The bershow must go on
2012-06-14 14:03 BertsolaritzeaBizkaie! zoli-zoli segiduten dozuenok, jakingo dozue zapatuan Agurainen jokatuko dala Euskal Herriko XXIV. Eskolarteko Bertsolari Txapelketako finala.
Bizkaie! zoli-zoli segiduten dozuenok, jakingo dozue zapatuan Agurainen jokatuko dala Euskal Herriko XXIV. Eskolarteko Bertsolari Txapelketako finala. Bizkaiko Eskolarteko Txapelketea hurretik segiduteko sanjea hartu neban eta harro dinot bertsolari gazteenak kantetan ikusteko subertea euki dodala atzera be. Bertsorik bertso epaitu dodaz eta, ha-ta guzti be, ez dakit ni ez ete nazen eurakandik ikasi dauena: aurrefabrikautako bertso gitxi egotea, freskotasuna, naturaltasuna... oraindino gehiago baloretan dot.
Euskal Herriko Eskolarteko Bertsolari Txapelketako finalean kantauko daben eta aitatu dodanaren hiru adibide dakartzuedaz: Iker Larizgoitia (Mungia, 1999), Malen Amenabar (Larrabetzu, 1994) eta Nerea Ibarzabal (Markina, 1994). Txaber Altuberi (Abadiño, 1998) be egin gura izan deutsat alkarrizteketea, baina, azkenean, honegaitik edo haregaitik, ezin ba! Mila esker danei eta dakien moduan kantau daiela Agurainen.
Txaber eta Iker dira gaztetxuenak, baina Malen eta Nerea Bizkaiko Eskualdeko Txapelketan be ikusi barri doguz lehenengoz eta final-laurenetara nasai pasetan be bai. Nahinon eta edozeinegaz bertsotan ondo egiteko kapaz dira eta ea ibili behar dauena zuhur dabilen, neskatook udan bertsotan entzun ahal izateko be. Txaber eta Ikerri, barriz, emon urte bat edo bi asko jota. Bershowak segidu daiala, baina batez be plazetan.
Finalistak eta finalera sartu ezinda parau diranak be euki gura dodaz akorduan: artegauta egozalako, egun onik ez edo suberterik euki ez ebelako edo estukurea zala-eta, gustura parau ez ziranak, batez be. Ni neu finalean epaimahaian alazo egon nintzan Beñat Gaztelurrutia, Jurgi Fuentes, Arkaitz Estiballes, Juanjo Respaldiza... inguruan eukita. Ganera, gaztetxuenak entzuten bertsolari ezagun ugari ikusi nituan: Etxahun Lekue, Iñaki Iturriotz, Eñaut Intxaurraga eta Ander Elortegi, beste batzuen artean.
Epaile-beharrakaz bersobredosia hartu dot hileotan eta udea pasau arte puntuak albo baten ixteko gogoa be badaukat. Hori bai: bertso asko daukadaz errekamaran gordeta eta ipiniko deutsuedaz berandu barik. Ez naz gehiago luzatuko eta bertsolarien berbakaz itxiko zaituet:
Iker larizgoitia
1.- Noz eta zelan hasi zinan bertsotan?
Bertsotan hasi nintzanean zortzi bat urte eukiko nituan eta akordetan naz zelan gau baten telebistan Hitzetik Hortzera ikusten egon nintzan eta asko gustau jatan. Hurrengo egunean, klasean bertso bat egiten ahalegindu nintzan eta, orduan, bat-batean irakaslea agertu zan eta egin neban bertsoa kendu eustan. Antza danez, gustau egin jakon eta Euskera Egunerako beste bat prestetako eskatu eustan eta, gero, beste bat inauterietarako eta beste bat, Kirol Egunerako. Hori egin eta gero esan eustan baegoala bertso-eskola bat eta, zelan ez, apuntau egin nintzan.
2.- Ze bertso-eskolara joaten zara?
Mungiako Taket Bertso Eskolara.
3.- Zelan sentidu zara Eskolarteko finalean? Ze asmo daukazu Euskal Herriko Eskolarteko finalerako?
Eskolartekoan oso-oso urduri sentidu nintzan: batez be, lehenengo bertsoan. Hortik aurrera nahiko ondo eta barre egiteko gogo itzelagaz. Euskal Herriko finalerako ondo pasetea da gura dodan bakarra: barre egin, jente barria ezagutu eta ondo jatea.
4.- Udan bertsoakaz loturiko ezer egiteko asmorik badaukazu?
Udea luzea izango da, baina pentsetan dot zeozer egin beharko dala. Nire ustez, bertsoa erreminta bat da, barre egiteko erremintea eta uda honetan, nik, behintzat, barre asko egin nahi dot.
Malen Amenabar eta Nerea Ibarzabal
1.- Zelan sentidu zara Eskolarteko Txapelketan?
Malen Amenabar: Oso gustura. Lasai joan nintzan Bilbora eta horrek be lagundu eustan seguruenik. Maila konstantea mantendu nebala uste dot eta oso pozik lotu nintzan emoitzeagaz. Ganera, hau azkenengo eskolartekoa izan da eta agurtzeko modu ona dala uste dot.
Nerea Ibarzabal: Ba, egia esan, aurten inoz baino trankilago: hainbeste urtean kantau ostean emoten dau ohitu egin garela. Ganera, aurtengoak jente barria ezagutzeko aukerea be emon deust, urteroko ezagun askok ezin izan dabelako parte hartu. Neu be beti ibilten naz zalantzan aurkeztu ala ez, egun txarrak izaten diralako ikasleontzat, baina oraingoan kantau beharra egoan, azken urtea izanda.
2.- Lehenengoz hartu dozu parte Eskualdeko Txapelketan. Gustura parau zara egindako beharragaz? Desbardintasunik igarri dozu?
M. A: Tentsinoa handiagoa izan da eta saioak askoz gorabeheratsuagoak izan ziran. Kanporaketan ez nintzan lar pozik geratu nire buruagaz eta finalean sorpresa handia hartu neban. Puntuetan beherago geratuko nintzala pentsau neban, baina aurrera paseteak kriston poza emon eustan. Desbardintasuna badau: mailea igon egiten da, tentsinoa be bai, bertso-lagunak norbera baino zaharragoak dira... eta, batez be, jenteak beste era baten hartzen ditu norberaren bertsoak.
N. I: Gitxitan egon naz horren artega bertso-saio baten aurretik eta, klaro, nerbio horreek trankiltzea eta lan ona egitea ez da erraza izaten. Beti esan izan deuskue urduritasun puntu bat beharrezkoa dala oholtzara igoteko eta ganoraz kantetako, agurra bota ostean dana pasetan dala... eta holan pasau izan jat beti Eskualdekoan kantau arte: azken agurrean be dardarka jarraitzen neban oraindino. Halanda be, orokorrean, azterketa-garaian eta gehiegi entrenau barik egiteko, espero nebana egin nebala uste dot. Desbardintasuna igarri dot; horixe bai! Segurutik, 'Eskualdeko Txapelketa irakurte hutsagaz bildurtu nintzan edo gazteena nintzala ikustean edo Ondarroako Kafe Antzokian zala entzutean... baina pozten naz dana ondo joan zalako.
3.- Ze esperantza daukazu Euskal Herriko Eskolarteko Txapelketarako? Eta Bizkaiko Txapelketako hurrengo faserako?
M. A: Euskal Herrikoan ahalik eta ondoen kantau gura neuke. Batez be, nire buruagaz gustura sentiduteko eta jenteak gozetako. Lasai joatea espero dot. Bizkaikoa beste gauza bat da eta badakit oso-oso-oso nerbiosa parauko nazena. Orduan, nerbio horreek kontrolau, eta ahalik eta saiorik onena egitea espero dot. Lehenengo pausua emonda daukagu, eta txapelketara sartzea nahiko sari dala uste dot. Euskal Herrikora ez dakit zergaitik, baina beti nahiko lasai eta pozik joaten naz, udea hur izateak txapelketako emoitzei inportantzia kenduko baleutso legez.
N. I: Aurten, Malenegaz joateak gehiago pozten nau, ganera! Gu lako bi neska bizkaitarrek gauza handiak egin leikiez eta ondo legoke aurten saria honantz ekartea. Bizkaikoan, barriz, nahiago dot oraindino gehiegi ez pentsau; badakit hor dagoala eta entrenau egin beharko dala, baina dana bere denporan. Saio txukunak egiten segidutea da nire asmoa, baina presino gehiegi egin barik eta ahal dan ondoen pasauaz.
4.- Udan bertsotan egiteko asmorik bai?
M. A: Beti egongo naz prest kantetako. Halanda ze, nonork gura badau, pozik joango naz kantetan… kar, kar. Saioren bat badago, egingo dot; pozik, ganera! Aurten saio batzuk euki dodaz urtean zehar. Ea udan be holan jarraitzen dogun. Bertso-udalekuetara be banoa begirale eta hor be egin beharko dogu zeozer.
N. I: Parrandan goizalderantz botatako bertsoak be tartean badagoz, bai, seguruenik egingo dot. Saioren bat edo beste atara ezkero, animauko naz, klaro; bestela, irailean gehiago kostetan da barriro martxea hartzea, eta Bizkaikoa urrian hasita... Ahaleginduko naz alboan ez lagaten, baina lehen esan dodan moduan, selektibidade osteko udeak be berea merezidu dau eta ez neuke nahi danak bertsoaren inguruan bueltak emotea be, hondartza, deskantsua edo eguzkia moduko berbakaz errimetan dauen uda bat pasau nahi dot-eta.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!