Abian da Beldur Barik 2012

Bizkaie! 2012-06-11 14:21

Gaur, bagilak 11, astelehena, abiatuko da 2012ko Beldur Barik! programea, Hamaika jarrera, hamaika aukera! izenburupean. Lehenengo jarduerae ikus-entzunezko lehiaketea izango da, gazteen arteko hartu-emonetan balio positiboak sustatzea helburu dauena

Gaur, bagilak 11, astelehena, abiatuko da 2012ko Beldur Barik! programea, Hamaika jarrera, hamaika aukera! izenburupean. Lehenengo jarduerae ikus-entzunezko lehiaketea izango da, gazteen arteko hartu-emonetan balio positiboak sustatzea helburu dauena; zehatz esateko, errespetua, bardintasuna eta indarkeria sexistearen prebentzinoa sustatzea.

Aurten, irudi barri bategaz jatorku Beldur Barik: komikiaren estetikearen ukitua dauka irudi horrek, eta, irudi errealaren eta marrazkiaren bidez, eguneroko bizitzako hainbat egoeratan heroi modura agiri diran neska gazteak erakusten ditu.

Beldur Barik! urtez urteko programea gazteen artean indarkeria sexistearen prebentzinoa lantzeko asmoz sortu zan, 2009an, Eudelek bultzatuta eta bardintasunaren aldeko euskal udalen Berdinsarea sarearen ekimenez. Gaur egun, euskal erakunde guztien babesa dauka programeak: Emakunde, Eusko Jaurlaritzako Genero Indarkeriaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritza, eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundiak.

Ekimenagaz lankidetzan dabilz, gainera, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saila, Euskal Herriko Unibersidadeak (UPV/EHU) eta EITB.

Programearen barruan, sentsibilizazino eta zabalkunderako ekimenak bideratzen dira euskal ikastetxeetan eta Euskal Herriko Unibersidadean (UPV/EHU); era berean, aitatzekoa da Beldur Barik! Topaketea be, gazteentzako prestakuntza tailerrak, eztabaidak eta jarduera ludikoak batzen dituana.

Beldur Barik programa 2012. urte osoan garatuko da, honako 3 arlo honeen inguruan:

1. Adierazpen artistikoen ikus-entzunezko lehiaketea.

2. Tokian tokiko ekimenak, udaletan, eta jarduera globalak, hiru herrialdeetan, komikia ardatz hartuta.

3. Zemendiaren 25eko kanpainea (Emakumeakanako Indarkeriaren Kontrako Nazinoarteko Eguna) eta programearen itxierea, Beldur Barik 2012 Topaketan, zemendiaren 24an (zapatuan).

www.beldurbarik.org webgunea eta gizarte-sareak (Facebook, Twitter eta Tuenti) izango dira, aurten, programearen komunikazino bide nagusiak. Hain zuzen ere, honako eduki honeek landuko dira, besteak beste, bitarteko horreen bidez: intereseko gai bati buruzko atala, hilero, eztabaidea sustatzeko; alkarrizketak, lehiaketearen aurreko urteetako irabazleakaz; eta erreportajeak, bardintasunari edo nesken jabekuntzari loturik gazteek gauzatutako beste ekimen batzuei buruz.


Beldur Barik III. Lehiaketea

Beldur Barik! lehiaketea gazteei begira antolatzen da (12 eta 26 urte bitarteko gazteei begira). Hirugarren urtea da aurtengoa, eta aurreko deialdian 250 lanetik gora aurkeztu ziran; bistan da, beraz, arrakasta handia dauela eta urtez urte sendotzen doala.

- Lanen formatua: ikus-entzunezkoa (bideoak, argazkiak, musikea…), eta edozein diziplina artistiko erakusten dauena (jantzea, pinturea, performancea, antzerkia…). Banakoek egindako lanak nahiz talde, alkarte, ikastetxe edo ikasgeletan egindakoak aurkeztu ahal izango dira.

- Sailak: lehiaketan, bi sail bereizi dira: 12 eta 17 urte bitarteko gazteen saila, eta 18 eta 26 urte bitartekoena.

- Hiru sari: sail bakotxeko sari bi banatuko dira, 1.000 eurokoak. Ikus-entzunezkoen arloan adituak diran kideek eta erakundeetako ordezkariek osotutako epaimahai batek emongo dau sail horreen gaineko epai ofiziala (zemendiaren 16tik 19ra bitartean). Eta beste sari bat be izango da, 300 eurokoa, Beldur Barik programearen YouTubeko kanalaren bidez egingo dan herri-botazino bidez (zemendiaren 14ra bitartean) aukeratutako lanarentzat.

Saridunen izenak ezagutzera emoteko, zemendiaren 24a aukeratu da; hain zuzen be, egun horretan egingo da Beldur Barik Topaketea, urtero antolatzen dan jaialdia, eztabaidak, prestakuntza tailerrak eta jarduera ludikoak batzen dituana.

- Parte hartzeko epea: lanak aurkezteko epea urriaren 31ra arte egongo da zabalik. Proposamenak posta elektronikoz bialdu behar dira honako helbide honetara: jarrera@beldurbarik.org

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu