'Boli bili boli', Juan Kruz Igerabideren olerkietan oinarritutako txotxongilo ikuskizunaren estreinaldia Tolosan

Bizkaie! 2012-06-13 12:29   Kulturea

Datorren barikuan, hilak 15, eskainiko da lehen aldiz Boli bili boli, Bilboko Pantzart konpainiak Santi Sos eta Topic zentroagaz alkarlanean produzidutako euskerazko umeentzako ikuskizuna.

Datorren barikuan, hilak 15, eskainiko da lehen aldiz Boli bili boli, Bilboko Pantzart konpainiak Santi Sos eta Topic zentroagaz alkarlanean produzidutako euskerazko umeentzako ikuskizuna.

Tolosako Topic aretoa esperimentu baten lekuko izango da barikuan, 18:30ean. Bilboko Pantzart konpainiak poesiaren molde klasikoak apurtuko ditu Santi Sos (Santiago Ortega) eta Topic Tolosako Nazinoarteko Txotxongilo Zentroko lan taldearen laguntzinoagaz. Juan Kruz Igerabideren umeentzako poema laburrak, zuzeneko musikea, mimikea eta fantasia buztartuz umeentzako ikuskizun hunkigarria eratu dabe: Boli bili boli. Elena Bezanillak zuzendutako lanak Nikaxita (Izaskun Fernández) eta Grigor (Santi Sos) izango ditu protagonista. Istorioen haria, barriz, aititaren koaderno zaharra izango da. Bertan topautako zeinu, marrazki, soinu eta pertsonaiek era guztietako pasadizoakaz harrituko ditue ikusleak.

Eszenatoki erdian aititaren garai bateko koadernoa egongo da. Ez da, ostera, ohiko liburuxkea. Marrazkiak, gauzak eta beste hamaika sorpresa gordeten ditu; guztiak Igerabideren olerkiakaz zerikusia dabenak. Nikaxita eta Grigorek lehen orrialdea zabaldu orduko hasiko da guztia. Ikuskizuna hiru eta sei urte bitarteko umeentzat danez, olerkiak laburrak eta edade horretako umeentzat egokiak dira, azaldu dau Bezanillak. Poema gehienak musikatuak izan dira Adrián García de los Ojos-ek lan honetarako berenberegi sortutako doinuakaz. Nikaxitak kantauko ditu. Izaskun Fernándezen ahots ozen eta gozoak berehala sorginduko ditu Topic-era hurreratzen diran ume eta gurasoak. Sos polifazetikoak biribilduko dau giroa zuzenean joko dituen instrumentuakaz: armonikea, sudur-txirulea, perkusinoa, egunero erabilten doguzan objektuak… Ez dira faltako ez umore printzak, ezta koreografiak be.

Poesia ez dalako atril aurrean testuak errezitetea bakarrik. Edozeinek dauka eskura, edozein baliabide erabiliz. Filosofia horregaz bat dator obrearen attrezzo xume eta berezia be.
Ia guztia papelez egindakoa dan arren, irudimena erabiliz landu baita. Horri fantasia gehituz, atmosfera magikoa sortuko da Igerabideren Hiru arkakuso, Gizaki aldrebesa, Belarri handi bat edota Bi txori ttiki bazkaltzen lako olerkiakaz. Adunako idazlearen bi ipuinen kontaketaz be gozau ahal izango da Boli bili boli obran. Ikuskizuna 35 bat minutu ingurukoa izango da.


Pantzart konpainia

Ume zein helduentzako antzezlanak egiten dituan konpainia da Pantzart. Euskal Inauterietako pertsonaiaren izena dauen taldeko kideek Bilbon garatzen ditue ikuskizunak. Euren lanaren oinarri dira herriko jaiak, bufoi eta boboak, erraldoiak, ipotxak eta munstroak, estilo desbardineko pailazoak… Inauterietako kultura komikoa eta herri-barrea (Bajtin) gure lanaren inspirazio iturri dira, azaldu dabe arduradunek.


Elena daPena

Nazinoarteko zein nazino mailako konpainia eta proiektuetan zuzendari, pedagogo eta eszenografo izan da Elena daPena (Elena Bezanillaren ezizena) Boli bili boliko zuzendari artistikoa. Besteak beste, Bread and Puppet (AEB), Dream Community (Taiwan), Central Saint Martins (Londres, Sevilla), Endanza, CAT, La Nave del Pasaje (Sevilla), Agerre Teatro, Trikipunk, Sebastopoleko Titiriteroak (Donostia)…

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu