Nire ustez, arlo biak oso buztargarriak dira, osogarriak. Bertsoaren bidez hizkuntzeagaz hartzen dozun kontzientzia ikaragarria da, euskaldun barri batentzako tresna ezin hobea da. Hipotesi hori buruan neukala hasi nintzan bertso eskolak emoten Bartzelonan, nire ordutegitik kanpo. Jenteari asko gustau jakon.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu